A. ARTOLA
DONOSTIA
53. DURANGOKO AZOKA

Historia garaikidea ulertzeko gakoak, GARAren standean

Normalizaziorako bidean norberak jarri behar du dagokion alorrean hondar alea eta GARAk kazetaritzaren ikuspuntutik landu ditu, beste behin ere, Euskal Herriko historia hurbila jorratzeko ezinbestekoak diren zenbait gako. Horren adibide dira aurten Durangoko Azokan jarriko duen standean –Artekale 31-32-33– bilduko dituen ekoizpenak eta horien artetik lau nabarmendu ditu Fermin Munarriz Astero argitaletxeko ordezkariak: Jokin Urainen “Amaren etxea”, Mertxe Aizpuruaren “Argala. El pensamiento en acción. Vida y escritos”, Iñaki Sotoren “ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa” eta Iñaki Egañaren “Armagabetzea. Euskal bidea”.

Aipamen berezia merezi duen lana da lehena, “Amaren etxea” (Astero argitaletxea). Espetxeko murruaren bi aldeak ezagutuak ditu Jokin Urainek, preso eta presoaren senide, biak izatea egokitu baitzaio, eta argitalpen berezi honetan sakabanaketa eta urrutiratzearen espetxe politikaren biktima zuzen diren senideen bizitzetan murgildu da. «Senideen ahotsak jasotzen ditu liburu honek», azaldu dute Astero argitaletxetik, «bizitzan ibilbide ezberdinak izan arren patu berberak batzen dituen gizonezko eta emakumezkoak, gazte eta nerabeak, heldu eta adintsuak dira ahostunak: maite kuttunen bat dute espetxean, etxetik ehunka kilometrora, eta senideak eta lagunak ere zigortzen dituen sakabanaketa eta urrutiratzearen espetxe politika krudelaren biktima bilakatzen ditu horrek», oroitarazi dute.

Ehun argazki ingururekin ilustratuta, memoria kolektiboa eraikitzeko ezinbestekoa den kontakizunak biltzen ditu argitalpenak. Durangon, euskaraz edota gaztelaniaz eskuratu ahalko da liburua, 25 euroren truke.

Primiziarik ere eramango du GARAk azokara: Mertxe Aizpuruaren “Argala. Pensamiento en acción. Vida y escritos” (Astero - Erroak bilduma). Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala atentatuan erail zutenetik 40 urte betetzen diren honetan, GARAko kazetariak haren biografia osatu du, militantzia politikoan lagun izan zituen eta gertutik ezagutu zuten hainbat kideren testigantzetatik abiatuta. Hainbat argazki ere biltzen ditu liburuak, baita Argalak idatzitako zenbait analisi eta testu politiko ere. Durangon 20 euroren truke eskuratu ahalko da ia 500 orrialdeko argitalpena, eta abenduan zehar kioskoetan ere egongo da eskuragarri.

Armagabetzea gertutik

ETAren armagabetzeari lotutako bi argitalpen ere eskuratu ahalko dira Durangon. Lehenak, Iñaki Soto GARAko zuzendariak ETAren zuzendaritzari egin zion azken elkarrizketaren transkripzio osoa irakurtzeko aukera ematen du.

2018ko maiatzaren 3a gure historian pisua duen datetariko bat da. Orduan iragarri zuen ETAk bere desegitea eta data hori baino apur bat lehenago erakundeko zuzendaritzak elkarrizketa eskaini zion Sotori. «Ia laurehun galdera egin zitzaizkion ETAren azken zuzendaritzari, galdetegi zabala, baita zehatza ere. ETA bere buruaz hitz egitera eta ispiluaren aurrean jartzea ere behartu zuten egindako galderek», ekarri dute gogora Asterotik. Argitaletxearen hitzetan, «Gernikako bonbardaketatik Arnagako Adierazpenera doan ziklo historikoaren nondik norakoez jabetzeko kazetaritza lana» da argitalpena. “ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa” (GARA-Txalaparta), euskaraz eta 20 euroren truke eskuratu ahalko da Durangon.

Kazetaritza lan bikaina egina du Iñaki Egañak ere “Armagabetzea. Euskal bidea” (GARA-Txalaparta-Mediabask) osatzeko. Sotori lekukoa hartuta, ETAren armagabetze prozesuari eta gizarte zibilaren parte-hartzeari buruzko kontakizun sakona osatua du, gertakizunak, aktoreak dokumentuak eta testuingurua finkatuz eta hogei testigantzatik gora bilduz: bake artisauak, nazioarteko eragileak, gobernu arduradunak, erakunde armatuaren ordezkariak... Eta, tartean, sekula argitara eman gabeko argazki eta dokumentuak ere biltzen ditu argitalpenak. Asteroko ordezkarien hitzetan, «euskal gatazkari heltzeko era aldatu zuen prozesu historikoari buruz, ikerketarik zehatzena» biltzen du agerkariak. Liburua euskaraz, gaztelaniaz edota frantsesez eskura daiteke, 20 euroren truke.