Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Pailazoak

Saiatzen naiz, zinez, astuna ez izaten, gaia aldatzen, baina oso zail jartzen ari zaizkigu beti feminismotik, beti emakumeon alde eta mesederako, bizi garenoi eta bizipen horretatik idazten dugunoi. Nahi nuke sorgor geratu politikariek esaten dituzten disparateak entzundakoan, pentsatuz inolako graziarik gabeko pailazoak edonon daudela, gogaikarriak, baina kalterik eragiteko ezgauza. Nahi nuke bestelako gauza polit eta alaiagoez mintzatu, garrantzia dutelako gure bizimoduetan, eta inportantea delako horiek eragiten edota aintzat hartzen trebatzea, gutxieneko zoriona izango eta banatuko badugu, behintzat. Baina ez dago modurik, politikaren eremuko pailazoak txanpiñoiak lez ugaritzen ari diren honetan, bata ez bada besteak lortuko baitu egundoko ezinegona eragitea gugan, alegia, zentzu-izpirik duen ororengan, grazia-izpirik ez baina badutelako kalte handia eragiteko gaitasuna, herritar bakan batzuk baino gehiago botoa eman diezaieten konbentzitu, lurraldean zehar hedatu eta haien helburuetako bat bakarra betez gero. Ez kalte txikia, gainera, baizik eta pertsonon arteko kategoria-mailak ezabatzera jo ez eta garai batekoak, beren diskriminazio, mespretxu eta injustizia guztiekin, ezartzera gogor egingo duena; pailazoen moral bihurriari komeni zaionean, hori bai, bestela gainerakoan denok izango gara berdinak legearen aurrean, denok babestuko gaituzte berdin: bai gizonak bai emakumeak bai animaliak –zezenak salbu, gizajoekin tematuta daude–.

Orratz batez sastatuko banindute, ez nuke odol-tantarik isuriko, honen izoztuta geratzen naiz-eta halakoak emakume baten ahotik entzuten ditudanean, bereziki. Emakume kirolaria bera, gainera, eta goi-mailakoa, nahitaez bizi izango zuena bere larruan emakume eta gizonezkoen tratuari dagokionez kirol-arloko agintzaileek praktikatzen duten paternalismoa, nagusi den desparekotasuna, zerbait okerragoa ez pentsatzearren… esan dezagun matxismoa, oro har, «mikro» esaten dieten horiez tinko josia, ez da-eta izango bera, txapeldun olinpiko askoa bada ere, andre kirolarien artean salbuespena. Zelako auzo-lotsa jauzien erreginak politikarako saltoa baliatzea bere agintzaile politiko gizonezkoek ere sekula desager ez dadin desiratzen duten patriarkatu pribilegioz beteari eusten laguntzeko. Horretan bai, horretan salbuespena dela esan nahiko nuke, baina argi dago emakumeon batasunak badituela libratzeko bataila ugari oraindik, eta etsaiak gero eta gertuago ez ezik, harrotuago ere bai.