Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Parteka dezagun

Txabi Arnalekin batera idatzitako “Torlojuak” (Elkar) liburuaren ostean hauxe dugu Edu Zelaietaren lehen sorkuntza haur literaturan. Hainbat lan euskaratu ondoren haur eta gaztetxoentzat eta helduen literaturan poeta gisa ezagun den egile honen aurreneko sor lana dugu hau, beraz, haurrentzat. Eta aurreko lan horietako eskarmentua nabaria zaio oraingo sorkuntzan, irakurlearen gozamenerako.

«Batzuetan inurriak nabaritzen zituen Ametsek sabelean. Ez zitzaion askotan gertatzen, ez; egun jakin eta berezi batzuetan igartzen zituen batez ere». Horrela ekiten dio idazle gasteiztarrak kontakizunari. Amets mutikoa dugu protagonista bere etxean gonbidatuak dituen egun batean gertatutakoak jasotzen dituen ipuin labur eta entretenitu honetan.

Amets, urduri jartzean, orduan eta langileago bilakatzen omen da. «Eta hala, nahi gabe eta espero gabe, hasten zitzaion lanean barruko inurritegia. Kili-kili hasieran; kolo-kolo, geroago. Izan ere, mutikoak ez zuen aparteko erraztasunik hitz luzeak edota zailak esateko». Eta hain zuzen ere hitz zail edo konplikatu horietako bat da liburuari izenburua ematen diona, Ametsek “anfitrioi” hitza nahastu egiten duelako “anfibio” hitzarekin, eta «anfibio gelditu naiz…».

Orain artekoak ikusita bi ondorio atera daitezke, alde batetik anfitrioiak diren aldetik gonbidatu batzuen inguruko istorioa kontatuko zaigula; bestetik, aurreko lerroetan islaturik ageri da idazleak erabilitako tonua, hizkera eta poetikotasuna. Gainera, “Matxinsalto” bildumako liburuetan ohikoa den moduan, istorioa oso kapitulu labur eta arinetan dago kontatua eta horrek, jakina, erraztu egiten du irakurketa.

Gonbidatu batzuk etorriko dira Ametsen etxera, eta ikusi ahal izango dugun bezala gonbidatu horiek beste kultura batekoak dira, Ekuadorretik gurera etorriak, alegia. Kontua da Ametsek ez zekiela «ongi nola izan behar zuen gonbidatzaile ona, bere gauzarik preziatuenen beldurrez egon gabe». Ekuadorretik etorritakoen familian bi neska-mutil daude, Gabriela eta Pablo, eta jakina, horiek Ametsen gelan sartu eta bertan zeuden jostailuekin jolasten hasi ziren. Bitxia da ondoren jazotakoaren kontakizuna; ederki imajina dezakegu Amets, ondo baino hobeto irakatsirik, neska-mutikoen estropezuak konpondu nahian, horiek hautsi, bota, barreiatutako piezak jasotzen… eta nola pasatzen duten arratsaldea gurasoek euren artean berriketan eta haurrek Ametsen gelan.

Protagonista nagusiaren egonezina, negargura edo amorrua sentituko dugu. Bai eta zein zaila den norberaren gauzak banatzea, besteei uztea zurea dena, zure jostailua (edo maite eta estimatzen duzun hori) besteen eskuetan ikusteak sortaraz dezakeen urduritasuna. Eta hori dena haur baten ikuspuntutik azaltzen zaigu. Ametsek, Gabriela eta Pablo joatean, gurasoei adierazten die sufritu duena. Aitak, orduan, horretan, beste gauza askotan bezala, ikasi egiten dela adierazten dio Ametsi. Anfitrioia izaten, esaterako; «kontu horretan, beste hainbatetan bezala, praktika izaten da inportanteena benetan trebatzeko. Pausoz pauso egiten da bidea, baita anfitrioi ona izatekoa ere». Semeak, aldiz, zera pentsatzen du: berak ez duela berriro “anfibio” izan nahi… harik eta hurrengo bazkaria “haien” etxean izango dela jakin arte.

Istorio xume eta entretenigarria da Amets anfibio hau; kontu askori buruzko gogoeta egitera bultza gaitzakeena (migrazioak, kultur aniztasuna, norberarena partekatu beharra…), baina, era berean, arin irakurtzen den kontakizuna dugu. Irakurleak salto txikiak emanez, Ametsen etxeko txokoetatik pasatuz, une atsegina igaroko du, eta irakurketa horretan iradokitzaileak izango zaizkio Eneko Ugarteren irudiak, errealistak baino iradokitzaileagoak direnak nahiz eta ongi islatu testuak dioena.

Hasieran adierazi bezala, haur literaturaren sorkuntzara Edu Zelaietak eginiko lehen ekarpena dugu liburu hau; etorriko ahal dira beste batzuk atzetik!