JAN. 23 2019 JO PUNTUA Gehitu Fredi Paia Bertsolaria Fase terminalean dagoen gure eskualdeko euskalkian «geitu» esaten da ekialdean «deitu» dena esateko. Beraz, politikan legez, gehitzea eta deitzea gauza bera da. Alderdi politikoak, ezagutzen ditugun bezala, XIX. mendean pentsatu eta XX.ean egituratu ziren. Eta giza antolakundeen teoria ekonomikoak dioen lez, marxismoaren azpiegituraren kontzeptuari arrazoi emanez, XX. mendeko industria enpresen irudi eta hatsera egituratu ziren. Oraindik ere, salbuespenen bat kenduta, hala segitzen dute. Jendartearen arauetara egokituta eraginkortasunik ezagatik bideraezina dena, betiko iraunaraz lezake jarduera publikoak. Adibidez, fakultateko ikasleei orain ehun urteko enpresen antolakuntza zelakoa zen azaltzeko, adibide ezin hobeak dira alderdi, sindikatu eta elkarte gehienak. Finantziazio publikoak eta donazio ilunek iraunarazitako museoak dira, giza antolakuntzaren historiaren ikuspegitik. Telefono kabina erraldoiak Whatsapp aroan. Ondorioz, azken hamarkadan, burdinazko egituron herdoil zarata urrunetik entzun liteke. Bi estatuetako alderdi nagusietako militantziek bengalak jaurti dituzte, behin baino gehiagotan. Alderdiotako aginte organoek aurkeztutako hautagai guztiek galdu dituzte barne hauteskunde guztiak: PSOEn Diazek, PSFn Vallsek, PPn Cospedalek... Ahots kopurua gutxitzen duten metaketa prozesu guztiek huts egin dute. Junts per Sik zein Podemos eta Ezker Batuaren arteko batuketek ondorio negatiboak izan dituzte. Elkartuta, ahots kopurua murriztuta, gutxiago dira. Jendarte anitzak ahots ugari behar eta nahi ditu. Ondorioz, orain eskumako blokeak hiru ahotsekin lehen bakarrarekin baino indar handiagoa du. Errejonen jokaldiak Podemosen alderdi egitura ahuldu baina Madrileko ezkerra indartu lezake. Ahotsak dira egungo aktibo politikoak. Netflixen garaian gaude jaun-andreok, amaitu da publiko guztientzako programazioaren sasoia. Baita paper irakurtzaileena ere. Ideia berri propioak dituzten pertsonen garaia heldu da. Beldurgarria, ezta? Ahots kopurua gutxitzen duten metaketa prozesu guztiek huts egin dute