DEC. 10 2018 53. DURANGOKO AZOKA Enpaztuta, agidanez Itzal baino argi gehiagorekin igaro da, gehiengoarentzat behintzat, aurtengo Durangoko Azoka. Musikari eta literaturari dagokionez, diskoetxe eta argitaletxe guztiak bat datoz esaterakoan 53. edizioan jende andana gerturatu dela Landakora eta salmentetan isla izan duela horrek guztiak. Erregularra izan delakoan daude gehienak. Ariane KAMIO durango Amaitu da. Azokak agurtu du bere ibilbideko azken urtea. Atzo, igandez, egin zuen azken jardunaldia urteroko hitzorduak eta balantzea egiteko garaia iritsi zen salmahai desberdinetara. Musika eta literatura. Orokorrean pozik egoteko moduan dira Euskal Herriko diskoetxe eta argitaletxe nagusienak. Aurreikuspenak –kazetari honen aburu orokorrean– gainditu egin dira eta aurreko urteetan baino jende gehiago azokaratu da. Azken denboran bada tendentzia bat gurpil zapaltzaile gisa funtzionatzen duena esaterakoan, beti, urtez urte, inoizko jendetzarik handiena batu dela Durangon. Anabasa horren artean zaila izaten da ikuspegi orokor bat izatea eta nork bere lekutik begiratu ohi du Azoka. Segun zer argitaletxe, segun zer diskoetxe, segun zer disko, segun zer liburu, Azokaren beste aldean dagoenarentzat –saltzailearentzat– aurreiritzia eta juzgua erabat desberdina izan daiteke. Kazetariokin gauza bera gertatzen da. Han aritzen gara, Goienkalen gora, eta Barrenkalen bera, bazka bila, editore, bisitari edo dena delakoaren buztanaren atzetik, zer harrapatu hura irentsi, eta berau eskaini irakurleari. Begirada adina talaia dituen Durangoko Azokan, bere 53. aldian inoizko jendetza batu dela esan daiteke. Asteazken xalo haren ondoren –nahiz eguerdira bitarte iritsitako ikasleek mukuru bete zuten Azoka–, ostegunean marea gora abiatu zen, ia erreakziorako denborarik gabe. Hura izan zen saltzaile guztien arabera egunik «potenteena», baina Azoka apenas jo du flakiak. Ostirala lan eguna izanagatik ere, bisitariak konstantzia mantendu zuen Azokan, kadentziari eutsi zion eta jardunaldia uste baino hobeto salbatu zen. Larunbatean berriro gora. Jendetza Landakon eta saltzaileak gustura. Igandea agur esateko eguna izaki, bada lasaitasunaren bila azokaratzen den liburugaixo eta musikagaixorik. Ondo baliatu zuten aukera atzo xede horrekin gerturatu zirenek. Lasaitasuna zen nagusi Landakon. Salduenak-edo Igandea iritsita stand bakoitzean pentsamendu berberaren lurrinak usaimen kolektiboan: nekea. Euskal kulturaren arnasgune garrantzitsua izanagatik ere, Azoka luze egiten da eta bost egunez lanean ari direnentzat akigarria suertatu ohi da. Lerrook idatzi bitartean laster hasiko dira denak gauzak jaso eta haien etxeetara itzultzen. Normaltasuna eta monotonia faltan sumatzen dira egunotan. Baina guztia batu aurretik, balantzea. Zein izan da aurtengoaren balorazio nagusia? Zeintzuk dira aurtengo liburu eta disko salduenak? Musikan geldialdia eginez gero, ia zalantza izpirik gabe Gatibuk izan du aurten arrakastaren giltzarria. Igandez, 10.40ean, Azoka zabaldu eta hamar minutu eskasera, dagoeneko ilara osatuta zegoen talde bizkaitarraren standaren aurrean. Ezin jakin Azoka nola amaituko zuen Alex Sarduik, baina agian agertoki gainean baino izerdi gehiago botatakoa izango da Landako iparraldeko bazterrean. Baina ez dira loriadun bakarrak izan. Haiengandik gertu egon den Hesian taldeak hasiera ona eman dio “Hasiera” diskoari. Haiek dira Baga-Biga diskoetxearen standean salduenak. Eta disko asko eta asko gaztetxo eta haurren artean saldu dituzte. Azokako egunetan hainbatetan izan dira taldekideak guraso eta umeekin argazkiak ateratzen. Lehen diskoak sinatzen ziren, orain argazkiak ere ateratzen dira. Galde diezaietela bestela Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu eta enparauei. Zerrendaburu bakarra ezin ukan, beraz, askotariko Azokan. Elkarrera bira. Mikel Laboaren diskografia osoa jasotzen duen kutxa agortuta zegoen atzo eta Ruper Ordorikak izandako harrerarekin gustura zen Anjel Valdes editorea. «Laboa agortu egin da Durangon eta Ruper oso ondo saldu da, nahiz eta disko sinplea izan, bera bakarrik gitarrak lagunduta». Valdesek balorazio positiboa egin zuen, baina beretzat garrantzitsuena ez da arrakasta, bizirauteko ahalmena baizik. «Hemen egon ahal izan dugu beste urte batez eta ea hurrengo urtean ere etortzeko aukerarik dugun. Hori da balio duena». Analisi apalagoa Patxi Goñik GOR diskoetxetik. Pozik jendetzarekin, pozik izandako harrerarekin. Destakatuenak, Xabi Bandini eta Leihotikan. Erosienen zerrendara goratu beharrekoak dira, halaber, Huntza, Esne Beltza eta Lisabö. Fakir Cano Eta diskoetatik liburuetara. Pamielan hasi da hari-muturra. Pello Elzaburu prest. Gustura jendearekin, gustura salmentekin. Berean, salduenak, Joseba Sarrionandiaren zigilua darama gaukari forman. Baina ez hori bakarrik, Irati Elorrieta eta Xamarrek ere osatu dute argitaletxearen kaxa zati bat. Haur literaturara bideratutako bildumei ere eman die garrantzia. Txalapartan “Altsasu. El caso Alsasua” liburuarekin jarraitzen dute temati. Pozik egoteko nahikoa arrazoi badute Aitor Agirrezabal eta Aritz Intxusta lankideek. Hura da standeko salduena, alde handiz. Gazte ugarik erosteaz gain, «hasi eta buka» irakurri dutela aitortu die haietako askok Jon Jimenez editoreari. Jose Mari Esparza, Belatz eta Joseba Asironenak ere batu ditu zerrendara. Katakraken baloraziorik ezin egin, Hedoi Etxartek kale. Haien parean izan dira bost egunetan Susakoak, eta, bide batez, haiengana norabidea. Leire –Lopez Ziluaga– ez da oraindik iritsi. Beranduxeago saiakera. Bitartean, bizilagun dituzten Igelakoengana. Xabier Olarra present. «Agatha Christiek oso harrera ona izan du eta Xukriren trilogiako azken aleak ere bai. Ondo jarriko didazu?», galdetu du. «Bakoitzak merezi duen neurrian…». Barre uzkur batekin doa agurra. Ereinera jauzia. Inazio Mujika Iraola salmahaiaren bestaldean. «Tarterik baduzu balantze bat egiteko?». «Noski». Baina biderik luzeena erabiliko du standetik ateratzeko. Beste muturrera doa, kontrakoan egunero errepikatu den #TotiKolak edo #Totilarak bere horretan jarraitzen baitu. Hura ere pozik iragandakoarekin. Ostiralean aipatu zuen jendea «amorruz» ikusten zuela, inoizko gogoarekin liburuak erosteko. Eta berretsi du bi egun lehenago esandakoa. Salduenen artean, Toti Martinez de Lezearenak; “Llanto en la tierra baldía” eleberria eta Nur sagako lan berriak. Matiza egin du. «Toti saltzen da originalean, gaztelerazko bertsioan, baina aldi berean euskarazkoa ateratzeak ere badu bere ondorioa eta jende askok erosi du itzulpena». Zerrendan zakuratu ditu, halaber, Jon Arretxe, Alaine Agirre eta Pako Aristi. Azokan atzera. Elkarren geldialdia. Alaitz Aizpuru berriro. Ez du argazkirik nahi. «Lasai, balorazioa besterik ez dut behar». Adeitsu hartu gaitu, oso. Positiboki agertu da Elkarreko editoreen koordinatzailea. «Durangoko Azoka garrantzitsua da euskal kulturaren sektorearentzat, baina bost egun hauez harago beste 360 egun ditugu aurretik eta ikusgarritasuna izatea garrantzitsua da». Azken saiakera Susan. Lopez Ziluaga standaren bestaldean da. Badator bazterrera. «Zer moduz Leire? Editore gisa egiten duzun lehenengo Azoka amaitzear da». «Oso gustura nago. Idazleekin egoteko aukera izan dugu, eta irakurleak ezagutu ahal izan ditut. Azokak aukera hori ematen digu». Salduenen artean, Fakir Cano. Hainbatetan begiak bildu ezinda egondakoa iltze-ohe baten gainean, su gar ugari irentsi eta jaurtitakoa, gasolina hasperen bat. «Zazpi urte igaro dira azken nobela argitaratu zuenetik eta nobedade garrantzitsua izan da berea». Eman beharrekoak eman ditu aurtengoan Azokak. Egin beharrekoak eginda, saldutakoak salduta eta erositakoak erosita, hartu du norbanakoak bere etxerako bidea. Kasik ezer gertatu ez balitz bezala. Luze egiten da bost eguneko lidia, oxigenazio konstantea, batzuetan hiperbentilazioa. Eta bai, noizbehinka normaltasunera eta monotoniara itzultzeak ere mesede egiten du, batez ere ateratako ondorioak gozoak badira. Hurrengo urtean gehiago. LITERATURAN Gatibuk adinako ilarak sortu ditu aurten (ere) Toti Martinez de Lezeak. Arrakastaz bizi izan dute Azoka, halaber, Harkaitz Canok, Joseba Sarrionandiak (Kubatik), Katixa Agirrek, Jon Arretxek eta Pako Aristik. MUSIKAN Gatibuk ilara sorta handiak izan ditu Azokako egunetan, eta, ikusgarritasunagatik, haiek dira salduenen zerrendako icebergean. Zaku berean dira, besteak beste, Hesian, Ruper Ordorika, Huntza, Lisabö eta Esne Beltza.