NOV. 22 2018 IKUSMIRA Herenegungo hariak Amalur Artola Kazetaria Herenegun” programaz hausnarrean, oroitzapen bat etorri zait akordura. Institutuko lehen urtean izango zen. Karlistadak eskola liburuan. “Karlistak edo liberalak, ze izango zinatekete?”, batzuen edo besteen aldera lerratzera gonbidatu gintuen irakasleak, orokortasunean marraztu zituen lau ezaugarri emanda. Ikasleok, mutu. Nik, zer pentsatzen nuen baino, etxekoek zer erantzungo luketen nuen buruan. Ohartu gabe, ni ere haiek nintzela ari nintzen onartzen, iragana ere bagarela, oroitzapen propioek adinako pisua dutela oinordetzan jasoek. Eta gero dator galbahea. Artean, ezer gutxi genekien iraganaz. Gehienok beranduago ulertuko genuen zer izan ziren Karlistadak, 36ko gerra, frankismoa. Etxean galdetuta. Aurrekoen bizipenak kateatuta; amona okasio berezietarako gordetzen zuten txokolateari usain egin eta ogi hutsa janez, aitona bonbek utzitako zuloetan burua babesten. Hariak lotuz soilik uler daiteke oraina. “Hariak”. Izenburu apropos hori eman dio Yoseba Peñak hiru belaunaldi kateatuz osatu duen eleberriari. Familia baten erretratua, hiru emakumeren ahotsetik kontatua. Gerrako gosea. Bizilagun salatariak. Bandoz aldatzeak. Frankismoa. Fusilamenduak. Militantzia. Errepresioa. Hildakoak. Mina eta desasosegua belaunaldiz belaunaldi. Eta pentsatu dut zenbat familiatan isildu ote diren gerra garaiko kontuak, frankismokoak, ahanzturak zauriak itxiko zituelakoan, harien zamak denboran iraungo zuela konturatu gabe. Hariak lotzeak badu berea. Batez ere, norabide berean baino norabide ezberdinetan begiratzen badugu, bakoitzak bere haritik tiraka, mataza estutzen.