GARA Euskal Herriko egunkaria

Zubi esekiak 125 urtean bizitakoak kontatuko dizkigu

Intentzio onez betetako ekimen bat abiatu zen urrian Portugaleten. Herria mundu osoan ospetsu egin duen zubi esekiaren urteurrena ospatzeko, auzolanean eta euskaraz antzerki bat prestatzen hasi ziren orduan. Igandea izango da jendaurrean erakusteko eguna.


Portugaleteko zubi esekiak bere historian zehar ikusi dituen gertaera eta mugarri historikoak taularatuko dituen herri antzerkia egingo dute igandean, 18.00etan, Zubialde kiroldegian.

Iñaki Alcedo da parte hartuko duen herritarretako bat. Haren hitzetan, «125. urteurren honetan zubia pertsonalizatu dugu eta berak kontatuko digu urte horietan bizitakoa: gerrak, bonbardaketak, berreraikitzea, frankismoa, industrializazioa, migrazioak...».

Oholtza gainera igoko direnak, atrezzoa prestatzen ari direnak, musika jarriko dutenak eta antolakuntzan ibili direnak zenbatuta 340 izen zerrendatu dituzte. Herri mailan egindako sekulako lana izaten ari da. «Bi baldintza jarri genituen: alde batetik, euskara hutsez izan behar zela. Bestetik, auzolanean egin behar zela. Badaude hainbat talde kultural eta dantza taldeak, baina guk herritarren parte-hartzea nahi genuen. Talde horiek guztiak oinarrian izanik, jendea banaka apuntatu da, norbanako bezala. Ideia zen denon artean osatutako proiektu bat izatea», azpimarratu zuen Alcedok. Era berean, euskaraz izateari balioa eman nahi dio, Ezkerraldean euskararen osasuna ez delako onena, eta honelako ekimen batekin hizkuntzari ekarpen bat egitea dute xede.

Pastorala

Ekimenarekin batera, bestelako ekintzak prestatu dituzte. Tartean, Zuberoatik pastoraletan adituak diren hizlariak gonbidatu zituzten. Haiei kontatu zieten halako zerbait egiteko intentzioa zutela, eta hiru hilabete soilik izango dituztela entseguetarako, eta harritu egin ziren.

Obrak pastoralaren ezaugarriak izango baditu ere, uste dute genero hori Zuberoan bakarrik egiten dela, eta horregatik omenaldi bat bezala ikusten dute eurek ilusioz egindako lana.