A. G.
NBA

Milwaukee talderik onena da berriz ere

NBA ez da Liga Erregularreko erdira ere iritsi, baina Toronto Raptors eta Milwaukee Buckesen artean lehia polit askoa dute aurreneko postua nork lortuko. Ezagun da LeBron James azkenean Mendebaldeko Konferentziara joana dela –Lakersekin ari da– eta ez da erraza antzematen Ekialdeko zein taldek hartuko duen buruzagitza berria Cleveland Cavaliersen ordez. Mementoz, Milwaukee Bucks da Ekialdeko talderik indartsuena, Torontori aurrea hartu berritan.

Beste behin, Giannis Antetokounmporen itzalpean –31 puntu, 10 errebote eta 10 asistentzia hegaleko greziarrarentzat– Milwaukeek erraz samar irabazi du: 129-115 Brooklyn Netsen aurka. Lesioen erruz, Netsek ez zuen aukera larregirik izan Milwaukeeren erauntsia eteteko, batez ere aurreneko erdian, non hirukoz hiruko, gerorako baleko izango zitzaion aldea ireki baitzuen Milwaukeek. Alferrik sartu zituen Puerto Ricoko Shabazz Napier antolatzaileak 32 puntu, partida bigarren laurdeneko 42-29 partzialaren ostean erabakita geratu zen-eta.

Ekialdeko taldeei segika, Bostonek ere haginak erakutsi zituen Memphisen jokatu zuen partidan: 103-112 nagusitu ziren «berdeak» Grizzliesen aurka. Kyrie Irving antolatzaileak 26 puntu eta 13 asistentzia lortu zituen. Al Horford pibota eta Marcus Smart hegalekoaren lan apartari esker, nahikoa izan zen Celticsentzat.

Denver, Mendebaldeko buru

Nahiz eta Golden State Warriorsek baino partida bat gutxiago irabazi duen, Denver Nuggets da Mendebaldeko Konferentziako burua. Phoenix Suns Mendebaldeko azkenaren aurka 118-122 gailendu ziren Coloradokoak.

Deandre Ayton Phoenixen izar izateko papertxo guztiak dituen gazteak lana beltz eragin zien Nuggetseko jokalariei: 33 puntu eta 14 errebote lortu baitzituen, Devin Booker eskoltak 27 puntu eta 8 asistentzia lortu zituen bitartean. Alabaina, Denverrek bazuen nola erantzun: Jamal Murray antolatzaileak sekulako partida jokatu eta 46 puntura iritsi zen, Nikola Jokic pibotak 23 puntu, 8 errebote eta 9 asistentzia lortzen zituen bitartean.

Denverrek partida aurreneko laurdenean hautsi zuen, 16-36, eta handik aurrera eustea nahikoa izan zuten Mendebaldeko lidergoari eusteko, Warriorsek Portlandi 125-115 irabazi arren.

All about NBA