DEC. 03 2018 ZIRIKAZAN Erein, erein Josebe EGIA Euskaraldia gaur bukatuko da, Euskararen Nazioarteko Egunean. Hamaika egun hauetan, ibili gara gehiago edo gutxiago “ahobizi” eta “belarriprest” egunero garenok elkarri so eta hizketan, elkarrekin ondo erroturiko aje linguistikoak eraldatzeko ariketan, ohiko bizimodua euskarara ekartzearren, gehiagok ekar dezaten. Jakingo dugu laster zer eman duen, datuak eta esperientziak eta, baina gauza ziurra aldez aurretik dakigu, Amets Arzallusek esan bezala: biharkoa da garrantzitsuena, ondorengoa. Zenbatek eutsiko diogu, irmo-irmo, Euskaraldian gure egindako konpromisoari? Gauza bera pentsatu genuen feministok joan den martxoaren 9an. Izan ere, erraza da data seinalatu batean norberaren energia osoa kausa jakin bati eskaintzea, berdintsuekin batera, gainera; ez, ordea, gainerako egun guztietan, eta gehienetan bakarka, borroka eta aldarrikapen tinkoaren bide horretatik segitzea, edonon, edozeinen aurrean. Harrezkero joan diren 10 hiletan, baina, feminismoa besarkatu dutenak eta besarkatzen ari direnak, edo kontzientziatzen hasiak direlako horrek zer esan nahi duen ikasten saiatzen ari direnak, ez dira desagertu, ez dira urritu, eta mugimendua, orobat, martxoan bezain indartsu eta presente dago, are gehiago, esango nuke. Bada horretarako funtsezko gako bat: aurretik, azkeneko Martxoaren 8a baino lehen, aspalditik, milaka eta milaka eskuk egindako lan guztia, milaka eta milaka ahotsek ereindako berdintasunerako eta justiziarako hazi guztiak, egunero-egunero lantzen direnak. Gaztetxoak ginelarik, aitak «euskararen matraka» etengabea eman zigun nebari eta bioi, eta astuntzat jotzen genuen; hika erakusten ere saiatu zitzaigun, Bilbon («Zertarako, aita?!»), eta guk jaramonik ez gizonari (damu izan dut beti helduaroan). Gaztetxotan, amak «feminismoaren matraka» amaigabea eman zigun, eta obsesionatu samar zegoela pentsatzen genuen gure artean, esajeratu hutsa zela («Gure belaunaldian ez dago matxismorik, ama!»); helduaroan, sarri lotsatu izan naiz horregatik amaz lotsatu izanaz. Hazi bi horiek, gurasoek maitasun eta pazientzia mugagabeaz gugan erein zituztenak, loratuta, egun naizen emakumearen bereizgarri sendoak dira, ezinbestekoak eta suntsiezinak. Euskararen Nazioarteko Eguna eta Emakumeen Nazioarteko Eguna, niretzat, egunero dira. Bihar, bada, jarrai dezagun ereiten, ereiten, ereiten… egun batean ikusiko ditugu-eta fruituak, Euskal Herri euskaldun eta feministagoa egingo dutenak.