Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Meteoritoa

Verneren sumendi gogokoenaren berragerpen eta ondorengo tsunamiak oihartzuna izan dute mundu osoko hedabideetan. Gurean, neguko solstizioko ilargi betean, argi batek zerua zeharkatzea oraindik ere batzuen arreta erakartzen duen sinkronia da.

Farolak piztu eta zerua itzali aurreko gizakia mezua zein izan den asmatu nahian ibiliko zatekeen. Iturrozen «jin hakitala, Gauargia» esango zuten, ohitura zuten legez, pozik. Gauargia, farolen aurreko iturroztarrentzat jeinu ona baitzen. Zerua zeharkatutako argia Mari izango zen beste batzuentzat, Supelegorreko leizetik Aketegirako bidean, «zure distira dut maite Anbotoko erregina, zeru guztien gainetik hegan su egina».

Ataundar eta uzteitarrek, ordea, Sugar ikusiko zuten, Agamunda zein Kutzegorritik irtena, Balerdi edo Elortaldera bidean beteluarren esanetan, ohi zuen gisara, suzko igitai itxura harturik. Ekaitzaren mezularia izango zen batzuentzat, gurasoei obeditu ez izana zigortu ohi zuen jeinua, beste zenbaitentzat.

Farolen aurreko ezpeletarrek Herensuge deituko zioten gaueko zeru argiari. Bere zazpigarren burua osatu eta sutan hegan egingo zuen Itsasgorrietan urperatu arte, zarata bortitza eraginaz.

Bakoitzak bere aurrekoei entzundako azalpena emango zion zeruan ikusitakoari. Azalpen ezberdinak itxuraz, baina azalpen berbera sakonean. Ondoren, isilunea, eta bakoitzak bere barruan bilatuko zuen gertaera bitxiaren mezua. Guztiaz pentsatzeko tartea hartuko zuten, luze xamarra, agian, urteko egunik laburrenen arratsalde ilunetan.

Ez ziren ondorio zientifiko batera helduko. Ezta ondorio adostu batera ere. Baina tarte batez, gizakiaren eta bere ingurunearen arteko harremanaz pentsatzeko tartea hartuko zuten. Farolen gizartean mito bihurtu den zerbait.

Aitzitik, faroladunok badakigu Santo Tomas gaueko ilargi betean zerua zeharkatu zuen argia meteoritoa izan zela, ohiko gertaera astronomikoa dela eta berdin diola zein egunetan agertu den.