NOV. 12 2018 Eskalada Ruben Diazek «Arroitaren zeharkaldia» sinatu du Eskalatzaile bilbotarrak Baltzolan dagoen zeharkaldiaren (8c+/9a) bertsio naturalaren errepikapena egin du. Joan den urriaren 27an lortu zuen. Andoni ARABAOLAZA Askotan ez du merezi geure zilborrari behin eta berriro begiratzeak. Baina batzuetan ez dago soberan. Eta hori “Arroitaren zeharkaldia”-ri gertatzen zaio. Dimako Baltzolan dago, eta 18 metro luze da; guztiak ala guztiak horizontalak. Eta hura egin duten guztiak ados jarri dira esaterakoan muturreko zailtasuna duela: 8c+/9a. Jakina, zeharkaldi horretan ez da soka gerrira lotzen, baina kirol eskaladako bide batekin alderatzen bada, espezialista horiek diote 9a+ dela. Hori ulertu ahal izateko, esan behar dugu, eskalada horizontala denez, kirol eskaladako bide batean ez bezala, seguruak ez direla txapatzen. Alabaina, bide batean jarduten den mentalitatearekin eskalatu behar da. Jakina denez, “Arroitaren zeharkaldia”-k gure ingurumarian sona handia du, baina, muturrekoa bada ere, badirudi atzerriko espezialistentzat ez dela “erakargarria”. Eta hori diogu estilo horretan oihartzun handiena duen zeharkaldia Australiako Grampiansetan dagoen “The Wheel of Live” (8c+, 60 mugimendu) delako. Irakurri bezala, Iker Arroitajauregik 1994. urtean sortutako zeharkaldia aipatutakoa baino gogorragoa da; antza denez, munduko zailena. Eta hori bera baieztatu du Baltzolako zeharkaldi hori sinatu berri duen laugarren eskalatzaileak. Ruben Diazi buruz hitz egiten ari gara: «Bere estiloan munduko zailena da, ‘The Wheel of Live’ baino gogorragoa. Gertatzen dena da Diman dagoela!». Bertsio naturala Eskalatzaile bilbotarraren iritzi gehiago jaso baino lehen, argitu behar dugu Diazek “Arroitaren zeharkaldia”-ren bertsio naturala egin berri duela. Bai, aipatu dugu duela 22 urte sortutako zeharkaldi horrek harri itsasi bat zuela. Hiru urte geroago, Rikar Otegik zeharkaldia egitea lortu zuen, eta kirol eskaladako bideen eskalan 9a zailtasuna proposatu zuen. Baina eskalada eboluzionatzen ari zen bitartean, eskalatzaile batzuk argi ikusten zuten zeharkaldi hori helduleku artifizial hori gabe igo behar zela; hots, era naturalean. Modu horretan lehena egiten Dani Andrada izan zen. 2006. urtea zen, eta ondoren beste hiru errepikapen iritsi dira: Iban Larrionena (2011), Iker Pourena (2016) eta Diazena (joan den urriaren 27an). Bilbotarrak ere argi du harri itsasi hori gabe eskalatu behar dela: «Nik 32 urte ditut, eta nire hastapenetan ukitu artifizialak oso ohikoak ziren: sikak, helduleku zizelkatuak... Baina urteen poderioz eta eginiko bidaietan ikasitakoarekin, argi geratu zitzaidan metodo horiek ez dutela era horretan funtzionatu behar». Eskalatzaile honek argi du Arroitajauregi zeharkaldi hori sortzean ameslaria izan zela, eta ikuskera izan zuela honakoa baieztatzeko: «Ikerrek argi zuen ‘zer egiten den’ baino garrantzi gehiago duela ‘nola egiten den’ xedeak. Ondoren, Andradak lezioa eman zigun, argituz ezinezkoa dena maila eta sasoiarekin gainditu daitekeela». Protagonistak “Arriotaren zeharkaldia” jatorrizko bertsioan egina zuen, baina jarduera hori beste modu batera ikusi zuen: «Era horretan egin eta gutxira ohartu nintzen gezurrezko eskalada bat zela, eta, berez, ez nuela egin. Iker Pouk kateatu zuenean, min hartuta nenbilen. Ikerren eskalada hori niretzat inflexio-puntua izan zen, eta zeharkaldiarekin erabat motibatu nintzen. Badakit marra hori ez dela ederrena, sinpatikoena eta argiena. Baina gehien gustatzen zaidana da. Garrantzi berezia du. Oso gustura jardun dudan ziklo bat amaitu da. Eta horrek pena ematen dit». LAUGARRENA Joan den urriaren 27an, Ruben Diazek Baltzolan dagoen «Arroitaren zeharkaldia» egin zuen. 18 metroko zeharkaldi horrek 8c+/9a zailtasuna du.