Hizkuntza bat, milaka istorio
DRIM film laburren jaialdia xumea eta berria da, baina kultura zinematografikoa sustatzea izan du helburu Strugako zinema-jaialdi gazte honek bigarren urte honetan, Mazedoniako hego-mendebaldeko hiri honetan.
Drim ibaiak poetikoki bustitzen ditu Strugako karrikak, eta Ohrid aintziran egunsentietan nahiz ilunsentietan fresko jotzen du haizeak, baita eguzkiak azala laztandu ere. Poeton zubitik igaro naiz, eta amets egiteko aukera izan dut; poeton parke batera iritsi naiz, non hiriko kultur etxea dagoen. Han izan da iragan asteburuan film laburren jaialdia, eta abandonatutako tokien argazki erakusketa batek harrera egiten digu, baita erakusketa horren egileak azalpenak eman ere, Goran Ristovskik. Abandonatutako gauzek amets egitera bultzatzen naute eta, hala, mundu hobe bat irudikatzera.
Antolakuntza xumea eta horizontala du zinema jaialdi gazte honek, baina hirian kultura sustatzeko asmoa ere bai. «Ametsen eta poesiaren hirian» nago, neure saltsan, poesia idazten. Bizitza amets hutsa izateaz gain, bizitza poesia da, eta nazioarteko istorio labur zinematografikoek amets egitera bultzatu naute.
Balkanetako hainbat film labur ikusteko aukera izan dut, hala nola Serbiako, Albaniako, Kroaziako eta Mazedoniako filmak. Hainbat hizkuntza eslaviar entzun ditut, ingelesezko azpitutuluekin, baina hizkuntza bakarraren magiak liluratu nau beste behin: zinemaren hizkuntzak.
Zinemaren hizkuntza bakarrak hitz egin du Strugako Drim Film Laburren Jaialdian, hamaika istorio kontatzeko, muga eta erlijio guztien gainetik; izan ere, muga eta erlijioen bitartez Balkanetako kulturaz busti naiz, eta niretzat ezusteko atsegina izan da zinema-jaialdi txiki honen berri jakitea, eta biziki eta bihotzez eskertzen dut antolatzaileen harrera beroa. Muga guztien gainetik euskal gizarteari helarazi nahi diot zinemaldi gazte ez-anbiziotsu honen berri, eta beharbada elkarlana bultzatu.