A. G.
NBA

James Hardenek jokoa jokalariei itzuli die

Houston Rockets taldeko izar James Hardenek ez du izaten epaileen lanagatik kexatzeko motiborik. Sarriegitan «NBAko bizarra» nola defenditu asmatu ezinik ibiltzen dira aurkariak, inguratu orduko falta adierazten baitiete epaileek. Hala ere, Houstoneko izarrak bazuen kexatzeko motiborik Golden State Warriorsen aurkako azken partidan, eta Hardenek berak luzapeneko azken segundoan garaipenaren hirukoa sartu izan ez balu, are eta motibo gehiago izango zituzkeen.

Texasko taldeak irabazi zuen 134-135, Hardenen 44 puntu, 15 asistentzia eta 10 erreboteei esker, hein handi batean. Aurrez, egungo txapeldunengandik 17 puntu atzetik ere ibili ziren –70-53 atsedenean–, Stephen Curryren 35 puntuekin eta Klay Thompsonek zein Durantek 26na puntu saskiratuta. Clint Capela suitzarrak –29 puntu eta 21 errebote!– eta Hardenek 119na berdindu zuten azkenean.

Polemika luzapeneko azken jokaldietan iritsi zen. Partida 132na zela, Draymond Green eta Durant ez ziren ondo konpondu eta baloia saskipeko marraz atzera zihoan, Durantek «erreskatatu» zuen arte. Kontua da Durantek baloia atera zuenerako jokalaria metro betean kantxatik kanpo zela, oin biek lurra ukitzen zutela. Ondorioz, Klay Thompsonek pasea jaso eta Stephen Curryk baloia saskiratu zuen.

Partida amaitzeko 22 segundo falta ziren, eta Hardenek hartu zuen baloia. Ordurako bederatzi hiruko sartu zituenez, partida irabaztera jokatu zuen hegalekoak. Green eta Thompsonen erditik hirukoa bota eta sartu zuen; jokoa, azken batean, ez baita epaileena, jokalariena baizik.

DeRozan nagusi Kahwirenean

Morborik bazen San Antonio Spurs eta Toronto Raptorsen arteko deman ere, Kahwi Leonard San Antoniotik Torontora atzeko atetik joan ostean. Txistuak entzun behar izan zituen Spursen izar ohiak, eta bere «ordezko» DeMar DeRozanek neurria hartu zion: Spurs 125-107 nagusitu zen, DeRozanek 21 puntu, 14 errebote eta 11 asistentzia lortuta.

Kostata, Denverrek ere Sacramento 113-117 gainditu zuen eta Mendebaldeko liderra da. Jamal Murrayk eta Nikola Jokicek 62 puntu lortu zituzten bien artean.

All about NBA