A.G.
NBA

Seth Curryk bere anaia Stephen garaitu du

NBAko historian anaiak elkarrekin eta elkarren aurka sarritan aritu izan dira. Azken jardunaldian, esaterako, Seth Curryren Portland Trail Blazers nagusi izan zen Stephen Curryren Golden State Warriorsen etxean, 109-110, luzapenera 102na iritsita.

Partidako «heroia» Damian Lillard izan zen, Oregonekoek irabazteko behar zuten hirukoa sartu baitzuen bost segundoren faltan. Neurketako «gaiztoa» Kevin Durant izan zen, bestetik, azken segundoan egungo txapeldunei garaipena emango liekeen jaurtiketa –lau metrotik, erraza Durant bezalako jokalari batentzat– huts egin zuen-eta. Baina Curry anaiak ziren protagonista azken batean, Sethek Stepheni gaina hartzen zion aurreneko aldia izan baitzen neurketa hau. Berdin dio Stephenek 29 puntu sartu izana eta Sethek 11 baino ez; gerorako geratuko dena anaia txikiaren garaipena izan da-eta.

Sacramento nagusi

Sacramento Kingsek ere azken segundoko jaurtiketa izan zuen Los Angeles Lakersen aurkako deman. Joan den mendearen amaieran Kobre Bryant eta Shaquille O’Nealen Lakersek gorriak ikusi zituen Divac, Webber eta Stojakovicen Kingsen aurka, baina azkenean «horiak» nagusitu ohi ziren.

Baina azken partida honetan, ez. LeBron James gabe, Lonzo Ball eta Kyle Kuzmari esker 114-116 aurretik ziren Los Angelesekoak, baina Bogdan Bogdanovic serbiarrak azken jabetza amaitu aurretik hiruko luze askoa bota eta saskiratu zuen. «Geure etxean, geu nagusi!», esaten amaitu zuen Kaliforniako hiriburuko taldeko hegalekoak.

All about NBA