GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Neuretzat, zuontzat eta munduarentzat


Urtezahar gaueko festa batean izan nintzen duela gutxi, gogoz gera ez nendin, badaezpada, gaur asmo osoa baitut etxean goxo egotekoa, neuretarrekin ederki afaldu ostean. Gaur gauean emititzeko aurretik grabatzen diren horietako bat zen, baina ez ohikoen moldekoa, hain formal eta melengak, gizon-emakume ospetsu horiekin, beren ohiko rolean bai bata bai bestea, hain perfektuak kamerekiko irribarrean, solasean eta adeitasunean, beren azpiko ikusle denak emanak atrezzoa baino ez direla, telebistaz bestaldekooi zirrara kutsatzeko masa uniformea. Ez, festa hura ganberroagoa zen, formala eta homogeneoa eta perfektua eta gozoa ez beste muturrekoa, bizitza bera bezalakoa, alegia, eta han denetarikoak geunden, denok ere xede berarekin nahi beste topa egiteko: mundu mailako feminismoarentzat urte gogoangarria izan den 2018ari agur esan, eta, hain zuzen horregatik, aurrerantzean pitin bat ere erlaxatzeko asmorik gabe, munduko borroka feminista, arlo guztietan berdinzalea, are hedatuago eta sendoago finkatuko dugun 2019ri ongietorria eman. Halaxe egin genuen, eta Gabon zahar gaueko jaia izaki, inguruko kamerez erabat ahaztuta, ederki pasatu genuen kontzertu, zozketa, dantza-ikuskizun, mahats, trago eta “Urte berri on!” artean.

Alabaina, niri neuri arantzatxo bat geratu zitzaidan. Eman nezake ergel samarra hau uste izanda, edo hasiberri hutsa kameraz jositako munduan, baina zeharo gertagarria iruditzen zitzaidan uneren batean edo bestean bat-batean aurkezleetako batek mikrofonoa aho parean jartzea eta galdetzea: “Eta zer eskatuko diozu zuk urte berriari?”. Are ergelagoa emango dut orain; izan ere, kezkatuta ibili nintzen aurreko egunetan ataka horretan zer erantzungo nuen, mozola bat bezala mutu geratu barik: botako nituen bizpahiru berba neure bizimoduaren ikuspegi hertsitik; ihardetsiko nuen pare bat esaldi ondo egituratu eta lotuak, biribil-biribilak, mundu osoaren etorkizunari onena opa izateko; egingo nuen txantxaren bat, jator asko, festaren espiritu bihurria seriotasuna ekarrita ez zapuzteko…

Ezer ez, horixe bota nuen, inork galdetu ez zidalako. Hobe horrela, egiari zor, kontu asko baitut eskatzeko, are exijitzeko ere, bai neuretzat bai zuontzat bai munduarentzat, eta ez preseski 2019ari, urte-aldaketak berak bakarrik, geu-aldaketarik gabe, mirariak egingo balitu bezala… Gau hartako arantza hura, bada, hemen aterako dut astetik astera, zuon guztion konplizitatearekin.