Maddi TXINTXURRETA

EUSKALDUN ERREPUBLIKANOEN EXODOA, ARGAZKI BIDEZ AZALDUA ARRASATEN

«Erretiradak», tropa frankisten garaipenaren ondorioz errepublikanoen bandoan borrokatu ziren milaka euskaldunen Estatu frantseserako ihesaldiak, 80. urteurrena bete du asteon, eta Arrasaten gogora ekarriko dute gaur exodoaren historia.

1936ko gerra galdu berritik ihesi, ia milioi erdi errepublikanok, tartean euskaldunek, Estatu frantsesean jaso zuten “harrerak” izen propio ugari ditu: Argeles-sur-Mer, Saint-Cyprien, Le Barcares, Rivesaltes eta Gurs horietako batzuk baino ez dira. Aipatutakoak «barneratze zentroak» izenekin bataiatu ditu gerora Gobernu frantsesak, «harrera zentroa» eufemismo krudela baitzen bertan pairatutakoak izenpetzeko eta Bigarren Mundu Gerran horien lekua hartu zuten kontzentrazio-esparruak baino arinagoak zirelako.

Orain 80 urte barneratze zentro horietan jazotakoak arrasatearren irispidean jarriko ditu gaur Intxorta 1937 elkarte memorialistak, argazki erakusketa baten bidez. Memoriaren aldarria eta borrokan aritutakoei omenaldia egiteko asmoz, barneratze zentroetako 30 argazkiren bilduma inauguratuko dute gaur, arratsaldeko 18.30ean, Arrasateko Kulturate espazioan. Beranduago, 19.00etan, “De la Retirada a la Reconquista” dokumentala emango dute, eta amaieran Anita Fernandino Erretiradan izan zen Dimas Fernandinoren alaba izango da hizlari.

Erakusketak 26 argazki orokor erakutsiko ditu, Josu Chueca historialariaren laguntzaz eskuratutakoak, eta errefuxiatu arrasatearren lau argazki.

Halaber, “De la Retirada a la Reconquista” Emile Navarrok eta Aymone de Chanterac-ek zuzendutako dokumentala da, zeinetan azaltzen diren 1939an erretirada abiatu zuten hainbat errepublikanoren testigantzak. 1944an Frantzia naziengandik libratu zenean, “errekonkista” abiatu zuten Arango Haranetik Francoren aurka altxatzera, baina espainiar diktadorearen errepresioak maki errepublikazaleen saiakera indarrez eta odolez ito zuen.

Gurseko zelaia

1939ko urtarrilaren 26an jada garaitutako Bigarren Errepublikaren azken bazterra erori zenean, milaka zibilek eta militarrek Kataluniatik Estatu frantsesera alde egin zuten, errepresio frankistarengandik ihesi. Exodo masibo horrek Erretirada izena hartu zuen, eta jende saldo horren artean euskaldunek kolektibo jendetsua osatu zuten, baita arrasatearrek ere.

Baina aldameneko herrialdearen ongietorri abegikorra jasotzetik urruti, Gobernu frantsesak espresuki Estatu espainoletik joandako errefuxiatuentzat sortutako barneratze zentroetara eraman zituen errepublikanoak, gehienak hondartzetara, Argeles-sur-Mer iparraldera kasu.

1939ko otsailaren 5ean Gobernu frantsesak mugak ireki zituen, ordura arte itxita egon baitziren. «Orduan, jendea multzoka sartu zen. Gizonezkoak zelaietara eraman zituzten eta emakumeak eta haurrak libre utzi zituzten. Hondartzetara bideratu zituzten hasieran eta gero hondartza horietan barneratze zelaiak sortu zituzten», azaldu du Josu Chueca historialariak. Beranduago, emakumeak eta haurrak ere zelaietara sartu zituzten, gizonezkoekin batera.

Errefuxiatuak samaldaka iristen zirenez –Argeles-sur-Mer, Saint-Cyprien eta Le Barcares zelaietan 200.000 gizon zeuden otsailaren bukaeran– Gobernu frantsesak zelai gehiago eratu behar izan zituen departamendu ezberdinetan.

Gurs izan zen horietako bat. «Eusko Jaurlaritzak errefuxiatu euskaldunak laguntzeko batzorde bat zuen Perpinya aldean, eta honek harremanak izan zituen Frantziako Barne Ministerioarekin eta armadarekin errefuxiatuak Euskal Herrira hurbiltzea proposatzeko», dio Chuecak.

Horren ondorioz sortu zuen Gobernu frantsesak Gurs-eko zelaia, Euskal Herriko mugatik hurbil, eta bertan sartu zuten lehenengo kolektiboa euskaldunena izan zen. «Gutxienez 6.000» izan ziren sartzen lehenengoak.

“Le camp des basques” (‘‘Euskaldunen zelaia’’) gisa ezagutzen da Gursekoa. Lohia, alanbre-hesia eta barrakoietako aterpe iragazkorrak ziren bertan nagusi. Inguru deslai horretan 19.000 pertsona bizi ziren, lau multzotan banatuta: hegazkinlariak, nazioarteko brigadetako kideak, espainolak eta euskaldunak.

Behin-behineko barneratze zelaia izan behar zuen Gursekoak, Gobernuaren asmoa baitzen bertako errefuxiatuak ahalik eta azkarren itzularaztea.

«Azken konponbidea»

Baina, behin-behineko barneratze zentroa izan behar zen hura Bigarren Mundu Gerraren iritsierarekin batera betikotu egingo zen. «Gurseko historia 1939ko apirilean hasi eta 1945era arte luzatzen da. Hala ere, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz joandako errefuxiatu gehienak 1939 bukaeran atera ziren bertatik. Asko Espainiara edo Euskal Herrira bueltatu ziren, beste batzuk Frantzian bertan geratu ziren eta beste askok Ameriketara alde egin zuten. 1939ko irailean Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta zelaia ia-ia hutsik zegoela, berriro erabiltzen hasi ziren Frantzian atxilotzen dituzten pertsona ezberdinak bertan preso hartzeko, juduak edo komunistak, adibidez», esplikatu du Josu Chuecak.

Bertatik ateratzen ziren, Alemania naziak “Azken konponbidea” operazioa martxan jarri zuenean, tren geltokietarako konboiak, eta geltoki horietatik, “helmugarik gabeko” trenak ateratzen ziren, preso andanaz beterik. Sekula ez zen haietaz gehiago jakin.