Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Patagoniako aitzindarien urratsei jarraitu diete

Paolo Marazzi eta Luca Schiera italiarrek igo gabe zegoen Cerro Mangiafuoco mendia eskalatu dute. Ipar izotz zelai erraldoian dagoen mendi horretan «L´appel du vide» bidea (6c, M4, 400 m) sortu dute. Protagonistek eguraldi kaskarrari aurre egin behar izan zioten.

Nazioarteko eskalatzaile zein alpinisten artean, Ragni di Lecco taldeko ordezkariak oso entzutetsuak dira. Bai, “Leccoko armiarmak” izena hartu duen kolektibo horrek munduan zehar makina bat goi mailako jarduera egiten dituzte. Eta, beste behin, talde italiar horretako hainbat kidek protagonismoa hartu dute. Orain dela pare bat hilabete hedabideei helarazi ziguten hainbat ordezkarik Patagoniara bidaiatuko zutela. Horietako batzuek xede oso interesgarriak esku artean dituzte; besteak beste, Cerro Torreren ekialdeko aurpegian bide berri bat zabaltzen saiatzen ari dira. Beste batzuek, berriz, Guillaumet, Mermoz eta Poincenot orratzak eskalatu dituzte.

Baina hurrengo lerrootako protagonistek, Paolo Marazzi eta Lucha Schierak, Patagoniara eraman zuten helburua biribiltzeko aukera izan dute. Besteek ez bezala, hauen jarduerak plus bat izan du. Esplorazioari buruz ari gatzaizkizue. Patagoniako aitzindariek bezala esploratu nahi izan dute. Eta izotz zelai erraldoian, Ipar Glaziarrean, igo gabe zegoen mendi bat eskalatu dute. Cerro Mangiafuoco (2.000 m) deitu diote, eta lehen igoera sinatu ahal izateko “L´appel du vide” bidea (6c, M4, 400 m) sortu zuten.

Gogoratu behar dugu Marazzi eta Schiera Patagoniako mendiekin erabat harrapatuta daudela. Bisita bat baino gehiago egin dituzte, eta, adibidez, 2017. urtean egin zuten espedizioan Cerro Mariposaren ipar-ekialdeko aurpegian bide berri bat zabaldu zuten.

Oraingoan, berriz, izotz zelai erraldoi horren bihotzean, Ipar Glaziarrean, jardun dute. Eskarmentu horretan denetarik bizi izan dute: zamaketaria ez agertzea, era autonomoan ehun kilometro baino gehiago egin, muturreko eguraldia jasan... Eta hor geratuko gara. Soilik lerroburu horiek aurreratuko ditugu; izan ere, Schierak berak Cerro Mangiafuoco mendiaren lehen igoeran bizi izan zuten eskarmentuaren berri emango digu.

Esplorazioa

«Abenduaren 24an irten ginen Italiatik. Lau egun beranduago Puerto Bertrandera heldu behar ginen. Eta, berez, han bertan gautxo batek gure zain egon behar zuen. Hark eta bere zaldiak ibarra zeharkatzeko zamaketari lanak egin behar zituzten. Baina beti bezala, egoera okertu zen.

»Coyhaiquera iritsi ginenean, gautxoak esan zigun gutxienez urtarrilaren 2ra arte itxaron behar genuela. Egun batzuk itxaroten egon ondoren, Bertrand herrira abiatu ginen. Eta, zoritxarrez, ohartu ginen gautxoa ez zela oraindik heldu.

»Une jakin horretan arazo larriena beste bat zen. Italiatik iragarri ziguten ingurumari hartan izaten den ezohiko eguraldi leiho on bat iristekotan zela. Lakua zeharkatzeko ontzi bat aurkitu genuen, eta, ondoren, oinez eta egundoko pisuarekin ibilbideari ekin genion.

»Lehen egunean, hamar ordu egin genituen; betiere, eguraldi onak lagunduta. Lehen glaziarrera bigarren egunean heldu ginen. Baina erabat puskatuta zegoen glaziarra zeharkatzeko ordu piloa galdu genituen. Zorionez, arratsalde horretan glaziarretik irten ginen. Baina ohartu ginen ere, geure helburura heltzeko denborarik ez genuela izango. Eta hala izan zen.

»Biharamunean, egunsentian, zer edo zer eskalatzeko itxaropenarekin geunden. Baina oinez pare bat ordu egin eta haizeteek atzera egitera behartu gintuzten. Eskaladako tresneria antolatu ondoren, Ipar izotz zelaira abiatu ginen. 1.600 metroko kotan geunden. Egun ederra egin zuen. Bazter hauek oso politak dira, baina haizete bortitzek leku hau infernu bilakatu zuten.

»Aurrez aurre genituen hormetara abiatu ginen, baina haizea oso bortitza zen. Gutxienez, argazki batzuk atera eta bibakera jaitsi ginen. Hurrengo egunean, basora jaitsi, gautxoak han utzitako tresneria hartu, denda altxatu eta bost egunez handik irten ezinik egon ginen. Euri asko egin zigun.

»100 kilometro baino gehiago oinez egin genituen, erabat deshidratatuta geunden eta haizeteek eta eguzkiak ondo baino hobeto astindu zituzten gure gorputzak. Horren guztiaren ondorioz, ezpainak oso handituta genituen, eta ahoa ixtea ezinezkoa zen. Azala ere oso lehor genuen, eta eguraldi txarreko egunetan, denbora-pasan, hilda zegoen azala kentzen jarduten genuen.

»Behartutako atseden egunak bukatu ziren. Satelitearen bitartez jasotako eguraldi iragarpenek zioten egoera aldatzen ari zela. Horrek egundoko itxaropena eman zigun. Urtarrilaren 14rako egun eta erdiko eguraldi leiho on bat iragarri ziguten. Eta, gainera, haizeterik gabe. Glaziarrean igarotako ordu horietan balizko marra bat ikusi eta aztertu genuen. Alabaina, ez zen ezer argi ikusten.

»Nef izeneko glaziarrean denda altxatu genuen. Gaua igaro eta biharamunean beste berri txar bat jaso genuen: haizeteak oso bortitzak ziren. Behartutako beste atseden bat. Gainera, elur maluta batzuk erortzen hasi ziren. Ordu batzuk beranduago, ibilbideari ekin genion. Arratsaldean, lehen helburua lortuta zegoen: oinarrizko kanpalekuan ginen. Ilunabarra zen, eta azken argi izpiei esker, buruan genuen balizko marra ikusi eta paretaren baldintzak aztertzeko aukera izan genuen. Elurretan zulo bat prestatu eta lo-zakuetara sartu ginen.

»Haizea baretu zen gauean. Goizeko seietan, lehen urratsak egin eta gero, ohartu ginen eguraldi ona egingo zigula: beroa eta haizerik gabe. Paretan sartu eta lehen metroak elurretan zein arrokan eskalatu genituen. Bidearen erdialdea, bestalde, ez da batere agerikoa. Elurrezko ertzen zein dorre batzuen artean ibilbide egokiena bilatu behar genuen. Eskaladaren tarte bertikalenek lan eskerga eskatu ziguten; izan ere, botekin eta pisu astunarekin eskalatzen ari ginen. Arratsaldeko lehen orduetan azken hormara heldu ginen. Erabat bustita zeuden bi artesi ikusi genituen, eta hirugarren bat ez hain zabala baina lehorra. Katu-oinak jarri eta azken luzearen oinarrira iritsi ginen. Arratsaldeko ordu bietan gailurra erdietsi genuen.

»Eguraldia perfektua zen. Zeruertz mugagabe baten aurrean ginen. Paretak, elurra, izotza... Rappelatzen hasi eta sokekin zorte handia izan genuen; ez ziren trabatu. Gauerdia baino lehen glaziarrera iritsi eta gaua igaro genuen. Gau lasaia izan zen, haizeterik ez baitzuen egin.

»Biharamunean, Soler izeneko ibarrera abiatu eta basoa zeharkatu genuen. Bat-batean, eguraldi egonkorra zeharo aldatu zen. Haizete gogorrak eta euria azaldu ziren. Hala nola, lakura iritsi eta hura zeharkatzen hasi ginen. Haizeteen eraginez, arraun egitea oso zaila zen. Espedizioak iraun zituen bi aste horietako une psikologiko gogorrena pairatzen ari ginen. Erabat bustita geunden, arraun egitea ia ezinezkoa zen, geure buruak desmotibatuta... Baina, zorionez, eguzkiak bisita egin eta ordu batzuk beranduago Bertrand lakura iritsi ginen. Ibarra atzean utzi eta Chaltenera abiatu ginen. Aurretik beste 800 kilometro genituen».