GARA Euskal Herriko egunkaria

Agosti Xaho 2018ko begiradatik marraztu du Asisko Urmenetak

Agusti Xahoren bizitzari eta batez ere Baionatik Lekunberrira egindako bidaiari erreparatu dio Asisko Urmeneta marrazkilariak. Liburua idatzi eta marrazteko orduan, egungo gazte zuberotarrak izan ditu gogoan, Xaho sortu eta bizi zen Atharratzeko etxean diren Prefosta elkartekoak bereziki. Elkarte honekin batera, Bilboko Erroak argitaletxeak eta Herrima eta Gure Berriak elkarteek burutu dute proiektua elkarlanean.


Bidaia horregatik, Xahoren garaian hasi eta egungo Zuberoan bukatzen du lana Asisko Urmenetak, «1834an abiatu eta Atharratzera 2018an heldurik, erakusteko bertan badela euskaldunik, badela jenderik eta ekintza interesgarririk 2018ko begiradarekin».

Bilboko Erroak argitaletxearekin elkarlanean, Herrima, Gure Berriak eta Zuberoako Prefosta elkarteak izan dira proiektu honetan murgildu direnak. Bilbon aurretik, “Gabriel Aresti. BioGrafikoa” plazaratu zuen Erroak argitaletxeak, eta Agustin Xahoren biografikoak “Aztihitza” palindromoa hartu du izenburu, eta liburuan bertan Asisko Urmeneta saiatu da hitzekin jolasten, eta beste palindromo eta hitz joko batzuk sortzen.

Bilboko Kafe Antzokian jendaurrean egindako aurkezpenean Asisko Urmenetak Agusti Xahok 1835ean idatzi eta kontatutako “Bidaia” ekarri zuen gogora.

Baionatik Sarara, gero Bera eta Lesakan barna, Goizueta, Ezkurra edota Uitzira bidean egindakoak kontatu, eta Karlistada garaian Xahok eta Zumalakarregik izandako bilkura nabarmendu zuen.

Bidaia horietako lekuak kontatzeaz gain, Asiskok denboran zehar ere egiten ditu jauzi eta joan-etorriak. Mende batzuk lehenagoko Oihenart gogora ekarriz, Anton Abadiari buruz mintzatuz, edota Jurgi Oteizak Zumalakarregiren eta Xahoren enkontruari buruz esandakoak gaineratuz. «Oteizaren aburuz, pentsamendua eta ekintza ordezkatzen dute Xahok eta Zumalakarregik elkarrekin», Asiskok gogoratu zuenez.

Urmenetak aurretik Arturo Kanpion edota film bilakatu zen Gartxot ekarri izan ditu komikietara. Oraingoan «euskaldunon heroi nazionala» berreskuratu eta gazteei erakutsi gura izan die. «Xahoenean diren gazte horiek ditut buruan, 2018ko ikuspegitik gure historian murgilduz». Eta Xahok orain arte gurean erakargarritasun eta arreta gutxiegi piztu duela kexu zen marrazkilari iruindarra. «Euskal Herri osoa agertzen den lehen mapa osatu zuen Xahok, ‘Uscal-Herrico Gaseta’ sortu zuen 1848an, euskaldunon independentzia aldarrikatzen du bere testuetan... baina ez da gure heroi nazionala sekula izan».

Kazetari, kantugile, aktibista eta feminista, gauza asko egin eta eragin zituela Xahok gogorarazi nahi izan zuen Urmenetak Bilboko agerraldian, eta errotuladore ezberdinekin marrazkiak eginez, modu atsegin eta erakargarrian kontatu zituen bertaratutakoen artean Xahoren ibilerak eta balentriak.

Agusti Xahoren irudien xerka ere aritu da marrazkilaria. Eta orain artean Xahotzat hartu izan dugun irudia, benetan Anton Abbadia dela ziurtatu zuen bere solasaldian. Asiskok azaldu duenez, «orain arte genuen irudi ikonikoa, Xaho ile luzearekin, kapela eskuan, Abbadiaren beraren erretratua da eta ez Xahorena. Berriz, aurkitu dugu Xahoren egiazko erretratua, Gavarnie ezizeneko batek egina». Izan ere, Le Peletier ostatuan ibili zen, Baudelaire, Berlioz eta Dumas ibiltzen ziren garaian.

Eta erretratu bana oparitu zien Bilbon Erroak argitaletxeari eta Herrima elkarteari, eta larunbatean Atharratzen egingo duen aurkezpenean Prefosta elkarteko kideei ere beste bat eskainiko die.

Xahoren ekarpenak gogoratzeko tenorean, euskararekiko kezkari buruzkoak aletu zituen Urmenetak. 1848. urtean «euskara bat baizik ez balitz, gure aberastasunean pobre» ginatekeela aitortu zuen, eta “Uskal-Herrico Gaseta”-ren lehen zenbakiko artikuluan, euskalki ezberdinei erreparatuz, nola idatzi beharko litzatekeen kezka agertzen du Xahok. Batuaren beharra ikusten zuen, Arantzazun euskara batua adostu baino mende eta erdi lehenago.

Horregatik, Asisko Urmenetak euskara batuan idatzi du “Aztihitza. Agosti Xahoren BioGrafikoa”. «Badakit honek eztabaida ere sor dezakeela, eta Etxahunen bertsoak ere batura ekarri ditut», gaineratu zuen, umore onean.

«Aitor eta Amagoia izenak asmatu zituen Xahok, eta Amaia edo Asier ekarri zituen Navarro Villosladaren laguna izan zen», gogorarazi zuen Urmenetak.