NOV. 02 2018 ANTZERKIA Gaiztoetan gaiztoenak Arantzazu FERNANDEZ IGLESIAS Estibaliz Villa, Aiora Sedano eta Miriam K. Martxante aktoreek “emakume/errudun” binomioaz katarsia egiteko aukera eskaintzen digute “7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak” lanean. Atx Teatroaren ezaugarritzat jo ditzakegunak alboratu gabe (iluntasuna, groteskozaletasuna eta estetika gotikoa), umorez bustiriko antzezlana eratu dute. Eszenak erritmo biziaz lotzen dira segidan, patch work moduan. Noizbehinka pertsonaia xelebre bat azalduko zaigu eszena mozten. Orain dantza, gero kantak, geroxeago elkarrizketak oholtzaren erdian, aretorako mugan zein ikusleen aretoan bertan. Aurrera egiten dugun heinean, Evaren alaben zapalkuntza historikoari buruzko hariek istorioaren mamia osatzen dutela konturatzen gara. Horrela, absurdotzat daukaguna logikotzat jotzen dugu lanaren planteamenduan: «Dena konektatuta dago». Hiru atso lotsagabek mendekua nola osatzen duten ikusiko dugu “MacBeth”-eko hiru sorginak zein inauterietako fartsen atrebentziak gogora etortzen zaizkigun bitartean. Komikotasuna goibelduran ereiteko, gorputz eta ahotsaren erabileran sostengatzen den errekurtso zerrenda luzea baliatzen dira: imintzio deskoordinatuak zein hiperkoordinatuak, pailazoen ahots moldaketak, oihuak eta alarauak, mimoen aurpegiera bereziki esanguratsuak eta saltokarien jauziak, besteak beste. Horiei gehitu behar diegu aktoreek mintzaira zoroak bideratzeko duten trebetasuna: erantzunetan errepikapen zorrotzak eta aho batez taularatzen dituzten hitz jario hiperbolikoak, esate baterako. Baina, esanak esan, umorezko antzezpen tekniketan duten abilidadearen gainetik, nabarmendu nahiko genuke erlijio katolikoak emakumea betiko errudun bihurtzeari egiten zaion burla adimentsu, aske eta askatzailea. Azken horri jarraituz, honela entzun genuen igandeko aurre-estreinaldian: «Bekatua da bidea», «liberatu zaitezte».