A. G.
NBA

Indianaren garaipen garratzena, Victor Oladipo galtzeagatik

Porrot gozorik badela diote zenbaitek, baina egiaz existitzen dena garaipen garratza da. Indiana Pacers-eko kideek ongi asko dakite hori, min hartutako jokalari bat eta bi baino gehiago dauzkate-eta. Azkena, gainera, beren izar nagusia: Victor Oladipo. Toronto Raptors liderrari irabazi dio Indianapoliseko taldeak, 110-106, baina litekeena da denboraldia amaitu arte Victor Oladipo gabe geratzea, honek belaunean min hartu ondoren.

Bere kabuz hartu zuen min Pacerseko izarrak. Torontoko Pascal Siakamen kontraerasoa moztu nahian jauzi egiten hasi zen antolatzailea, baina zuzenean lurrera erori zen. Belaunak huts egin zion eta, arduratuta, jokoa bertan behera utzi behar izan zuen. Ohatilan etzanda eta zaleen txalo artean atera zen kantxatik Oladipo, eta azterketa medikoek esan beharko dute denboraldia amaitu aurretik kantxara itzultzerik izango ote duen. Ia ziurtzat jotzen da ebakuntza-gelatik pasatu beharko duela eta horrek datorren sasoira arte saskibaloiari agur esatea esan nahi du, uste baino lesio arinagoa izan ezean.

James Harden eta abar

James Harden egunero da albiste iturri aspaldion. Dagoeneko 20 partida jarraian kateatu ditu “NBAko bizarrak” gutxienez 30 puntu saskiratuz. New York Knicks-en aurka, berriz, 61 sartu zituen, eta garaipena eman zion Houston Rockets bere taldeari: 110-114.

Alabaina, New York 110-109 aurreratu zen 20 segundoren faltan. Orduan azaldu zen Rocketsen heroia: Eric Gordon. Hiruko garrantzitsu bat sartu zuen lehenengo, eta baloia ostu hurrengo jokaldian, Texaskoen garaipena bermatzeko.

All about NBA