GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Lhotseren jaitsiera historikoa estatubatuarren eskutik

Joan den irailaren 30ean, Jim Morrisonek eta Hilaree Nelsonek laugarren zortzimilako garaiena eskiekin jaitsi zuten. Aukeratutako ibilbidea «Dream Line» edo mendiaren korridorea izan zen. Denera, eskiatzaileek 2.100 metroko desnibelari (45º-50º) egin zioten aurre.


Mendiak dituen adar guztietan bezala, zortzimilakoak eskiekin jaisteko jardunek aro ezberdinak izan dituzte. 80ko hamarraldia berezia izan zen oso; urrezko aroa, alegia. Izan ere, lehen aldiz lau zortzimilako eskiekin jaitsi zituzten: Gasherbrum I eta II, Shisha Pangma eta Cho Oyu. Ondoren, aktibitate horiek gorabeherak izan dituzte. Eta badirudi berriro ere indarra hartzen ari dela.

Hori diogu, besteak beste, azken hilabeteotan pare bat jaitsiera historiko izan direlako. Aurreko kronika batean aipatu genizuen Andrej Bargiel poloniarrak K2 mendiaren (8.611 m) lehen jaitsiera egin zuela. Udan izan zen. Iragan irailaren 30ean, berriz, Jim Morrison eta Hilaree Nelson estatubatuarrek Lhotseren (8.516 m) lehen jaitsiera erdietsi zuten. Beste bi talde Annapurnan eta Dhaulagirin saiatu dira, baina helburua ezin izan dute lortu.

Estatubatuarrek jaitsiera horretarako muturreko eskiatzaileentzat hain erakargarria den “Dream Line” edo mendiaren korridorea aukeratu zuten. Nepalen 13.30 zirenean, gailurra egin eta, eguraldi egonkorra baliatuz, jaitsierari ekin zioten.

Lan eskerga egin eta gero, Lhotseren bigarren kanpalekura (6.400 m) atseden hartzera heldu ziren. 17 orduko jarduna izan zen. Azpimarratzekoa da eskiatzaileok ez zutela rappelik egin, sokarik ez zutela erabili eta une oro eskiekin jaitsi zirela.

Horiek dira, beraz, Morrisonek eta Nelsonek eginiko jardueraren lerroburuak. Hurrengo lerrootan, berriz, bigarren protagonistak Lhotseren jaitsiera horretan izaniko eskarmentuaren berri emango digu.

Lehenik eta behin, Nelson aurkeztuko dugu. Nahiz eta ingurumari honetan ez den oso ezaguna, 45 urteko emakume horren eskarmentua zabala zein oparoa da. 2004an, adibidez, Lhotse eta Everest 24 orduko jardunean igotzea lortu zuen; bi zortzimilako egun batean igotzen zuen lehen neska izan zen. Gehiegi ez luzatzeko, Nelsonek honako mendi hauek eskiekin jaitsi ditu: Cho Oyu, Makalu, Papsura (India), Denali... Orain gutxi, berriz, Lhotse izan da. Denera, 2.100 metroko jaitsiera egin zuten. Aukeratutako korridorea 700 metro luze da, eta, eskiatzaile guztiek dioten modura, ezin duzu eroriko bat izan. Oro har, Lhotseren jaitsiera horrek 45-50 graduko pendiza du.

Nelsonek, berriz, honako hau gehitu nahi izan du: «Lhotseren korridore horri buruz asko entzun izan dut. Marra hori bakarra zein ikonikoa da. Lehen aldiz Lhotse igo nuenean ibilbide horren edertasunak harrapatu ninduen. Denaliren ‘Messner korridorea’ jaitsi eta gero erabaki nuen Lhotsera joan behar nuela; une egokia zela sentitu nuen».

Udaberrian ez bezala, bi eskiatzaileok Everesteko oinarrizko kanpalekua hutsik aurkitu zuten; Lhotse igotzeko kanpaleku bera erabiltzen da. Montzoiaren aurreko garaian milatik gora mendizale eta langile biltzen diren bitartean, udazkenean estatubatuarren taldea bakar-bakarrik egon da. Gai honen inguruan, Nelsonek dio egoera erabat aldatzen dela: «Bakarrik zaudenean, lan guztiak biderkatu egiten dira. Lehen helburua bigarren kanpalekura segurtasun guztiarekin heltzea da. Erronka handia izan zen; batez ere, Khumbuko izotz-jauzitik igarotzea. Lehen kanpalekura ondo iritsi ginen, baina bigarrenera gindoazela ez aurrera ez atzera geratu ginen. Nuptseren azpian ginen, eta elurrolde batekin egundoko ezustea izan genuen. Zorionez, lainoak desagertu eta bigarren kanpalekura onik iritsi ginen».

Jaitsiera garbia

Girora egokitzeko ohiko fasea bukatu bezain laster, estatubatuarrek igoerari ekin zioten. Berez, oxigeno artifiziala saihestu nahi zuten, baina, Nelsonek dioen bezala, maskarak jarri zituzten: «Hori 8.200 metrora izan zen; hain zuzen ere, korridorearen sarreran. Elurraren baldintzak asko aldatu ziren. Denbora gehiegi galtzen ari ginen. Ez nuen oxigenoa erabili nahi, baina erritmo horretan ez ginen gailurrera garaiz helduko. Horretaz gain, hurrengo egunetarako haizearen indarra indartu eta urriaren 12ra arte ez zen baretuko. Beste era batera esanda, irailaren 30a ‘E eguna’ zen. Iragarrita zegoen bezala, gailurra jo eta handik 45 minutura haizea zakartzen hasi zen. Tontorrean elur asko zegoen, eta han bertan eskiak jarri genituen. Eginiko igoera gogor horrengatik, biok ala biok oso urduri geunden. Argazkilariak eta mendiko bi langile xerpa gurekin ziren. Emozioa indarra hartzen hasi zen, eta lehen birak egiten hasi ginen»

Korridorean sartu bezain laster, bi protagonistok elkarren ondoan ziren; izan ere, jaitsiera guztiaren zatirik gogorrena zein arriskutsuena zen. Elurraren baldintzei dagokienez, Nelsonek dio aldakorrak izan zirela: «Une batzuetan gerriraino sartzen ginen; beste batzuetan, aldiz, geruza puskatu, oreka galdu, ia erori eta susto handia hartzen genuen. Baldintza horietan eskiatzea gogorra eta zaila izan zen oso. Korridorea amaitu eta ‘Lhotse face’ bezala ezaguna den paretan sartu ginen. Girora egokitzerakoan hirugarren kanpalekura arte heldu eta handik eskiekin jaitsi ginen. Beraz, zati hori ezaguna genuen. Gainera, aldats zabal horiek elurraren baldintzak irakurtzeko erraztasuna ematen dute. Nahiz eta aldapa tenteak ziren, hortik aurrera lasaitu, eta gozatu egin genuen».

Arrakastaren gakoetariko bat izan da bi estatubatuarrek montzoi aurreko garaia aukeratu ordez, ostekoan jardun zutela. Horrek esan nahi du askoz ere elur gehiago izan zutela: «Lhotse lehen aldiz igo nuenean udaberria zen, eta apenas zegoen elurrik. Lhotse eskiekin jaisten saiatu diren beste batzuk udaberrian izan dira. Gainera, urtaro horretan Lhotsek makina bat mendizaleren bisita jasotzen du, eta eskiatzaileontzat hori oso-oso arriskutsua da. Gure kasuan bakar-bakarrik geunden, eta eite hori gure alde egon da».

Lhotse igotzeko oxigeno artifiziala erabili bazuten ere, Nelsonek jaitsieran hartutako hainbat erabaki azpimarratu nahi izan ditu: «Maskara jartzea ez zen gure gustukoa izan, baina uste dut jaitsieran indarrean jarri genuen estiloa oso ona izan zela. Ez genuen rappelik egin, ez genuen soka gerrira lotu, eskiak ez genituen kendu... Kontuan hartu behar da jaitsieraren zatirik gogorrena korridorea dela. Oso hotza, tentea eta garaiera handian dago. Zati horretan bira bakoitzak egundoko garrantzia du. Muturreko garaieran eskiatzea oso zaila da. Oso mantso zoaz. Bira bat egin eta gelditu egiten zara. Estugunea amaitu ondoren, Jimek eta biok lauzpabost bira jarraian egiteko aukera izan genuen. Une zehatz horretan pozarren jarri ginen. Gainera, handik atera eta eguteran eskiatzen hasi ginen. Oraindik aldats pikoak zeuden, baina egoera asko aldatu zen. Hirugarren kanpalekura heldu ginenean, xerpa batek te bat prestatu, edan eta denbora galdu gabe bigarren kanpalekura abiatu ginen. Jakin badakit jaitsiera gogorra eta zaila izan dela; gainera, garaiera handian. Baina hori da gustatzen zaidana. Bestalde, esan behar dut erronka honetarako Jim eta biok asko entrenatu garela. Jimen kasuan, urte honetan hiru zortzimilako igo ditu».