NOV. 26 2018 EKOIZLEAK ETA EROSLEAK LOTU, ERREALITATEAK ALDATZEKO Moda osagarriak sortzen ditu Zocco Handmade proiektu sozialak. Bazterkeria arriskuan dauden Indiako eta Marokoko emakumeei laguntzen die formakuntza eta lana emanez. Hilabete honetan aipamen berezia jaso du X. Jóvenes Emprendedores Sociales sarietan. Maitane ALDANONDO Donostia Hainbat negoziok gizartea aldatzea dute helburu; bere alea ekartzea egoeraren bat aldatzeko. Halakoa da Zocco Handmade, June Arrieta donostiarraren proiektua. Saltzen dituen moda osagarriek egilearen eta eroslearen arteko haria izan nahi dute, eta horiek sortu dituzten Indiako zein Marokoko emakumeen errealitatea hobetu. Ahalegin hori hilaren 14an saritu zuen Universidad Europeak aipamen berezia emanez X. Jóvenes Emprendedores Sociales sariketan. Bide gorabeheratsua izan du egitasmoak. 2014an Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasten ari zirela abiarazi zuten Arrietak, Uxue Barrenetxea oiartzuarrak eta Maria Razquin iruindarrak. Marokotik ekarri zizkieten ehun batzuekin poltsak egiten eta saltzen hasi ziren. Handik hilabete pare batera hara joan ziren eta ezagututako bi errealitatek jardueraren asmoa birbideratu zuten. Batetik, artisauek oso irabazi urria zuten, eta bestetik, bertako emakumeek ez zuten ikasi edo lan egiteko aukerarik. Horiei erantzuna emateko asmoz, Marokoko hainbat elkarte, GKE eta proiektu ezagutu zituzten ekoizpen sare bat osatzeko. Hori izan zen sorburua, eta Indiara egindako ikasketa bidaian, hara zabaldu zuten egitasmoa. Azken urtean sendotu da ekimena. Iaz ondasun erkidego gisa eratu zuten Zocco Handmade eta sortzaileetatik Arrietak bakarrik jarraitzen du egun. Hain zuzen, proiektuaren laugarren urteurrena betetzen zen egunean jaso zuen Universidad Europearen aintzatespena. Erakundeak emandako astebeteko formakuntzan hainbat alorretako adituen jarraibideak bildu ditu negozioa hobetzeko. Halaber, perspektiba hartu, elkarlanerako harreman sarea osatu eta «indar handia» eman dion komunitatea eratu du beste ekintzaileekin. Hala ere, sarien gainetik, gizaki gisa eman diona eskertzen dio Arrietak Zocco Handmade-ri. «Oso gutxirekin zoriontsu izatea posible dela irakatsi dit; baita borrokarako eta neure burua gainditzeko indarra ere. Gainera, oso tolerantea bihurtu nau. Ados egon naiteke edo ez, baina ulertzen saiatzen naiz. Niretzat garrantzitsuena jendea ezagutzea eta haiekin konektatzea da». «Produktuen humanizazioa» Indian tindagai naturalekin margotutako kotoi organikoa eta sari birziklatuak erabiltzen dituzte poltsak nahiz koadernoak egiteko. Marokon, berriz, kilim alfonbrak, «ardi zoriontsuen artileaz eginak», landarez ondutako larruarekin batzen dituzte, gerrikoak, bizkar zorroak edota poltsak egiteko. Pieza bakoitzak bere istorioa biltzen duen txartel bat du, eroslea egilearekin lotzeko. Arrietaren hitzetan, «produktuen humanizazioa da. Egunero erosten ditugun gauzak ez dakigu nondik datozen, nork egin dituen, nola... Halakoez jabetzen bagara, gauza asko alda ditzakegu zer erosi erabakita». Internet bidez eros daitezke edo Euskal Herriko hainbat dendetan. Duela sei hilabete enpresei saltzen hasi ziren, bezero bakarrari salduta jende gehiagorengan eragin baitezakete. 7.000 poltsa baino gehiago saldu dituzte eta 24 emakume dira lantaldean. Asteazkenean Zocco Basics delakoak merkaturatuko dituzte, oinarrizko koloreak dituzten osagarriak, «horren ausartak ez direnei ere aukera emateko». Hurrengo pausoetako bat proiektua hona ekartzea da, genero indarkeria pairatu duten emakumeekin abiarazteko. Euskal Herrian hastea du lehentasun, baina Madrilen ere aukerak aztertzen ari dira. Atzerrian elkarteen bidez lan egiten dute hiru komunitaterekin. «Bakoitzeko arduraduna familiaz familia joaten da senarrekin hitz egitera, uler dezaten emazteak ere lan egin, etxeko ekonomian lagundu eta formakuntza jaso dezakeela», azaldu du Arrietak. Onartzen dutenek oinarrizko alfabetatzea, diseinua eta jantzigintza, nahiz marketin alorreko zenbait ezagutza jasoko dituzte. Amaitzean, Zocco Handmaden lan egiteko aukera dute, hala nahi badute. Orain, aukera berri bat garatzen hasiak dira: «Babes plataforma bat bilakatu eta programa amaitzean haiek autonomo izatea bestelako lanak egiteko edo ekiteko».