Maddi TXINTXURRETA
BERGARA
Interview
IñAKI ESPARZA
UNED-BERGARAKO ZUZENDARIA

«‘Online’ sistema askoz hobeto egokitzen da ikaslearen beharretara»

1962an jaioa, Iñaki Esparza EHUko Zuzenbide Prozesalean katedraduna eta Bergarako UNED (Espainiako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala) Ikastetxe Elkartuko zuzendaria da. 2010az geroztik da Bergarako zentroaren gidari.

Euskal Herrian urrutiko ikasketak eskaintzen dituen Unibertsitate bakarra da UNED. Madrilen du egoitza zentrala, eta Portugaleten, Gasteizen, Iruñean, Tuteran eta Bergaran hari lotutako Ikastetxe Elkartuak. UNED-Bergarako zuzendaria da Iñaki Esparza, eta bertan hartu gaitu, orain gutxi eraberritze lanak amaitu diren zentroan, Bergarako Errege Seminarioan.

Ehunka izan ziren 1976ko lehenengo ikasturte hartan, eta aurten, 1.600 ikasle inguruk eman dute izena titulazio ofizialetan. Bergarako hezkuntza zentroaren erradiografia egin du Esparzak.

1976an sortu zen Bergarako UNED Ikastetxe Elkartua. Nolakoak izan ziren hastapenak?

UNED bera Bergarako zentroa baino hiru urte lehenago sortu zen Madrilen. Jose Luis Elkoro jaunak [Bergarako alkatea orduan] horren berri izan zuen eta Bergarara ekartzeko heziketa zentro bat izan zitekeela pentsatu zuen. Horretan saiatu zen, orduko Aldundiko ahaldun nagusiarekin. Horren alde egin zuten apustu, eta lortu zuten. 1976an hasi zen UNED-Bergararen ibilbidea, eta duela bi urte 40 urte egin genituen.

Ez dira urte gutxi, baina kontuan hartuta eraikinaren historia, egia da trazabilitate bat egon dela, izan ere, azken 500 urteetan hemengo jarduera nagusia goi-mailako hezkuntza izan da. Hemendik pasatu diren ezagunenak Elhuyar anaiak dira, baina beste gipuzkoar ilustre asko ere izan dira.

Bederatzigarren urtea duzu zuzendaritzan. Zer aldaketa nabarmenduko zenituzke karguan eman duzun denboran?

Hasieran, zorte handia izan nuen, orduko zuzendariaren eskutik sartu nintzelako UNEDen, Juanjo Alvarezen eskutik hain zuzen. Denbora luzez informazioa eman zidan, trantsizio sakona izan zen.

Estatu mailan unibertsitate irakaskuntzan egon diren aldaketa guztiak kudeatu behar izan ditugu urte hauetan. Ni etorri nintzenean, Bolonia eredura moldatu behar izan ginen. Titulazio berriak ere ateratzen ditugu, adibidez, duela bi urte Kriminologiako gradua eskaintzen hasi ginen, eta seguruenik gehiago ere sortuko dira. Aldaketak beti daude.

Zerk desberdintzen du UNED Euskal Herriko gainontzeko unibertsitateetatik?

Gure lurraldean unibertsitate asko daude: Mondragon, Deusto, Tecnum, EHU. Horiek guztiak presentzialak dira, eta presentziala ez den bakarra gu gara. Batzuk jeneralistak dira, beste batzuk espezializatu egiten dira, baina guk gure beharra duten hiritarrak ditugu: klaseetara joateko urtean 1.800 ordu ez dituztenak eta unibertsitate presentzialaren erritmoan beren ikasketak burutzeko aukerarik ez dutenak. Behar hori beti egongo da.

Bestalde, guk bi atal ditugu. Batetik, ofiziala, hau da, Madrilgo Unibertsitateak ematen dituen titulazioen kudeaketa; graduak, graduondoak eta doktoretzak barne. Horretaz aparte gure titulu propioak ditugu, ofizialak ez direnak.

Gradu ofizialetan Madrilek agintzen du. Ez-araututako titulazioetan, berriz, tokikotasuna errespetatzea lortzen al duzue?

Titulazio propio gehiago eskaini nahi ditugu. Psikomotrizitatean, adibidez, Estatu mailako jarduera akademiko inportanteena hemen dago. Ez dakit tokikotasuna lortzen dugun edo ez, baina lortu dugu, urte asko jarraian titulazio hori eman eta gero, erreferente bihurtzea.

Bestalde, gure inguruan sumatzen ditugun beharrak ere lantzen ditugu. Lan-eskaintza publiko bat aurreikusten dugunean prestakuntza jakin bat eskaintzen dugu, 30 ordukoa, oposizioak prestatzeko. Aurtengo udan, adibidez, Erizaintza Kolegioarekin hitzarmen bat sinatu dugu.

Zeintzuk dira Bergarako zentroan arrakasta gehien duten graduak?

Klasiko batzuk badaude. Psikologia eta Zuzenbidea, adibidez. Hezkuntzak garai batean pisu handia zuen hemen, eta orain garrantzi hori berreskuratzen ari da.

Ikasleen profilaren araberakoa izaten da graduen hautaketa, eta gure ikasleen profila oso anitza da. Ikasle gazteak daude, baina baita helduak ere. Batzuek profesionalki jauzi bat emateko egiten dituzte ikasketak, eta, beste batzuek, aldiz, plazeragatik egiten dute, ez beharragatik. Horrelakorik ez dago presentzialetan, ez daude pentsatuta beraientzat. Hemengo ikasleen profila zabalagoa da.

Euskal Herriko gainontzeko unibertsitateak harremanak saretzeko aukera moduan ikusten dituzu edo konpetentzia dira?

Harremanak sortzea gauza positibo bezala ikusten dut, desberdinak garelako. EHUk titulazio ia guztiak ditu, Mondragon Unibertsitatea oso espezializatuta dago, Tecnum ere ingeniaritzan espezializatuta dago. Arazoa da dauden baliabideak ondo kudeatu behar direla, eta gure arteko koordinazioa landu behar dela. Horretan gabiltza. Indarrak uztartzen baditugu, denon artean aseko genituzke beste modu batera ase ezin diren behar batzuk. Gobernuaren buruan aspaldidanik dago baliabideak koordinatzea.

Guk beti eskaini dugu gure burua horretarako, eta orain, eraikin berriarekin, hori errazagoa da. Unibertsitateen arteko lankidetza Gobernuak gidatu behar lukeela uste dut. Ez bakarrik unibertsitateen artekoa; ikerketa zentroak behar ditugu, baita enpresak ere. Harremanak eratzeko elementu guztiak daude, batzuk jada koordinatuta eta beste batzuk badute koordinazio hori hobetzeko tartea. Baina nik uste dut hori egitea Gobernuari dagokiola.

Duela bi urtetik Lakua zuzendaritza batzordeko kide da. Zer aldaketa ekarri ditu horrek?

Zuzendaritza batzordeko bileretara agertzen dira Gobernuko ordezkariak, harreman hori oso normalizatua egon izan da beti, baina Gobernua ez da patronatuko kide oraindik. Hala ere, beraiek horretarako borondatea adierazi dute, eta orain patronatuan daudenak ados daude horrekin. Gauzatzea falta zaigu.

Gertatu dena da Pedro Sanchez Gobernuan sartu zenean UNEDeko errektoreari Estatuko Idazkari postu bat eskaini ziola. Honek eskaintzari baietz esan zion, eta horrek suposatzen du UNEDen hauteskundeak egin behar direla. Ezin dugu egoera hori aprobetxatu patronatuan aldaketak egiteko, gauzak egonkor daudenean emango dugu urratsa. Lotura instituzional bat eta lotura juridiko bat daudenean, interlokuzioa errazten da. Gobernua patronatuaren kide izateak elkarren arteko lankidetza erraztuko du.

Teknologia berriak ezinbestekoak dituzue, «online» eredua aplikatzen baituzue. Nola txertatzen dira metodologian?

Gure klaseak sarean zintzilikatzen ditugu, eta ikasle batek gauean ikusiko du klase hori, beste batek goizean... Bakoitzak ahal duenean jarraitzen ditu klaseak, eta behin eta berriro ikus ditzake gainera. Norberaren beharretara askoz hobeto egokitzen da online sistema sistema presentziala baino. Ni irakaslea naiz EHUn eta tutoretza presentzialetara ez dator inor.

Gurean, eskola presentzialak oso neurtuak dira, gure espiritua ez delako hori. Baina ulertzen dugu zenbaitzuk lehenengo mailan laguntza behar izaten dutela, eta astean behin ikasgai bakoitzeko klase presentzialak eskaintzen ditugu. Bigarren mailan klase presentzialen kopurua murriztu egiten da, eta hirugarren eta laugarren mailatan apenas egiten dira. Baina, ulergarria da hasieran bultzada hori behar izatea.

Baina ez dut inongo zalantzarik: online eredua oraindik ere asko garatuko da. Gero eta zailagoa izango da unibertsitate presentzialetan orain duten aurrez aurreko eskolen metodoa mantentzea. Gainera, oraingo belaunaldientzat online tresneria erabiltzea ez da inondik ere arazo bat.

«Online» eredua ez al da, hein batean, inpertsonala?

Orain arropa telefono mugikorraren bitartez erosten dugu. Inpertsonala da? Erabat. Harreman pertsonala nahiago dutenentzat hor daude unibertsitate presentzialak, baina bestelako eredu hau nahiago dutenak gero eta gehiago izango dira.

Eraikineko lanak bukatu berri dira. Ziklo berri bat hasiko den seinale?

Iragan kurtsoa gogorra izan zen, lanengatik. Proiektuak arazo potolo batzuk izan ditu, eta arazo horiek hasieratik emandako epean eta eraikinean lanean geunden bitartean konpondu dira. Batzuetan oso zaila izan da: hotza pasatu dugu, zikinkeria pairatu dugu, hautsa, arriskua neurri batean ere bai. Lanak bukatuta, berrindartuta gaude.

Azpiegitura berriak garapen sakona ekarriko du. Irakaskuntzaren metodologiaren ikuspegitik, orain arte erabilitako metodo nagusia klase magistralak izan dira. Baina beste prestakuntza batzuek beste behar edo agertoki batzuk eskatzen zituzten. Orain ikasmahaiak ditugu, esku-oheak, borobilean ikasteko prestatuta dauden gelak... Agertokia izugarri malgutu dugu eta aukera desberdinak sortu. Orain lehen baino gaitasun gehiago ditugu.