GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Errumaniarrek bide berria sortu dute Pumori mendian

Joan den udazkenean, Zsolt Torok, Romeo Popa eta Teofil Vladek «Les voyages du petit prince» marra zabaldu zuten zazpimilakoaren hego-ekialdeko aurpegian. Marra berriak, denera, 1.100 metro eta AI4 (R) zailtasunak ditu. Alpinistok bost bibak egin zituzten.


Nahiz eta ingurumari honetan ez diren batere ezagunak, hurrengo lerrootako protagonistek, Himalaian jarduera oso interesgarria egiteaz gain, eskarmentu handia dute. Zsolt Torok, Romeo Popa eta Teofil Vlad errumaniarrei buruz ari gatzaizkizue.

Baten batek esan dezake Pumori mendian (7.161 m) “ezusteko” ederra eman dutela; izan ere, zazpimilakoaren hego-ekialdeko horman 1.100 metro luze den bide berria zabaldu dute. “Les voyages du petit prince” deitu diote, eta marra errumaniarrak dituen ezaugarriei dagokienez, aurreratu dezakegu izotzean (AI4) lan eskerga egin zutela. Mistoko tarte zail batzuk ere gainditu zituzten.

Oro har, lasai asko esan dezakegu ondo baino hobeto borrokatu behar izan zutela, besteak beste, 1.100 metro berri zabaltzeko bost bibak behar izan zituztelako egin. Vladek aurreratu duen bezala, Torok da Pumori eskalatzeko xedearen bultzatzaile nagusia: «2016. urtean, Vlad Capusan eta Zsoltek Saldim Ri mendiaren (6.374 m) lehen igoera egin zuten. Urtebete lehenago, Zsoltek Pumori lehen aldiz ikusi zuen. Marra berri bat sortzearen helburua han otu zitzaion, eta Capusanekin saiatu zen. Hori 2017. urtean izan zen. Ez zuten batere zorterik izan; are gehiago esan dezaket: une larriak bizi izan zituzten. Elurrolde batek Capusan ia harrapatu zuen. Nahiz eta etxera esku hutsik itzuli, Zsolt xede hori burutik kendu ezinik ibili da. Iazko urtearen hasieran, bestalde, gure bi lagunak Patagonian izan ziren. Cerro Torre eskalatzeaz gain, Cerro Adela Sur mendian bide berri bat ireki zuten».

Patagoniatik bueltan, Zsoltek bere burua ongi ikusi zuen Pumorin beste saio bat egiteko. Oso motibatua zegoen, eta handik eta hemendik espediziokideak bilatzen hasi zen. Vladek adierazi duen bezala, erronka berrirako sei lagun batu ziren: «Zsoltek eta biok Pumoriko espedizioaren inguruan luze eta zabal hitz egin genuen. Romeo bezala beste kide batzuk prest zeuden. Une jakin horretan ez genuen ezer zehaztu. Taldekide batzuek ohiko bidetik igo nahi zuten; beste batzuek, berriz, bide berri bat zabaldu nahi genuen. Azkenean espedizioa antolatzen hirurok geratu ginen».

Vladek gehitu nahi izan du ondo baino hobeto elkar ezagutzen dutela: «Zsolt eskarmentu handiko alpinista da. Alpeetan, adibidez, pareta zailak eskalatu ditu. 2013. urtean, Nanga Parbateko Schell bidea (Rupal isurialdea) elkarrekin igo genuen. Espedizio horretan geure arteko harremana erabat indartu zen. Ordutik hona, bestalde, Ama Dablam baldintza oso gaiztoetan, Mont Blanceko Freney zutoina, Civettaren ipar aurpegia... elkarrekin eskalatu ditugu. Romeo, berriz, izotz-eskaladan lehen lerroko espezialista da. Eta berarekin ere asko eskalatu dut».

Popa eta Vladek lehen bisita zuten Pumorin; ez ordea, Torokek. Aurreratu dugun bezala, duela bi urte Capusanekin saio bat egin zuen: «Nahiz eta ekinaldi horretan helburua ez zuten lortu, Zsoltek argi eta garbi zeukan bide horretatik igotzeko aukera handiak zeudela. Udaberrian saiatu ziren, eta Zsoltek esan zidan baldintza egokiagoak izateko udazkenean probatu behar genuela. Kontuan hartu behar da Pumoriren gailurra lortzeko arrakasta oso txikia izaten dela; berdin dio ze bidetatik igotzen zaren. Nik hasieran ez neukan batere garbi. Horrekin esan nahi dut ohiko bidea ez nuela baztertzen. Baina Zsoltek makina bat argazki erakutsi zizkidan, eta, azkenean, hego-ekialdeko aurpegian bide berria zabaltzera abiatu ginen».

Bost bibak

Girora egokitzeko, hiruko errumaniarrak Lobuche mendia igo zuen. Behin betiko saioa oinarrizko kanpaleku aurreratutik hasi zuten; hots, 5.600 metrora atondutako kanpalekutik. Hego-ekialdeko horma aurrez aurre zuten, eta hautatutako bidea 1986. urtean Sandy Allan eta Rick Allen eskoziarrek zabaldutakoaren ezkerretik doa.

Vladek adierazi duenez, denera, bost bibak behar izan zituzten egin: «Lehenik eta behin esan behar dut argi eta garbi estilo alpinoaren aldeko apustua egin genuela. Lehen sekzioetan izotzaren baldintzak onak ziren. Izotzean luze asko eskalatu genituen; ia-ia pareta osoa izotzarekin estalita zegoen. Oso-oso eskalada estetikoa izan zen. Bidearen erdian, berriz, arroka batzuek eten zuten aipatu dudan izotzezko sekzio luze hori. Horretaz gain, elur bigunarekin egin genuen topo. Une jakin batzuetan elur horrek arroka estaltzen zuen, eta aldats batzuetan geure buruak babesteko komeriak izan genituen. Saiatzen ginen geure buruak aseguratzen, baina zaila zen».

Paretan eskalatzen lau egun egin zituzten. Sekzio gogorrenetan lan handia egiteaz gain, protagonistek adierazi dute eginiko bibaketan denetarik bizi izan zutela. Lehen bietan hala moduzko erlaitzak antolatu behar izan zituzten. Ezinezkoa egin zitzaien denda altxatzea: «Lehen bibaka benetan oso deserosoa izan zen. Gau osoan hankak zintzilik izan genituen. Une batzuetan erdi etzanda, besteetan erdi eserita... Bederen, beste bibaketan denda altxatzeko aukera izan genuen. Nahiz eta hiru kide izan, denda bi lagunentzat zen. Aipatu nahiko nuke ere gure hirugarren bibakean beldur handia pasa genuela. Elurroldeen arriskutik kanpo uzteko aukerarik ez zegoen. Gainera, haizete gogorrek astindu gintuzten. Goialdetik izotz zein elur asko erortzen zen. Zorionez, handik onik atera ginen. Bueno, gau osoan elurra egin eta denda lurperatuta geratu zen».

Behin pareta gaindituta, errumaniarrak ertzean sartu ziren, eta han laugarren bibaka egin zuten. Berez, amestutako bide berria patrikan zuten; soilik, gailurra zapaltzea falta zitzaien. Ordurako, leher eginda zeuden: «Egoera ikusirik, egun bateko atsedena hartu genuen. Alabaina, biharamunean tontorrera arrastaka heldu ginen. Eta arrastaka diot haizete bortitzek eraso egin zigutelako. Iragarpenek zioten 40 kilometro ordukoak izango zirela, baina 105era heldu ziren».

Jaitsierari dagokionez, mendebal aurpegitik egin zuten. Gauerdia izateko ordubete falta zenean, hirukotea glaziarrera heldu zen. Aurretik makina bat rappel egin zituzten: «Biharamunean oso berandu altxatu ginen. Eguzkiaren epeltasunaren zain egon ginen; izan ere, geure gorputzak ia-ia izoztuta zeuden. Den-dena lehortzeko genuen, egoera penagarrian geunden. Gainera, haizeteak ez ziren baretu, eta tresneria bere lekuan edukitzeko buruhauste handiak izan genituen. Glaziarra zeharkatzea oso desatsegina izan zen. Morrena piloan gora eta behera jardun genuen. Azkenean, aterpera iritsi eta eginiko lana garagardo batzuekin ospatu genuen».

Era horretan, errumaniarrek “Les voyages du petit prince” bidea biribildu zuten: «Lasai asko esan genezake Alpeetako bide klasiko baten antza duela. Eta hala da, baina zazpimilako batean. Gainera, Alpeetan eskalatzen dugun estiloan jardun dugu. Estilo alpinoa da gehien betetzen gaituena».