Iraia OIARZABAL
Kazetaria
IKUSMIRA

Beldurraren kaiola

Suak erabat kiskalitako bere gorputzak biziari eutsi ezinda hil zen joan den asteartean Yolanda Jaen. Astebete lehenago Iruñeko Kale Nagusiko bere etxean senarrak eragindako suteak utzi zuen hilzorian. Yolandak salatua zuen bere senarrarengandik jasaten zuen bortizkeria eta urruntze agindua ere ezarri zioten orain espetxean den gizonari. Babes neurriek huts egin zuten, beste behin.

Maguette Mbeugouk 25 urte eta bi alaba zituen. Indarkeria matxistaren biktima zen, hala salatu zuen berak birritan. Froga falta argudiatuz absolbitu zuten senarra; Maguette eta haren alabentzako ez zuten babes neurririk ezarri. Irailaren 24an labankadaz hil zuen bikotekideak Bilbon, alabak berarekin zeudela. Zenbat halako, emakumeok azaletik eta barrenetik kolpatzen gaituen egutegi beltzean.

Zuzenbidearen, sistema juridikoaren beraren eta indarkeria sexistaren biktimei bideratutako arreta zerbitzuen inguruan galdera ikurrak nagusitu dira azkenaldian. «Manadaren» kontrako epaiaren ondotik indarra hartu du eztabaidak, nahiz eta kezkarako arrazoiak aspalditik datozen. Bortxaketa haren inguruan gertatutakoaz justiziak egiten duen balorazioak biktima bera zein lekutan uzten du? Noren gain ezartzen du pisua? Ze mezu bidaltzen digute halako ebazpenek emakumeoi?

Datozen egunetan argitaratuko den elkarrizketa sailak galdera hauen inguruko hausnarketak dakartza orrialde hauetara. Emakumeen kontrako bortizkeriaren ardura emakumeon gain botatzeaz, babes sistemaren gabeziez edo gutxiespen soziala hedatu beharrean ikara induzitzeaz. Eta beldurraren kaiola hori liberatzeko beharrezko gizarte bultzadaz.