Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Bakarka» ausartu da Ruper Ordorika disko berrian

Badira bizpahiru urte Ruper Ordorika oholtza gainera bere gitarrarekin igo eta bakarkako kontzertuak ematen hasi zenetik. «Ez nuen sekula uste ausartuko nintzenik halako emanaldiak ematera», baieztatu, eta entzuleen aurrean biluzik agertzea irakaspena izan dela esan du. Esperientzia horretatik sortu da «Bakarka», bere ibilbideko hamabi kanturen moldaketak biltzen dituen diskoa. «Iruditzen zait abesti batzuk beste norabait eraman ditudala», esan du.

Adorea behar da oholtza gainera gitarra soilarekin igotzeko. Eta esperientzia, aldiz, oholtza handiegi ez geratzeko. Bietatik bildu du Ruper Ordorikak musikagintza daramatzan urte luzeetan eta hargatik hasi zen, orain bizpahiru urte, bakarkako kontzertuak eskaintzen. Esperientzia aberasgarria izan zaiola dio, irakaspena ere izan dela, eta mira horretatik sortu du “Bakarka”, bere ahotsa eta gitarra soilik erabilita Elkar diskoetxearekin argitaratu duen disko berria, bere bakarkako ibilbideko hemeretzigarrena.

«Ez nuen sekula uste ausartuko nintzenik halako emanaldiak ematera», aitortu zuen abeslari oñatiarrak atzo goizean Donostiako Elkar dendan egin zuen aurkezpenean, eta diskoa osatzera bi arrazoik gidatu dutela azaldu zuen: batetik, bakarkako kontzertuetako esperientzian ikasitakoak biltzeko nahiak eta, bestetik, ingurukoen bultzadak. «Jende askok eskatu dit grabazio bat egiteko bakarrik», baieztatu zuen.

Zuzenekoei erreferentzia eginez, Ordorikak baieztatu zuen gitarra soilarekin oholtzara igotzean ohartu dela kantuek izan dezaketen indarra aldatu egiten dela: «Abesti batzuk ezkutatu egiten dira, eta beste batzuk dir-dir egiten dute. Abesti batzuekin, gertatu zait orain entzutea sortu nituenean entzun nahi nituen bezala».

Diskoa Azkarateko Mamia estudioetan eta Jonan Ordorika anaia gaztearen laguntzaz grabatu du, era anarkikoan. «Hasieran pentsatu nuen estudio handi batean eta entzuleekin grabatzea, baina azkenean gaur bi abesti grabatu, bihar lau… abesti pila bat bildu nituen», kontatu zuen, eta grabaketa horietan biluzik sentitu dela ere nabarmendu zuen: «Ez nuen uste horren zaila zenik, ispilu baten aurrean jartzen baituzu zeure burua». Zailena, baina, kantuen hautaketa izan dela ziurtatu zuen. «Kantuok asko ibili dira han eta hemen, jotzearen poderioz forma, tonua, tempoa… aldatu egin dira eta zailena izan da hamabi horietara iristea. LPak asko laguntzen zuen horretan, alde bakoitzeko hogei minutu soilik baitzenituen», egin zuen gogoeta.

Aukeraketarako, batetik abestiek izan duten garapena hartu du kontuan, «iruditzen baitzait abesti batzuk beste norabait eraman ditudala», eta, bestetik, hirugarren pertsonen ikuspuntua hartu du kontuan, «niretzat zaila baita gitarrarekin kantu bat jo eta zein mailatan dagoen asmatzea».

Hala, hamabi ale bildu ditu diskoan: “Herdoilarena”, “Ezbaieko gogoan”, “Banekien”, “Joan soseguz”, “Martin Larralde”, “Asmatzekorik ez”, “Fas fatum”, “Mundua biltzen duen oihartzuna”, “Lagunaren heriotza”, “Berandu dabiltza”, “Edertasunaz mintzo” eta “Ene begiek”.

Moldaketak badira ere, jatorrizkoekiko fideltasuna gordetzen ahalegindu dela zehaztu zuen Ordorikak, «baina nire modura. Tempoak, tonua… aldatu dira, baina kantua gailentzen da». Adibide modura, zuzenekoetan entzuleek esandakoa aipatu zuen: «Jendeari batzuetan iruditzen zaio lehenengo aldiz entzuten nauela, ez baitu sekula nire gitarra entzun. Kantuek badute pisua, eta moldatzerakoan formak baino gehiago arduratu nau sakonera jotzeak».

Disko berria esku artean, zuzenekoetan taldeko formatua eta bakarkakoa, biak uztartu nahiko lituzkeela ere aurreratu zuen. «Azaroan zehar emango ditut bakarka kontzertu batzuk, eta abenduan taldearekin Bilbon zuzeneko bat grabatzekotan gara. Taldearekin beste frekuentzia batean sartzen naiz, niretzat garrantzitsua da, eta bietan aritu nahi nuke», esan zuen.

Gaur bertan, esaterako, Zegaman izango da, eta 16an Zumarragan, bi kasuetan bakarkako formatuan.