JAN. 07 2019 ZIRIKAZAN Txakurraren inbidiaz Josebe EGIA Benetan, batzuetan txakurrari begiratzen diot eta inbidia ematen dit, elikagaiak, beroa eta maitasuna ziurtatuta baititu, lasaitasun horrekin bizi da… Ez esan ez dela espeziez aldatu nahi izateko modukoa, geuk gizakiok, elikagai edota bero edota maitasun oinarrizkoak kolokan izan ohi ditugunok, zer esanik ez baikortasuna eta itxaropena. Izan ere, hain da erraza gure horietan pitzadurak sortzea, gero eta zabalagoak bihurtzea, sarri baita kolpe batean galtzea ere, besteak beste gaurkotasunari erreparatze soilaz. Surrealista da Espainiako Estatuan gertatzen ari dena: bat-batean, herenegun inolako esangurarik ez zuen alderdi politiko bat ezinbesteko baldintza jartzen ari zaio beste biri erkidego bateko gobernua osatu ahal izateko; gauzak horrela, bi horiek –bata gogotsu harekin mimetizatuz eta bestea jokaldia ondo atera dakion nondik jo oraindik oso ondo ez dakiela–, aintzat hartzen ari dira alderdi xantaiagilearen eskakizuna, are onartzen ere. Hala, egun batetik bestera, erroa eta eraikuntza kontuan hartuta honela izenda dadin azken hamarkadotan hainbeste kostatu den genero-indarkeria, indarkeria matxista, erabat desitxuratzen ari dira denen artean, oro har biolentziarekin nahasten, emakumeak eta gizonak eta aitona-amonak eta haurrak denak pareko jarriz, familia barruko indarkeria bat eta bakarra, bestelakorik ez, aldarrikatuz. Horixe da gaur nahitaezkoa berdin dio non gobernu bat eratzeko, alegia, lurraldeko emakume guztiak lehengo berariazko babesgabetasunera itzultzea; haien aukera-berdintasunerako neurri eta politika oro zanpatzea, haien arteko sareak desegitea; feminismo indartsu eta hedatua garai motz bateko oroitzapen hutsa bihurtzea, betiko itotzea. Finean, inongo alderdi ultraeskuindarrek, gizonezko faxistak buruan, ez ditu kontsideratu emakumeak pareko, berdin, baizik eta sexu indartsuaren grina oro asetzeko objektu, haren eskuen mendeko txotxongilo. Baina surrealista da, eta errealista ere bai, gertatzen ari denez gero, VOX (latinezko “ahots” barik violencia, odio, xenofobia hirukoteak hobeto erretratatzen du), herenegun garrantzirik gabeko lau katu, hortik hastea kentzen besteei garaipenik txikiena ere, besteen diskurtso-aldaketak, uko irmorik ezak, egunotako ebazpen judizial tamalgarrien erdian, gainera, hauxe besterik ez dakar eta: matxistentzako bazka, eta emakumeontzako askotariko arriskua. Nazkatuta, txakurrari begiratu eta inbidia eragiten dit, benetan, bere espezieak ez dizulako sekula huts egiten, zure sexua alde batera utzita.