NOV. 17 2018 MIGRATZAILEENTZAKO ATERPEA BAIONAN Boluntarioak eta etorkinak orpoz orpo, Baionako Pausa harrera zentroan Baionatik Estatu frantseseko hiriburuetara doazen migratzaileei «urgentziazko laguntza» emateko ireki zen Pausa aterpea. Egunero iristen diren 100 etorkinei janaria, arropa zein arreta sanitario eta juridikoa emateko 200 laguntzaile baino gehiago ari dira lanean. Haritz LARRAÑAGA BAIONA Lehenik, ezkutuan zen errealitate bat azaleratu zen Baionako Euskaldunen plazan, ordura arte autobusa hartzeko zain zeuden migratzaileak hiriko bazterretan ezkutatuta egoten baitziren. Urrian, laguntzaileak arropa eta janaria ematen hasi ziren unean, arazoa begi bistakoa bilakatu zen, eta gaur migratzaileen oinarrizko beharrei erantzuteko harrera zentro bat martxan da. Elkarteen eskariei erantzunez, herriko etxeak eta Euskal Elkargoak lokal bat eskaini zuten Baionatik iragaten diren migratzaileei gutxieneko laguntza eskaintzeko eta sekulako mugimendua izaten da bertan. L’etape-Pausa-l’Estanquet Frantsesa, euskara eta okzitaniera biltzen dituen izena du Baionako Lesseps karrikan duela hiru aste ireki zuten aterpetxeak eta egunero 100 migratzaile inguru hartzen ditu. Atherbea elkarteari eman dio udalak datozen sei hilabeteetan lokala kudeatzeko eskumena. Lan horretarako hasieratik laguntzaile lanetan aritu diren 7 pertsona kontratatu ditu udalak, egun osoz lan egin dezaten, baina epea amaitu ostean zer gertatuko den oraindik ez dago argi. Aldiz, instituzioetatik jasotako laguntza eta harrera leku bat izatea ez da nahikoa, eta hori guztia koordinatzeko Diakite (lagundu zuten lehen etorkinaren izena) elkarteko 200 laguntzaile lanean ari dira. «Egunero 4 orduko 20 txanda bete behar dira, janaria eta arropak banatu, asistentzia juridikoa eman, badira erizain profesionalak ere, eta horrela, egunero 100 lagun behar dira», azaldu zuen Maite Etcheverry Diakiteko kideak. Baiona iragate lekua da, horregatik, Pausa aterpea ere epe laburreko egonaldietarako egokitu dute. Laguntzaile gehienak emazteak dira, eta horietako asko euskaldunak. Etorkinei dagokienez, gehiengoa gizonezkoak dira eta, salbuespenak salbuespen, gehienez hiru egun egon daitezke; hau da, beste norabait eramango dituen autobusa hartu bitartean ostatu hartzeko lekua da Baionako aterpea. Etengabeko mugimendua Tren geltokitik gertu, Zizpa gaztetxearen ondoan dago harrera zentroa. Bi solairuko eraikinaren barrualdean mugimendua etengabea da. Dutxetatik ateratzen den jendea, telefonoz mintzo direnak, goiko solairuko egongelan atseden hartzen ari direnak edo jantokian biltzen direnak, guztiak elkar gurutzatzen dira. Emazteek badute eremu propioa, elkar babesteko, atzealdean dagoen gela batean, eta han egoten dira denak pilatuta. Bazkaltzeko orduan ere pilaketak izaten dira, baina gainerakoan migratzaile guztiak sakabanatuta egoten dira. Kanpoaldean, Aturri ibaiaren ertzetako bankuetan une oro ikus daitezke solasean ari diren lagun taldeak eta leku estrategikoetan laguntzaileak ezartzen dira, bakoitza bere zereginetan. Migratzaileak ikusezin izateari utzi ziotenetik izan da beste aldaketa esanguratsu bat Baionan, Estatu frantseseko hiriburu nagusietara doazen autobusen irteera lekua tokiz aldatu baitute. Egun harrera zentroaren aitzinetik abiatzen dira Flixbus eta Ouibus konpainia pribatuetako ibilgailuak. Hain zuzen ere, zenbait autobus gidarirekin ere izan dira arazoak. Batzuek, horretarako eskumenik ez duten arren nortasun agiria eskatzen zieten bidaiariei eta etorkinek agiririk ez dutenez, kanpoan uzten zituzten. Horren aurrean Diakite elkarteko kideek autobus konpainiekin negoziatu zuten jarrera hori alboratu zezaten, baina Diakitek salatu duenez, «berriz hasi dira agiriak eskatzen». Deialdi efektuaren mamua Joan den astelehenean Baionan autobusa hartu zuten 17 lagun atxilotu zituen poliziak. Hortaz, «beldurra nabarmena da, Estatu frantsesak mugak ixtearen aldeko hautua egin nahi duela baitirudi» aitortu zuen Maite Etcheverry laguntzaileak. Laguntza emateagatik etorkin gehiago etorriko direla diotenei, berriz, honakoa erantzuten die Etcheverryk: «Euskaldunen Plazan ginenean etortzen zen kopuru bera da; orain ikusi egiten dira, baina lehen ere hor ziren, ez dira Afrikatik abiatu jakinez Baionan arroza jateko aukera izango zutela». HAUTATZEKO ORDUAMaite Etcheverry Diakite elkarteko kidearen iritziz, «eztabaida gizarteko maila guztietara zabaldu dela ikusten dugu, baita polizien artean ere, eta hautua egiteko momentua iritsi da, jendeak migranteak lagundu edo atxilotu nahi dituen erabaki behar du».