Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Interview
IBAN ZALDUA
IDAZLEA

«Zantzua dut ez ote garen gizartea ez zartatzeko baliatu genuen isiltasuna transferitzen ari»

Ipuin eta ipuin artean, Iban Zalduaren literaturan beti izan dute lekua euskal gatazka edo, bere hitzetan, «gauza»-rekin lotutako ipuinek. «Como si todo hubiera pasado» (Galaxia Gutenberg) liburuan, hogei urtetan idatzitako aleak bildu ditu. Iraganaz mintzo dira, iraganetik; egunerokotasunaren ustezko normaltasunetik, oinezko arrunten begietatik, erantzun zaharren gainean galdera berriak piztuz.

Zergatik argitaratu duzu orain eta gazteleraz bilduma hau?

Ipuinlari sena daukaten askok badute noizean behin atzera begiratzeko joera eta kasu batzuetan alerik onenak aukeratuz edo, kasu honetan bezala, zure gai guztietatik bat aukeratuz liburu bat osatzekoa. Eta 2010ean atera nuen euskarazko bilduma bat [“Ipuinak. Antologia bat”, Erein]. Bestetik, ibili naiz erreibindikatzen ez nire obra, baizik eta besteen ekarpenak euskal gatazkaren kontuari dagokionez eta, nik neuk ez dut egingo nire obraren kritika, ebidenteki, baina egin dezakedana da bildu eta eskaini berriro. Eta bazeuden ale dezente ez zirenak inoiz gaztelaniaz eman.

Izenburuak, «Como si todo hubiera pasado», ahanzturan erori den iragana iradokitzen du.

Jolas bat da. Batetik, liburuarekin barne jolas bat, badagoelako “Como si nada hubiera pasado” izeneko ipuin bat, eta izenburuari buelta ematea erabaki nuen. Azkenean denbora errealean idatzita dauden ipuinen antologia bat da, hau da, gauzak gertatzen ari ziren bitartean idatzia, baina osatzen dena gaur egunetik, gatazkaren zati bortitz edo krudelena amaituta dagoela ematen duen testuinguru batean. Ez da euforia, baina badago hori gainditu izanaren lasaitasunean ahanzturara jotzearena, oroitzapenak pixka bat aldatzearena, eta orduan iruditzen zitzaidan egokia zela ironikoki dei egitea ez ahazteari.

Hogei urtetako aleak dira. Gatazkak helduleku ugari eman dizkizu literatura egiteko?

Bistan da. Ez dut esango nire gai nagusia denik, inondik inora, liburu bakoitzean ale gutxi batzuk joan baitira, baina bai itzuli naizela gaira periodikoki eta nahiko modu zirkularrean; oraintxe bertan, autobusean, jardun naiz apuntatzen ideiak ipuin berri batzuetarako eta batzuek badaukate asuntoarekin zerikusia oraindik ere. Literatura bada gertatzen zaigunaz hitz egiteko bide bat eta gertakari historiko bezala eduki dugun zama inportanteenetakoa azken 40-50 urteetan hau izan da. Ni jaio nintzenean hor zeuden ETA eta euskal gatazkaren emergentzia hori nahi baldin baduzu, bizitza osoa joan da gurekin eta nik ere sentitu nuen horri buruz idazteko beharra, ikusten nuelako beste batzuk ere ari zirela idazten, Ramon Saizarbitoria eta Jokin Muñoz adibidez, eta niri irakurketa horiek lagundu egin zidatelako momentu batean gauza batzuk argiago ikusten, beste batzuk ilunago ikusten eta euskal gizartea modu desberdin batean ikusten.

Hala ere, ipuinotan gatazka testuinguruan dago gehiago, egunerokotasunean txertatua.

Halakoa zelako gure egunerokotasuna. Eta horrelakoa delako oraindik ere, neurri handi batean. Agian ez dago erabat agerian, baina badago nolabait lur azpian, ipuinen azpian. Eta lurrikara horiek Richter eskalan duten indarra ezberdina da.

Estatistikak egiten jardun nintzen euskarazko idazleok batez ere ETAren edo ezker abertzaleko militantearen figuraren gainean idatzi dugula dioen topikoaz eta egia da askotan hala dela, baina herena baino gehiago dira gatazkaren erdian dauden horiek protagonista diren ipuinak; ez biktimak ez biktimarioak, baizik eta biolentziaren oihartzun edo ondorioak zeharka jasotzen dituztenen bizitzak dira gehien agertzen direnak, nire kasuan, segur asko horiek dutelako zerikusi handiagoa nire esperientziarekin. Talaia horretatik idazten dut nik, posizio horietatik gertuago nagoelako.

Idazteko orduan ezarri diozu zeure buruari marra gorririk?

Nik uste denok jartzen dizkiogula; beste kontu bat da zein punturaino garen kontziente, baina bai iruditzen zait idatzi izan dudala nahi izan dudanari buruz. Gogoan dut kontuari buruz idatzi nituen lehenak zakarrontzira joan zirela, baina izan zen ez zitzaidalako iruditzen ondo atera zirenik.

Bilduma bat egiteak perspektiban jartzen gaitu. Nola oroitzen dituzu garai horiek?

Irakurle batekin baino gehiagorekin komentatu izan dut ze normaltasunarekin hartzen genituen gauza batzuk, gaur egunean erabat anormalak iruditzen zaizkigunak. Nola izan dugun elkarbizitza gertaera batzuekin. Nire bulegokide batek unibertsitatean bizkartzaina zeraman, eta nekosoa zen eta pena ematen zizun, baina ohitu egin ginen. Edo presoei tutoretzako bisitak egiten genizkienean beren bizi baldintzekin asaldatu eta haserretzen ginen, baina halako historiak entzuten zenituen bosgarren aldirako, en fin, deskauterizatu egiten zen asuntoa. 80ko hamarkadatik gogoratzen dut gauean zarata bat entzun, “bonba bat izango zen” pentsatu eta lo egiten jarraitzen genuela. Ipuinek hori gogorarazi didate, normaltzat genuena ez zela horren normala.

Ipuinetako batean, bi lagunek politikaren gainean ez hitz egitea adosten dute. Gainditu dugu ataka hori?

Ez dakit, zeren lagunen artean ohiturak fosilizatu egiten dira. Baina bai iruditzen zaidala seme-alabengan transmisioa egiteko orduan hutsunea dagoela; gaia ezerosoa da, azaltzeko konplexua eta laburbiltzeko zaila, ez baduzu egin nahi halako karikatura bat, eta orduan erosoena albo batera uztea da. Eta gero hor etortzen zaizkizu galderekin, agian beranduegi denean ikuspegi minimoki konplexu bat emateko. Lagun bati alaba etorri zitzaion galdezka eta, harekin komentatzen nuen, 2000ko hamarkadan jaio direnei gatazka bigarren karlistada bezain urrun geratzen zaiela. Agian, nolabait, isiltasun horiek garai batean balio izan ziguten gizarte bezala ez gehiegi zartatzeko, hemen ez baita komunitateen arteko izugarrizko haustura egon; kuadrilletan eta familietan gauza pixka bat aparte uztea izan da modua aurrera jarraitu ahal izateko, baina susmoa dut ez ote garen isiltasun hori belaunaldi berriei transferitzen ari.

«Itinerario» ipuinean atentzioa ematen du nola molda daitekeen historia, jasoko duen horren arabera. Zientzia fikzioa edo errealitatea da gehiago?

Zientzia fikzioa da, baina “Black Mirror” fikzioa izan daitekeen neurrian... Zientzia fikzioak egiten duena da gauzak muturrera bultzatu, ez gehiegi kasu honetan. Iruditzen zait aitortu beharko genukeela halako errelato zibil minimo bat eta horren inguruan bakoitzak antolatu gure istorio pertsonala, baina iruditzen zait oso zaila dela. Historian oso gutxitan gertatu da; Alemania aipatzen da, baina nazien derrota hain izan zen absolutua... eta hala ere, asko dago hor ere hitz egiteko. Espainian ez da lortu Gerra Zibilaren eta frankismoaren inguruko diskurtso zibil bateratu bat, eta horrek ez dit esperantza handirik ematen epe motzean lortuko denik sinisteko. Ipuin hori horrekin dago lotua.

Desiragarria litzateke [errelato bateratua lortzea], baina ez dut uste lan hori idazleok egin behar dugunik. Lan hori historialariena, soziologoena, kazetariena edo dokumentalistena da, eta gizarte zibilarena eta esparru politikoarena. Gurea da beste era batean abordatzea gai horiek, eta ñabardurak jartzea, eskala bilatzea. Argi dago gai delikatua dela, baina ez badugu lortzen gerta daiteke, Gerra Zibilarekin bezala, hemendik bi belaunalditara bilobak kontuak eskatzen etortzea. Hobe etxeko lanak egingo bagenitu.

Literaturaren kasuan, gatazka gaitzat duten eleberrien saturazioa aipatzen duenik bada.

Bai, ematen du, eta batez ere “Patria”-ren arrakastaren abaroan, gaztelaniaz badagoela halako joera bat. Euskaraz agian ere bai, nahiz eta ez dudan uste “Patria”-ren eragina horren handia izan denik gaiaren inguruko historia literario luzeagoa daukagulako; hain zuzen ere, Aramburu eta hauek ukatu digutena neurri handi batean. Hala ere, ez dut uste gaztelerazko ugaritzeak, 2017-18ra arte behintzat, zerikusirik izan duenik “Patria”-rekin, proiektu literarioak oso epe luzekoak baitira eta Arambururenaren ostean agertu ziren zenbait libururen ibilbidea luzeagoa zen. Hemendik aurrera ikusiko dugu benetan modako esparru berri bat ireki duen eta, hala bada, iruditzen zait nahiko behin-behinekoa izango dela.

Eta euskarazkoen kasuan?

Uste dut, bai euskaraz, baita gaztelaniaz ere, hemendik aurrera egongo den ekarpena literatura baino memorialistikoa edo biografikoa izango dela, oroitzapenarena fikzioarena baino gehiago. Gauza asko isildu behar izan dira urte hauetan guztietan alde batetik, bestetik eta bestetik, eta hor egongo da testigantza bezala inportanteagoa izan daitekeen produkzioa. Zeren, fikzioan, badakigu egongo direla nobela esanguratsuak, oso onak, baina asko izango dira erdipurdikoak edo txarrak, orain arte bezala alegia. Baina testigantzaren alorrean, estilistikoki ondo edo gaizki egon arren, inportanteena edukia da, eta hor ekarpen inportanteak egingo dira. Fikzioaren alorrean, uste dut euskaraz jarraituko dugula orain arte bezala, perspektiba aldatuko da ebidenteki, zeren jada ez dugu idatziko gatazkaren zenbait ezaugarri martxan dauden bitartean eta perspektiba historikoa ere luzatzen joango da. Gazteleraz, nik daukadan inpresioa da badagoela burbuila bat, suposatzen dudana saturatuko dela momentu batean, ez badago jadanik saturatua.