JAN. 08 2019 JO PUNTUA Klase borroka Mikel Ibarguren Idazlea Sistema kapitalistaren piramidearen grafikoa ezaguna da. Goian zapaltzaileak daude eta behean, berriz, zapalduak. Jendarteko geruza ezberdinen artean ematen den tentsio edo antagonismoa adierazten duen klaseen arteko gatazka sozioekonomikoa edota eraldaketa sozial erradikalaren kontzeptu marxista hau ahaztuxe egon bada ere, indarra hartzen hasi da, batez ere Frantziako «jaka horien» mugimenduari esker. Mugimendu hau itotzeko asmoz Macronen gobernuak erabili duen biolentziaren gordina aipatu du aberatsen soziologian aditua den Monique Pinçon-Charlotek. Boteregabetuen edo zapalduen biolentzia bakarrik dela ikusgai dio, boteredunek bulegoetan hartzen dituzten erabakiek sortzen duten biolentzia ezkutua ez bezala. Aberatsen biolentziari buruzko liburu anitz idatzi dituen soziologoak argi dio bizitzeko lain ematen ez duen soldata txiki batek sortzen duen ondoeza ere biolentzia dela, drama asko baitago biolentzia ezkutu horren atzean. Klaseen arteko, aberatsen eta pobreen arteko egiazko gerra bat ematen ari dela dio, langileak zapalduak ez ezik, ezdeusak, parasitoak, alferrak, materia prima, katebegi produktiboak baino ez baitira boteredunen begietara. Hil arteraino kondenatuak diren langileek beren eskulanarekin mozkin milioidunak sortzen dituzten arren, zabor gisara hartuak baitira. Bide honetatik infernu globalizatu baterantz goazela esaten digu, urteetako borrokei esker lortu diren garaipen sozialen atzerapauso handi bat, hots deshumanizazio handi bat, suposatzen baitu. Demokraziaren heriotza da. Ez gaude oligarkiaren baitako ezker edo eskuin alternantzia klasikoan, boteredunen eta boteregabetuen arteko borrokan baizik. Oligarkiaren aurkako klase borroka ez da inoiz desagertu, baina azkenaldian indarberrituta datorren kontzeptua da errealitateak bultzaturik. Inoiz baino gehiago duintasunaren aldeko borroka da klase borrokarena, pixa egiten digutelako eta badakigulako ez dela euria. Aberatsen biolentziari buruzko liburu anitz idatzi dituen soziologoak argi dio bizitzeko lain ematen ez duen soldata txiki batek sortzen duen ondoeza ere biolentzia dela, drama asko baitago biolentzia ezkutu horren atzean