NOV. 22 2018 Esker 1000 dinamika Baionan abiatuko da 100 musikarirekin Euskal rocka omendu nahi du Esker 1000 dinamikak. 2019aren bukaeran Hego Euskal Herrian mila musikari elkartuko dituen kontzertura bidean, lehen urratsa Baionan izanen da larunbatean, hilaren 24an, Niko Etxarten inguruan 100 musikari bilduko dituen gaualdian. Last update: NOV. 22 2018 - 06:09h Idoia ERASO BAIONA Euskal Irratiek eta Musika Bulegoak elkarrekin Italian arrakasta handia bildu zuen Rockin’1000 desafiorako bidean jarri dute Euskal Herria, hau da, mila musikari bilduko dituen dinamika bat sortu nahi dute, eta denak bilduz kontzertua eman. Irrati federazioaren arduraduna den Ttitto Betvederren esanetan dinamikaren xedea hau da: «Euskal rockari, eta musikari orokorki, eskertu nahi diogu Euskal Herriko gizarteari ekarri diona». Heldu den urteko kontzertu erraldoirako gauza anitz dira oraindik argitzeko, tokia eta dataz gain, egitasmoaren oinarrian izanen den sorkuntza ere. Euskal rockak 40 urteotan sortu dituen hamaika kantu ezagunen bertsioak eginen dituzte. Mila musikarien taldea osatzeko audizioak martxoan abiatu ziren, eta jada 300 musikari inguru bildu dituzte. Gehienak, 180 inguru, Ipar Euskal Herrikoak dira, 100 bat Bidasoaren bestaldekoak eta azkenik 20 Akitania aldekoak. «Denei irekia da, profesionalak izan edo ez, baina kalitate minimoa bermatu behar dugu, horregatik bideoa igortzea eskatzen dugu», adierazi du Betvederrek. Baionako kontzertua 1979-2019 Euskal Rock kontzertua eginen da heldu den larunbatean Baionako Lauga gelan. 100 musikari ariko dira zuzenean, Niko Etxarten inguruan. Hitzorduaren izenburuak kantari zuberotarrak “Euskal rock’ n’ roll” kantua argitaratu zuen data du abiapuntutzat hartzen. Gaualdia Etxarten kontzertu batekin hasiko da, eta ondoren 100 kantariak bilduko dituen performance bat izanen da, non denek elkarrekin kantu mitikoa abestuko duten. Ondoren hainbat musikari ezagunek minikontzertuak eskainiko dituzte: Xabi Solano, Alex Sardui, Iker Lauroba, Xabi Camarero, Iholdi Beristain eta Watson & Lopetegi. Bakoitzak bere errepertorioko lau kantu hautatuko ditu, eta Esker 1000ko musika arduradunak diren Xabier Barrenetxea, Iban Larrenboure, Patrice Dumora eta Remy Gachisekin batera joko dituzte. TALDEA Mila musikarien taldea osatzeko hautaketa prozesua martxoan abiatu zen, eta jada 300 musikari inguru bildu dituzte.