NOV. 17 2018 HAUR LITERATURA Gafea naizela esango dute Xabier ETXANIZ ERLE Nire ustez oso dibertigarria naiz, baina Belebeltz esaten didate denek, zorte edo adur txarrekoa naizela pentsatzen dutelako». Hitz horiekin ekiten dio Emilik, liburu honetako protagonistak, bere buruaren aurkezpenari eta, ondoren, hainbat kapitulutan egoera dibertigarri eta xelebre zenbait kontatzeari. Antton Kazabonek neska bizi eta irudimentsua aurkezten digu liburu honetan. Zortzi kapitulutan Emiliri jazotakoak edo berak sorrarazitako egoera bitxiak ikusiko ditugu; azterketan kopiatu nahi duenean, elurretan ziztu bizian jaistean lagunekin, onddoak harrapatzen ari zirenean nola ihes egin behar izan zieten basurde batzuei… kontua da Emilik eta haren lagunek beti irten behar dutela korrika, zerbait gertatzen zaiela, arazo edo konplikazioren bat dutela; eta, jakina, hori dena Emiliren erruz omen da. Irakurleak ikus dezakeen bezala, abenturaz edo pasadizo dibertigarriz osaturiko liburua egin du Kazabonek. Egitura ezberdinak erabili arren, beti espero dugu “zerbait” gertatzea eta Emiliren kuadrillako batek ondorioak jasan behar izatea; gorputza arantzaz betetzea sasi baten kontra joan delako, onddo guztiak galtzea korrika atera direlako, uretara erortzea bizikletatik hegan irten ondoren… baina hori gertatzen den bezala, badakigu ere amaieran protagonista guztien ezpainetatik –goiz edo berandu– irribarre edo barre algarak aterako direla. Ekintzaz osaturiko kontakizuna da “Emiliren desabenturak” hau, eta kapitulu laburren egiturak ere lagundu egiten du irakurketa arin eta erraza izaten. Narrazio gutxi eta elkarrizketa ugari daude; informazioa, askotan, protagonisten arteko elkarrizketez jasotzen dugu. Neska-mutikoen arteko elkarrizketa biziak dira, irakurketa errazten dutenak eta abenturetan aurrera egitera animatzen gaituztenak. Aipamen berezia merezi dute, bestalde, Jokin Mitxelenaren irudiek, zuri-beltzez eginak; kolore gorria bakarrik erabiltzen du Emiliren soinekoa markatzeko, protagonista guztien artean neskatoa bereiz dezagun. Mitxelenak, gainera, irudi landuak erabili ditu, komikiaren aire bat dutenak baina, batez ere, Sempe ilustratzaile ezaguna gogorarazi digutenak. Trazu itxuraz sinple horien atzean mugimendu, ilustrazio, informazio ugari eta, idazkeraren tonuarekin bat eginez, irudi umoretsuak ageri zaizkigu. Umorea delako, hain zuzen, liburu honen balioetako bat; irakurterraza eta irakurlearen irribarrea lortzen duen obra. Neska-mutikoen arteko ibilaldi, ateraldi, abentura ugari kontatzen dituen lana da; baina baita neska bizkor, ausart eta aurrera egiten duena erakusten digun obra. Emilik bere egunerokoa kontatzen digu, nola dibertitzen diren, nola istripu edo pasadizo xelebre batzuk jasaten dituzten… eta nola gafea dela esaten dioten arren berarekin egon nahi duten. «Berriro barrez hasi ginen (…) eta lagunak gustura. Autotxoketan nire kontura eta izozkia ere nire kontura. Gero, gafea naizela esango dute. Zuei ere hala iruditzen al zaizue?», galdetzen digu Emilik. Eta zalantzaren bat baldin bagenuen azken ataltxo bat, laburra, ia telegrafikoa, eskaintzen digu, opari gisa… «A, gauzatxo bat. Jokinek ere gafea naizela esaten dit behin eta berriz, baina gaur telefonoz deitu dit». Eta telefono deia ezagututa irakurleak ere, Emiliren lagunek bezala, barre egingo du. Berriro.