FEB. 04 2019 Eskalada Blokeko lehiakideek gozatu ederra hartu zuten Aretxabaletan Urtarrilaren 26an eta 27an, Gipuzkoako herri horretan bi lehia izan ziren; biak ala biak arrakastatsuak. Boulder Txapelketa Herrikoian 65 eskalatzailek hartu zuten parte. Biharamunean, beste 56 nor baino nor aritu ziren Eskolarteko Bloke Ligaxkaren lehen proban. Andoni ARABAOLAZA Debagoieneko Eskalatzaileak taldeak egiten duen lana txalotzeko modukoa da. Sortu zenetik bere ingurumariko eskalatzaileak entrenatu eta prestatzeaz gain, makina bat lehiaketa antolatu ditu. Hori askotan aipatu izan dugu, eta, jakina, berriro azpimarratzeko baimena hartuko dugu. Izan ere, urtarrilaren 26an eta 27an bloke lehia bana prestatu zuen. Bata, Aretxabaletako Bloke Txapelketa Herrikoia. Bestea, aldiz, Eskolarteko Boulder Ligaxkaren lehen proba. Azken hitzordu hori Gipuzkoako Mendizale Federazioaren ekimena da, baina Debagoieneko ordezkariek lehiaren blokeak ekipatu zituzten. Bi hitzorduen jarraipenari dagokionez, aurreratu behar dugu biak ala biak oso arrakastatsuak izan zirela. Lehen lehian 65 eskalatzailek hartu zuten parte. Rokodromoak dituen azpiegiturak kontuan hartuta, lasai asko esan daiteke kopuru ederra izan zela. Eta gauza bera baieztatu digu antolaketa lanetan jardun zuen Josean Mulasek: «Zorionez, izaera honetako lehiek oraindik eskalatzaile asko erakartzen dituzte. Negua denez, egun ezberdin bat bezala hartzen dute. Eta hitzordua prestatzeko hartzen dugun lana kontuan hartuta, eskertzeko modukoa da». Urtarrilaren 26ko lehia hori ikusita, aurreratu dezakegu antolatzaileek erabat asmatu zutela. Indarrean jarri zuten sistemari esker, oso dinamikoa izan zen. Bi kategoria zeuden: herrikoiak eta elitea. Sailkapen fasean, adibidez, parte-hartzaileek hamar bloke askatzen jardun zuten. Eta eskalada horma oso handia ez denez, bi multzotan banatu ziren. Finalean, berriz, zortzi finalistei lau bloke jarri zizkieten. Denek elkarrekin jardun zuten, eta horrek lehiaren erritmoa bizkortu egin zuen. Ordu eta hamar minutu beranduago podiuma argitu eta sari guztiak banatu ziren. Herrikoietan indartsuenak Amaiur Retegi eta Jon Alberdi izan ziren. Bigarren postuan Naroa Altuna eta Mikel Cuerda sailkatu ziren. Eta hirugarrenean, Maialen Altuna eta Beñat Lizarralde. Elitean, bestalde, nesketan Aitziber Urrutiak irabazi zuen. Haren atzetik Jone Garitaonandia eta June Lahidalga sailkatu ziren. Mutiletan, lehen postua Iñaki Arantzamendirentzat izan zen, bigarrena Julen Arriolarentzat eta hirugarrena Iñigo Agirrerentzat. Lehiaren amaieran, Mulasek honako balorazioa egin zigun: «Gure ingurumari honetako eskalatzaileez gain, Euskal Herriko beste hanbait txokotatik gerturatu zaizkigu: Donostia, Iruñea, Gasteiz, Elorrio... Horretaz guztiaz gain, ikusle ugari izan zen. Azpimarratzeko modukoa da ere, belaunaldi berri batek lehiaren aldeko apustua egin duela. Eta eite hori izaera honetako lehientzat oso aberasgarria da». Eskolartekoa Ia denbora galdu gabe, Debagoieneko Eskalatzaileak taldekoak biharamuneko lehia prestatzen hasi ziren. Aurreratu dugunez, Eskolarteko Boulder Ligaxkaren lehen proba jokatu zen, eta ekimena Gipuzkoako Mendizale Federazioarena da. Hitzordu hau ere arrakastatsua izan zen: 56 eskalatzaile, nor baino nor. Hiru kategoriatan: alebin, infantil eta kadete. Goiz biribila izan zen, besteak beste, parte-hartzaileek 15 bloketan jarduteko aukera izan zuten. Ez zen finalik izan, eta, horrela erabakita, podium mistoaren aldeko apustua egin zuten. Kadeteetan, June Lahidalgak eta Adrian Isidrok lehen postuan berdindu zuten. Eneritz Perez bigarrena izan zen, eta Oier Basurko hirugarrena. Infantiletan: Irati Guenetxea lehena, Maialen Altuna bigarrena eta Ainhize Belar hirugarrena. Eta alebinetan honako podiuma izan zen: Manex Iñurrategi, Intza Elizalde eta Maddi Agirre. Bigarren proba, ekainaren 2an, Tolosan izango da.