JAN. 08 2019 IKUSMIRA Adinkeriaren Behatokia Maider Iantzi Kazetaria Amatxik, umeak zirela, zaharrei irriz aritzen zirela kontatzen zuen. «Eta orain, ni naiz zaharra!». Zahartzeak beldurtu izan nau, “Trading Ages” dokumentaleko protagonistak bezala. Bertan, esperimentu batean, bi gazte adinekoz janzten dituzte goizero, bost orduko makillaje saioarekin: zimurrak, ileorde grisa, begiei zahar itxura emateko eta guttiago ikusteko lentillak, hortz postizoak, arropa astuna... Hala, hilabetez adinekoen lekuan jartzen dira eta esperientzia grabatzen dute. Ikusezintasuna da deskribatzen duten lehen egoera. Lehen kasu egiten zieten pertsonek orain ez dituzte ikusten. Zakarkeria ere sufritzen dute, gazte itxura zutenean pairatzen ez zutena, adibidez autobusean sartzean billetearekin ordaintzean. Kutxatik dirua ateratzen ari direla eurak lapurtzen ere saiatzen dira. Adineko lagunak egiten dituzte eta haiek ezagututa ohartzen dira norbanakoak direla eta ez talde baten kideak. «Gauza errealez mintzo dira eta konturatzen naiz ez dudala euren esperientzia», adierazten du gazteetako batek, beraien jakinduria azpimarratuz. «Gazteak ikusten ditut beren barrenean eta ohartzen naiz zeinen garrantzitsuak diren harremanak zahartzean ere». Adinekoen zein irudi dugu? Eta nola aurkezten ditugu hedabideetan? Euren benetako aniztasuna erakusteko xedearekin, Adinkeriaren Behatokia sortu dute Gizadiberri, Bizkaiko Adinekoen Kontseilua, Bizkaiko Aldundia eta Deustuko Unibertsitatearen elkarlanez. Zenbait jardunaldi eginen dituzte asteon eta adinekoak eurei buruzko albiste estereotipatuak bilatzera gonbidatuko dituzte. Funtsezkoa iruditzen zait adinekoen barreneko gazteak ikusi eta aditzea.