DEC. 27 2018 IKUSMIRA Makinak dira Beñat Zaldua Kazetaria Eli Whitneyk kotoia prozesatzeko makina iraultzaile bat asmatu zuen XVIII. mendean. Esklaboen bizitza hobetu zezakeen gailu berriak, baina kotoiaren merkatua handitu baino ez zuen egin, esklaboen kopurua bost aldiz biderkatzera iritsi arte. Aspalditik dakigu –jakin beharko genuke– asmakizun batek potentzial handia edukitzeak ez duela esan nahi bere garapenean aukera utopiko horiek erdietsiko dituenik. Tartean, izan ere, giza faktorea sartzen da. Gaur egun, teknologia berriak arazo askoren (guztien?) erremedio bezala aurkezten zaizkigu plaza batzuetan. Eta horretarako aukerak existitzen badira ere, gizatasunaren irudi oso onbera bat eduki behar da horrela gertatuko dela sinisteko. Teknologiak azkar aldatzen dira, baina lehengaiak –giza espeziea, kasu honetan– ez hainbeste. Ikusi bestela Txinako clickfarm edo klik haztegiak: milaka mugikor apalategi amaigabe batzuetan, ordenagailu gutxi batzuetara konektatuta, jetziak izateko prest. Konputagailu aurrean, XXI. mendeko baserritarrak, telefono horiek monitorizatzen, aplikazio bat edo webgune bat indartzeko norbaitek erositako klik horiek banatzen. Zenbat eta klik gehiago, are eta publizitate sarrera handiagoak. Sos gutxi batzuen truke txinatar batek milaka klik lortu ahal dizkizu. Bai negozioetan bai politikagintzan, teknologia berriak modu tranpati edo garbian erabil daitezke, baina beraien kabuz ez dute ez mundua konponduko ezta izorratuko ere. Erantzukizuna makinengan deskargatzea geure burua absolbitzeko lasterbidea baino ez da izaten. Edo Whitney-ren makinaren errua izan zen esklabotzaren biderkatzea?