GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Liv Sansozek estiloarekin amaitu du Alpeetako 82 laumilakoen xedea

Urte eta erdiko lanaren ondoren, iazko irailaren 11n lortu zuen proiektua biribiltzea alpinista frantziarrak, Mont Blanc mendian.


«Duela urte batzuk, Alpeetako gailur batean nengoela, mendien edertasunarekin erabat txundituta geratu nintzen. Nire bizitza osoan mendiak eskalatzen jardun dut, eta une zehatz horretan nire bizitzaren erronka nagusietariko bati ekitea erabaki nuen. Joan den urtean amaitu nuen xedeak ‘Alpeetako 82 laumilakoak’ izena darama. Suitza, Italia eta Frantziako laumilako guztiak igotzea da helburua. Norberak bere erara egin dezake; horrekin esan nahi dut 82 mendiok bide arruntetatik igo ditzakezula edota marra teknikoetatik eta neguan. Nire kasuan estiloari eman diot garrantzia. Eskiatzailea eta alpinista naizenez, eta parapentean hegan egitea atsegin dudanez, argi neukan laumilako batzuetan eskiak erabiliko nituela, gailur batzuetatik parapentean salto egingo nuela eta bide tekniko batzuk eskalatuko nituela. Jakina, teleferikoak eta antzeko garraio artifizialak baztertu nituen. Ez, ordea, proiektua makina bat lagunekin partekatzeko aukera».

Adierazpen horiek Liv Sansozek egin dizkigu. Bueno, duela hilabete batzuk egin zizkigun, Alpeetako 82 laumilakoen xedea bukatu bezain laster. Baten batek esango du berandu datorrela albistea. Bai, baina “hutsegitea” konpondu dugu.

Alpinista frantziarrak 2017ko martxoaren 2an egin zituen lehen urratsak, eta, hainbat gorabeheraren ostean, joan den urteko irailaren 11n bukatu zuen erronka. Bezperan, 04.30ean, Peutereyko Aiguille Noire ikusgarriaren oinarrian den Borelliko aterpearen atea itxi zuen. Roger Schaeli kide suitzarra ondoan zuen. Peutereyko zeharkaldi integrala aurretik zuten: 2.000 metroko eskalada. Biharamunean, sona handia duen zeharkaldi hori atzean utzita, Mont Blanceko gailurrera heldu ziren. 14:30ak ziren. Parapentak zabaldu, eta hegan egin zuten.

Era horretara, Sansozek Alpeetako laumilako guztien helburua itxi zuen: «920 kilometro eta goranzko milaka metro desnibel egin ditut. Baina niretzat garrantzitsuena proiektu hau 22 kiderekin partekatzea izan da. Aldez aurretik prestatu behar nuen logistika zaila izango zela banekin, eta, era berean, erronka baten aurrean nengoela. Baina jaso dudan ‘saria’ irudikatzen nuena baino askoz ere aberasgarriagoa izan da. Espedizio handi bat izan da, eta hala bizi izan dut».

Jakina, Sansoz ez da Alpeetako 82 laumilakoen helburua patrikara eraman duen lehena, ezta gutxiagorik ere. Nahiz eta hori lortzen lehen emakumezko alpinista frantziarra izan, argi utzi digu “lerroburu” horren atzetik ez duela jardun. Hori onartu ondoren, beste honako hau gehitu digu: «Nire erara egin nahi nuen. Nire kide Ueli Steckek soilik 62 egun behar izan zituen. Neguan eta bakarka eginda, Patrick Berhault egitasmoa 82 egunean amaitzea saiatzen ari zenean zendu zen... Baina ni ez naiz Ueli Steck ezta Kilian Jornet ere. Ni neu naiz, eta nire estiloa indarrean jarri nahi nuen. Eta, jakina, eskarmentu hau nire lagunekin partekatu nahi nuen. Horrek poz handia eragin dit. Gainera, oso inportantea iruditzen zitzaidan laumilako horiek guztiak igotzeko soilik nire bi hankak erabiltzea. Eta beti haranetik hasita. Hori arazo izan zen gailur batzuk eskalatzeko, baina beste kasu batzuetan igoeraren esperientzia erabat aldatzen zen horregatik. Taktika oso egokia izan da; izan ere, mendi batzuk teleferikoak geldirik zeudenean eskalatu nituen, eta horrek ikuspegi eta giro askoz ere basatiagoak ezagutzeko aukera eman zidan».

Etenaldia

Arestian aipatu dugu, alpinista frantziarrari proiektuak urte eta erdiko lana eskatu zion. Steckekin alderatuta, gehiegizkoa iruditu daiteke. Baina protagonista berak aitortu digunez, une jakin batean etena egin behar izan zuen: «Izaera honetako erronka batean erresistentziak, pazientziak, eskarmentuak eta ondo prestatuta egoteak berebiziko garrantzia du. Proiektu hau topera prestatu nuen. Laumilako batzuk oso basatiak dira, eta jakin badakizu goi mendietan arrisku objektiboak hor daudela. Adibidez, nire 38. tontorra eskalatzen ari nintzela, Aletschorn mendia, ezkutatuko arrakala batean erori nintzen. Min hartzeaz gain, izozte txiki batzuk izan nituen. Ezbehar horrek etenaldia eskatu zidan, xedearen nondik norakoak markatuz».

Bestalde, alpinista frantziarrak onartu digu ibilbideak aukeratzea ez dela batere erraza izan; neguan ala udaran ezberdinak direlako: «Alpeetako 82 laumilakoen zerrenda antolatzen ari nintzenean, argi neukan aldez aurretik eginiko plan batzuk aldatu beharko nituela. Horregatik malgua behar nuen izan. Ibilbideen aukeraketa egiterakoan arau soil bat otu zitzaidan: neguan ohiko bideak igo eta udaran eskiak erabili eta bide teknikoagoak eskalatu. Adibide modura, Mont Maudit bide arruntetik igotzeak ez ninduen erakartzen, eta, horren ordez, Kuffner ertz estetikotik igo eta tontorretik parapentean hegan egin nuen. Lyskamm eta Monte Rosan dauden 4.000 metrotik gorako beste mendi batzuk ohiko bidetik igo nituen».

Aipatu dugu ere, iragan irailaren 11n, 14:30ean, heldu zela Mont Blancera. Atzean bere azken bi laumilakoak utzi zituen: Peutereyko Aiguille Blanche eta Grand Pilier d’Angle. Amaiera bikaina asko eskatu dion proiektu bat amaitzeko: «Roger eta biok Mont Blanceko gailurrera pozarren heldu ginen. Bi egun gogor izan ziren, baina nire kasuan zirkulua ixtea lortu nuen. Oso gutxigatik bada ere, parapentearekin salto egiteko aukera izan genuen. Oberlanden nire lehen urratsak egin nituen; Schreckhornen, alegia. Hori izan zen abiapuntua, eta horregatik da igotako 82 mendietatik nire faboritoetako bat. Aiguille Vertek ere guztiz harrapatu ninduen; mendi ikusgarria da. Eta duten edertasunarengatik beste hiru ere aukeratuko nituzke: Dent Blanche, Weisshorrn eta Matterhorn. Amaitu dut, bai, Alpeetako proiektu hau. Eta atzean kolore guztietako bizipenak utzi ditut: gogorrak, ederrak, bikainak... Zalantzarik gabe, merezi izan du. Oroitzapenak betiko gordeta ditut».