Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

«Artaburu» bidearekin Iker Pou beste mugarri batgainditzeko gai izan da

41 urteko eskalatzaile gasteiztarrak dio Margalefen kateatu berri duen marra hori kirol eskaladan inoiz eginduen zailena dela. Alabaina, «Artaburu»-rentzat ez du proposamenik egin. Sei urteko lana eskatu dio.

Askotan aipatu izan dugu Iker Pouk Margalefeko bideekin harreman berezia duela. Hango marrek eskaintzen dituzten hatz bat edo biko heldulekuak maite ditu; izan ere, gasteiztarraren estiloarekin bat egin dute. Kataluniako eskola horretan, adibidez, orain arteko gradu gorena lortu du: 9a+. Hain zuzen ere, “Demencia senil” eta “Nit de bruixes”-ekin. Beste 9a+ badu ere, “Big men”, baina hori Mallorcan dago.

Hala ere, badirudi 41 urteko protagonista honek kirol eskaladako bere ibilbidean beste mugarri bat gainditu duela. Eta berriro ere Margalefen izan da. 2012. urtean ekipatutako “Artaburu” bidea kateatu berri du: «Bide horrek sei urteko lana eskatu dit. Onartu behar dut urte horietan guztietan ez dudala jarraian erabateko saiorik egin; besteak beste, tartean makina bat espedizio, bidaia eta lan egin baititut. Eta eite horrek, jakina, motibazioan eragin zuzena izan du».

“Artaburu” ekipatzeko hiru egun behar izan zituen, baina lan handiena eskatu zutenak pausoak ateratzeko lehen metodoak eta ondorengo sekuentziak izan ziren. Hala dio, bederen, Pouk.

Proposamenik ez

“Artaburu” bidearen ezaugarriei dagokienez, aurreratu behar dugu gasteiztarrak Margalefen orain arte egin dituen muturreko zailtasuneko marren izaera bera duela. Baina azken honek badu berezitasunik: «Sabai perfektu bat da; bueno, ez oso-osorik. Eta hori diot une jakin batean sabai horrek beheranzko norabidea hartzen duelako. Ez da oso luzea: 15-20 metro. Eta, jakina, heldulekuei dagokienez hatz bat eta biko heldulekuak nagusi dira. Eta horiekin guztiekin sabai handi bat zeharkatu behar da. Hasierako saioetan hori ikusi eta beldurtu nintzen. Oinak jartzeko lekuak gutxi daude, eta oso txarrak dira. Sabai batean eskalatzen ari zarenez, ia une oro oin horiek airean dituzu. Beraz, eskalada fisikoa da».

Arestian aipatu dugu, Pouk kirol eskaladan eginiko bide zailena izan daitekeela. Eta hori diogu “Artaburu”-ri ez diolako gradurik eman: «Inoiz egin dudan gogorrena da. Niri, bederen, lan handia eskatu dit, orain arte egin ditudan 9a+ gradukoak baino askoz ere gehiago. Baina gradu horretatik gora ez dut erreferentziarik, eta horregatik ez dut proposamenik egin. Nahiago dut itxaron hurrengo errepikatzaileek zer dioten. Esan dezakedan gauza bakarra da bide bikaina dela».