GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Mastodon.eus sare soziala


Atzo aurkeztu zen Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Mastodon.eus eskuragarri dago sarean. Sare sozial bat da, mundu mailako Mastodon sare sozialaren baitan sortua. Mastodon.eus, hortaz, instantzia bat da eta izaera propioa du: euskaraz mintzo da. Milaka instantzia daude Mastodon barruan. Eta kode irekikoa denez, instantziak sortzeko aukera beti dago irekia.

Esan daiteke Twitter gisako tresna bat dela, baina deszentralizatua. Twitter sare sozial zentralizatua da: instantzia bakarrekoa. Mastodon euren artean komunikatzen diren milaka instantziaz osatua dago. Sare sozial deszentralizatu eta federatua da Mastodon: hau da, banatua baina saretua.

Nahi duen orok sor dezake instantzia bat. Eta arau propioak ezarri. Mastodon.eus-eko erabiltzailea bazara, instantzia horretako edo beste edozein instantziatako erabiltzaileei jarrai diezaiekezu. Eta jarrai diezazukete. 500 karaktereko testuak idatz daitezke (toot-ak). Ohiko galderen atala oso txukuna da, interesa duenarentzat: https://labur.eus/sXhJl.

Mastodon.eus, hortaz, euskarazko sare sozial libre eta irekia da. Izaera propiokoa. Eta beste instantzia batzuekin komunikatzeko ahalmenarekin jaio dena. Gure datuak ustiatzetik bizi ez dena. Beti adierazi nahi izaten dut ideia berbera: teknologiak pertsonen eta jendarteen garapenera begira jarri behar direla. Kontua ez baita sare sozialak erabili edo ez erabiltzea, erabiltzekotan zein sare sozial erabili modu kontzientean erabakitzea baizik.

Mastodon pertsonen arteko komunikazioa lehen oinarri eta azken helburu duen sare soziala da. Komunitate zehatz batek sare sozialen eremuan dituen behar eta erronkei erantzutea ahalbidetzen du. Hau da, ikuspegi tekniko eta etikotik, gure hizkuntzaren eta herriaren beharretara egokitzeko bokazioa du. Eta berdin beste hizkuntza eta herriekin ere. Mastodon aniztasunerako teknologia libre bat baita. Horregatik da gure herriaren neurrikoa: txikitasun partikularrei bide ematen dien tresna libre handi bat delako.