FEB. 04 2019 ZIRIKAZAN GARA, geure Josebe EGIA Hogei urte ez da hutsaren hurrengoa, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez da gauza makala; alderantziz, balentria itzela da, bai egileak bai hartzaileak, denok, harro egoteko moduko lorpena. Hala da, Espainiako Estatuak sortu zinen une beretik ezinikusia badizu, oraindik ere sortu zinen garai haren nolakotasunean tematuta so egiten badizu, eta orduan bezala gaur inolako begirunerik ez badie herritar andanaren askatasun eta eskubideei, are gutxiago lagun horien guztien nortasunari eta kulturari. Hogei urte jomugan, eta noiz arte!, Euskal Herriko hedabide sozialista bat baldin bazara; herrialdearen independentziaren aldeko herri-borrokara atxikia; sekula nahasi barik, ezkerretik aritzen bazara beti; non gauden eta zer garen inoiz ahaztu barik, oro har giza eskubideen artean linguistikoari merezi duen tokia egiten diona; eta toki, halaber, gutxi batzuen eta oso konkretuen diru-boterea oinarri duen sistemak mespretxatzen gaituen guztioi, eta asko GARA, tamalez, eta asko GARA, zorionez. Hogei urte hauetan, 1990eko hamarkadaren amaieratik, asko aldatu dira gauzak, eta horiekin batera geu ere bai: gure ikuskerak, gure lehentasunak, gure hausnartzeko eta jarduteko manerak. Txoko txiki honek beti eskaini eta zabalarazi nahi izan duen genero-ikuspegia horren adibide, urrutirago joan gabe. Egunkari honek sortze beretik ekarri zuen bere orrialdeotara, ez emakumeon presentzia areagotzearren, eta segi berdin funtsean, baizik eta andreen unibertsoa geure begietatik ikusaraztearren, plazara ekartzeko geure arazoez, geure kezkez, geurekiko bazterkeria eta indarkeriez, geure borrokez josiriko unibertso espezifiko hau. Eraldatzeko, behingoz, unibertso honen lekua jendartean, zeina orduan, duela hogei urte, gaur baino askoz ere bakartiagoa, latzagoa, gutxietsiagoa eta, horregatik guztiagatik, askoz goibelagoa zen. Gaur, ordea, neuri aspaldi etxe honetan sartzeko eta zuongana iristeko giltzak eman zizkidaten bezala, beste batzuei ematen ikasi delako, askotariko andrazkoak ari dira han-hemenka zabaltzen gizarteari begiratzen diotenean erraietan sumatzen dutena, gauzak beren izenez izendatzen, itzulingururik eta zentsurarik gabe, are autozentsurarik gabe ere. Kostatu da, baina hemen GARA, eta bai geurea bai geure horretan guztian beren laguntza eta babesa ez ezik, baliabideak eta horiek nahi bezala erabiltzeko askatasuna ere eman izan dizkigutenak, ematen dizkigutenak, haginkadaka defendatuko ditugu. Orain, eta datozen hogei urteotan, beharrezkoa bada.