DEC. 28 2018 JO PUNTUA Gezurra ari du Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Elurrik ez momentuz hasi berri den neguan, baina gezurrak, aldiz, gero eta maizago ikusi eta entzun ahal ditugu, leihotik begiratzerakoan, baita albistegietan ere. Fake news aroan bizi garen honetan, gaur bezalako egunetan, Inozente egunean, ohikoak ziren albiste bitxiak desagertzeko bidean egon daitezke. Izan ere, ez ditugu faltan botako, eguneroko ogia bilakatu baitzaizkigu gezurrezko albisteak. Ez, ez da aro digitalak asmatutako kontua. Lerro hauetako izenburua da froga. Lorea Agirrek “Egunkaria”-ren itxieraren kronika hala bataiatu zuen. Euskal Herriak, tamalez, fake albiste gehiegi pairatu izan ditu eta pairatzen jarraitzen du. Historia garaileek idazten dutelako akaso, eta horren arabera, Gernika gorriek erre zuten. Gidoi berberak dio Altsasun terrorismoa berpiztu zela gau batez eta jipoi magiko eta ia hilgarri baten ostean zauririk ez zegoela eta kolpeak zein odola alkandora txuri bat galarazteko gai ere ez zirela izan. Katalunian ere sobera daude abenduaren 28rako albiste faltsuak; zaila izan daiteke baten bat antzematea egunerokotasunean irakurri eta entzun behar dugunarekin. Ultraeskuinaren gorakadak ere zerikusi handia ei dauka gezurrezko albisteen biderkatzearekin, Brasilen hasi eta Andaluzian amaitu. Migratzaileen inguruan sortutako zurrumurruek Schrödinger etorkinez hitz egitera eraman gaituzte, non lana kentzen digun etorkin berbera gizarte laguntzetatik bizitzera etorritako alferrontzia den. Eta zer esan salaketa faltsuen mitoaz, emakumeen kontrako indarkeriagatik jarritako salaketa faltsuen ehunekoa hutsala dela onartzen bada ere, zein aitzakia ona bilakatzen ari den pentsamolde matxistak defendatzeko! Ezin ahaztu ere aurten espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren gaineko eztabaida berpiztu egin dela eta berarekin batera kriminalitatea eta zigorren gaineko uste okerren bilduma itzuli egin dela. Berdin dio egokitu zaigun Zigor Kodea Europako gogorrenetarikoa izatea eta kriminalitate tasa baxuenetarikoa. Gezurrak ez baitu logikarik behar funtzionatzeko, garaileak garaile izateko gerrarik behar ez duen bezala. Migratzaileen