DEC. 09 2018 EIBARKO MERKATU PLAZA: ORAINA DESLAI, GEROA EZBAI Eibarko Merkatu Plazako baserritarrek hamaikagarren negua igaroko dute aurten doi-doi euritik babesten dituen estaldura kalamastra baten pean, aire zabalean. Errebaletik Rialtora mugitu zituzten 2007an; ordutik, hotzak eta ur filtrazioak pairatzen dituzte. Maddi TXINTXURRETA Orube huts batek ordezkatzen du orain lehen Errebalgo Merkatua zena; 1941ean eraiki zenetik, Eibarko baserritarren saltokia. 2008ko urtarrilean eraitsi zuten eraikina, eta berarekin batera hondoratu ziren orain hamarkada bat pasatxo arte poltsak bete barazki egunero erosketak egiten zituzten eibartarren joan-etorriak. Geldirik dagoen garabi batek koroatzen du ekonomia krisiak herriaren erdian utzitako arrastoa, handikeriaren hilerria. Errebalgo merkatuaren tokian “Errebal Center” merkataritza gunea eraikitzeko proiektuak etxegabetu zituen baserritarrak eta antzina Rialto zinema zegoen eraikinera mugitu, Bidebarrieta kalean. Eibarko Udaleko udalbatzak, PSEren gidaritzapeko gobernuko botoekin, Errebalgo orubearen salmenta onartu zuen 2007an, bertan Errebal Center sortzeko asmoz. SPV Eibar Boulevard enpresak hartu zuen proiektuaren lema eta bi urteko epea zuen bukatzeko. Udalak Rialtora mugitu zituen baserritarrak, behin-behinean, harik eta Errebalgo lanak bukatzean bertara itzuliko ziren arte. Baina 2009an, enpresa honen finantzazio arazoak zirela medio, proiektua bertan behera utzi zen. Udalak lursaila berrerosi zuen, eta behin-behineko aparkalekua egin zuen bertan. 2013an, Errebalgo etorkizunari buruz erabakitzeko parte-hartze prozesu bat jarri zuen martxan Udalak. Herritarrek merkataritza gunea baztertu zuten eta eraikin funtzioaniztun baten alde egin, baita proiektu berriarendako “Errebal Plazia” izena adostu ere. Dragados SAk hartu zuen proiektua bideratzeko ardura, eta 2017ko irailerako aparkaleku bat eta erabilera anitzeko gune bat egitera konprometitu zen. Alta, Udalak kontratua apurtu zuen, enpresak ez zituelako ezarritako epeak bete. Kontratuen sinatze eta etete ziklikoen nahaspilan, baserritarrak babesgabe geratu dira, Rialtoko Merkatu Plazaren baldintza kaxkarrei ahal bezala eusten eta Errebalera itzulera noiz izango den jakin gabe. «Eskuak lotuta» Neguan etorriko diren hotzen beldur ote den galdetuta, baserriko salgaien mostradorearen atzetik «eutsi beharko diogu» erantzun du emakume batek, gogaituta. Rialtoko Merkatu Plazan lanean ari diren guztiek berokia leporaino lotuta daramate. Paraleloan dauden mostradore luzeen gaineko estalpeek ez dute haizea pasatzea ekiditen eta euria egiten duenean ura pasatzen da azpitik, saltzaileen eta erosleen oinetaraino. Astelehenetik larunbaterako goizak ematen dituzte baserritarrek bertan, asko 07.00etan hasita. 30 baserritar ziren Rialtora mugitutako lehenengo urtean eta 17 besterik ez dira orain, eta gutxi dira 60 urte baino gutxiago dutenak. Andirao Eibarko merkatarien elkarteak 1.722 sinadura bildu zituen azaroaren 28an, San Andres eguna baino bi egun lehenago, baserritarrek pairatzen duten egoera salatu eta herriko arduradun politikoei bilera eskatzeko asmoz. «Sanandresetan dena oso ondo antolatzen da, barazkien katedrala bihurtzen da Eibar, baina urteko gainontzeko egunetan baldintza txarretan gaude. Ez dugu argazki bat nahi, eguneroko konponbide bat baizik», dio Angel Guisasola Andiraoko presidenteak. Errebalgo lanen etorkizuna zalantzagarria izaki, litekeena da baserritarrek oraindik urteak ematea Rialton. Horregatik, merkatuaren biziberritzeari lehentasuna ematea eskatu diete «talde politiko guztiei» Andiraotik. Baserritarren kokalekuko «goiko eta aurreko parteko estaldura ixtea», ur filtrazioak konpontzea eta baserritarrendako aparkalekuak gordetzea, besteak beste. Bestalde, baserritarrak kexatu dira Udalak debekatu egin duelako lokal barruko postu hutsak zabaltzea. Poliki-poliki barrualdean zeuden postu asko ixten joan dira. 2007an 15 postu zeuden guztira, egun, 4: dastaleku bat, aterkien denda bat eta bi arrandegi. Lehen sektorea udalbatzako ordezkarien utzikeria jasaten ari dela eta, horri egotzi dio Guisasolak merkatuaren egoera. «Eibar beti herri berritzailea izan da, baina baserri munduan eskuak lotuta ditugu. Baserritarrok sektorea berritzeaz hitz egiten dugunean, dena dira problemak. Zergatik utzi nahi dugu baserri mundua orain ehun urte bezala?», gaitzetsi du. «Aldaketak» nahi ditu Guisasolak ordezkatzen duen elkarteak, bai baserritarren aldetik eta bai Udalaren partetik. Baserritarrak «etsipenetik berrikuntzara» igaro behar direla dio. Bestalde, udalbatzaren partetik informazioa jasotzea «oso zaila» dela esan du, eta azaldu du datorren ostegunean bilkura bat izango dutela Errebalgo lanak onartuko diren edo ez erabakitzeko, eta horren aurretik baserritarrekin biltzea eskatzen die arduradunei. «Sinadurak entregatu eta gero erantzun azkar bat espero genuen, baina zain gaude. Susmoa daukagu bilera hori emango digutela proiektua onartuko den egunean, aldaketarik egiteko aukerarik ez denean izango», esplikatu du. Eibarren bi merkataritza mota bereizten dira nabarmen: «supermerkatu handiak eta baserritar txikiak», Guisasolak esan gisara. Eibartar asko «baserriko kalitatezko produktuen alde» egiten ari direla esan du, baina Rialtoko merkatuak El Corte Inglesen gerizpean jarraitzen du oraindik.