FEB. 11 2019 Eskalada «Century Crack»-en hirugarrena Danny Parker-ek sinatu du Ameriketako Estatu Batuetan dago munduko «offwidth» gogorrena (8c), eta eskalatzaile estatubatuarrak hiru urteko lan eskerga behar izan du «Century Crack» kateatu ahal izateko. Etxean eraikitako artesi batean urtebeteko entrenamendu berezia egin du. Andoni ARABAOLAZA Gure ingurumarian artesien munduak ez du eskalatzaile asko erakartzen. Batez ere, muturreko zailtasunari dagokionez. Oro har, espezialista handienak Ameriketako Estatu Batuetan zein Erresuma Batuan aurkitzen ditugu. Hauek guztiek ia ikusezinak diren milimetro gutxiko zabalera duten zirrikituetan hatzak eta oinak jartzen dituzte. Azken bolada honetan, adibidez, bi berri azpimarragarri jaso ditugu. Biak ala biak joan den azaroan izan dira. Carlo Traversi estatubatuarrak Beth Roddenek 2008. urtean Yosemiten kateatutako “Meltdown” bidearen (8c+) lehen errepikapena egin zuen. Lonnie Kauk-ek, berriz, “Magic Line” (8c+) berriro igo du baina autobabeserako tresneria jartzen. Gogoratu behar dugu marra hori bere aita Ron Kaukek 1996. urtean zabaldu zuela. Artesien munduko bi adibide besterik ez dira; muturreko zailtasunekoak. Baina bada artesien beste diziplina bat aipatutakoarekin harremana bai, baina zerikusi gutxi duena. «Offwidth»-a da, eta lasai asko aitor genezake eskalatzaile askori beldurra eragiten dien izena dela. Eskalatzeko artesi zabalak dira; agian, zabalegiak. Eta horietan guztietan egiten diren mugimenduak “bitxiak” dira oso. Une jakin batzuetan buruz behera eskalatzen dute; besteetan, berriz, gorputza erabat itsatsita. Hitz batean esanda, mugimendu “bitxi” horiek menderatzeko espezialista handia behar da izan. Eta horietako bat Danny Parker dugu. Gaztea da, soilik 27 urte ditu, baina joan den urrian offwidth-en artean dagoen gogorrena, “Century Crack”, kateatu zuen. Hirugarren igoera sinatu du. Diotenez, munduko zailena da (5.14b edo 8c), eta, espezialistek, berez, munstro bat bezala aurkezten dute. 40 metro luze den marra hori Canyonlands-etan (AEB, Utah) dago, eta era askean sinatu zuten lehen bi protagonistak Pete Whittaker eta Tom Randall izan ziren. Hori 2011. urtean gertatu zen, baina aurreratu behar dugu Crusher Bartlett izan zela bide hori “asmatu” zuena. 2001ean izan zen, eta artifizialean (A1) igo zuen. Nahiz eta egun “Century Crack” izena hartu duen, Bartlettek “Chocolate Starfish” deitu zion. Bestalde, gogoratu behar dugu Stevie Haston izan zela offwidthen artean mamu bezala hartu den marra hori era askean igotzeko xedea aurkeztu zuena. Baina asmo hori bertan behera utzi eta “Wideboyz” bezala ezagunak diren Whittaker eta Randallek puntu gorria jarri zioten. Horretarako, bi urteko ekinaldiak behar izan zituzten egin. Parkerren jarduera hau ezagutu bezain laster, Randallek zera esan du: «Aspalditik ezagutzen dut Danny, eta konturatu naiz offwidthen mundua bihotzean daramala. Gauza zabal hauei buruz hitz egiten duzunean, Dannyren begiek dir-dir egiten dute. Horrek erakusten dit ‘Century Crack’-ek pasioa zein dedikazioa eskatzen dizula». Randallen hitz horiek irakurri ondoren, ez gaitu ezustean harrapatzen Parkerren jarduera honek. Eta ez gaitu ezustean harrapatu, besteak beste, goi mailako artesi zabal baten batzuk kateatu dituelako: “”Gabriel (5.13c, Zion) edo “The Forever War” (5.13, Vedauwoo). “Century Crack”-en saioak egiteko Ashley Cracroft bikotearekin hurbildu zen. Parkerrek ametsa lortu zuen; emazteak, berriz, ez. Baina diotenez bide horren lehenengo igoera femeninoa egiteko hautagai indartsuenetarikoa da. Parkerrek, bederen, lan eskerga egin behar izan du; denera, hiru urte eskatu dio. Tartean entrenamendu espezifikoak egin ditu, eta, aurreratu dugun bezala, joan den urrian, “Century Crack”-en hirugarrena sinatu zuen. Hori bai, eskalatzen ari zen bitartean autobabeserako tresneria guztia jartzen jardun zuen. Hiru urte Whittaker eta Randallek “Century Crack” lotzen zuten bitartean, lerrootako protagonista eskalada tradizionalean lehen urratsak egin zituen. 2011. urtea zen, eta Parkerrek ezin zuen imajinatu ere egin zazpi urte beranduago munduko offwidth zailena patrikara eramango zuenik&bs;: «2011. urtean, 5.9 zailtasuna duen ‘Firestarter’ izeneko nire lehenbiziko offwidtha probatzen ari nintzen. Une horretan Wideboyz-eko bi kideek ‘Century Crack’ eskalatu zuten. Nire proiektuarekin asko gozatu nuen, eta ‘Century Crack’-ekin amesten hasi nintzen. Urteen poderioz, eskarmentua hartzen joan nintzen. Azkenean, xede hori amets absurdo bat izatetik errealitate bihurtu zen». Jakina, egoera horretara heltzeko zailtasun handiko offwidthak sinatu behar izan zituen. Eta eskalatzailearentzat “Gabriel” bidea mugarria izan zen: «Marra hori niretzat oso inportantea izan zen. Tresneria egokiena biltzea lortu nuen, eta horrek bide horrek dituen paraboltak ez erabiltzeko aukera eman zidan». Parker motibatuta zegoen, eta “Century Crack” probatzera ausartu zen. Ausartu bai, baina protagonistak onartu duen bezala, izerdi franko bota behar izan du; izan ere, hiru urteko lan eskerga eskatu dio. Une jakin batzuetan, helburua bertan behera uzteko zorian egon zen. Baina, zorionez, Wideboyz-eko Whittaker eta Randallen “laguntza” iritsi zen. Gogora dezagun eskaladaren diziplina ezberdinetan jarduten duten lehen lerroko eskalatzaileek entrenamendu espezifikoak egiteaz gain, probatzen ari diren proiektuen simulazioak etxean edo rokodromoetan antolatzen dituztela. Whittaker eta Randallek ere gauza bera egin zuten “Century Crack” gainditu ahal izateko. Eta Parkerren asmoak ezagututa, gauza bera egin zezala aholkatu zioten: «Nire kide horiek bezala, etxeko garajean bidearen erreplika bat eraiki nuen. Denera, entrenamendu horrek urtebete iraun zuen. Erresistentzia eta potentzia asko lantzeaz gain, izaera ezberdinetako beste saio batzuk egin nituen. Batzuen batzuk, mugimendu bihurriak eta okerrak indartzeko. Entrenamendu fase horretan Tom atzetik izan nuen. Saio bakoitza apuntatzen zuen, eta, beraz, presioa sentitu nuen. Etxean eraikitako offwitdha eskalatzen nuen bakoitzean, hareaz betetako poltsak gerritik zintzilikatzen nituen. ‘Century Crack’ eskalatzeko arnesean zintzilikatzen den tresneria oso pisutsua da: 6 kilo baino gehiago». Urtebeteko entrenamendu saioek behar adinako sasoia eman zioten. Bitartean, Parker “Century Crack”-en sekzioak lotzen hasi zen. Hori menderatu ostean, pronto zegoen azken ekinaldiei ekiteko. Xedera berriro itzuli eta lehen saioan “Century Crack” kateatu zuen: «Tomek dioen modura, offwidthen artean munstro bat da; amets basatia bilakatzen dena. Sabaiaren azken metroetan asko sufritu nuen; izan ere, leku horretan artesia oso zabala da. Eta, beraz, esfortzu gehigarri bat behar duzu egin. Oro har, eskalatzaile askok ez dituzte artesi zabal hauek maite. Bueno, haietan egiten diren mugimendu bereziak. Nik, aldiz, gozatzen dut. Offwidthek eskatzen duten estilo gimnastiko zein tridimentsionala niretzat oso atsegina da. Onartzen dut borroka berezia dela, baina ni, bederen, eroso sentitzen naiz. Nahiz eta batzuetan publikoki ez esan, ero samarrak garela pentsatuko dute». ENTRENAMENDUA Bideari puntu gorria jarri zioten Pete Whittaker eta Tom Randallek bezala, 27 urteko eskalatzaileak bidearen erreplika bat etxeko garajean eraiki zuen. Denera, urtebeteko saio espezifikoak egin zituen. EROSO Parkerrek adierazi du, eskalatzaile ia gehienek ez bezala, artesi zabal horietan gozatu egiten duela. Eta gehitu du estilo gimnastiko eta tridimentsional hori oso erakargarria dela. «CENTURY CRACK» Danny Parker eskalatzaile estatubatuarrak Utah-n dagoen offwidth horren hirugarren igoera egin du. 8c zailtasuna du, eta munduko gogorrena da.