FEB. 13 2019 Otsailaren 26an greba egingo dute EAEko eskola jantokietako langileek Hezkuntza Saileko sukalde-langileekiko homologazioa lortzea da eskola-jantokietako enpresa pribatuetako langileen aldarrikapen nagusia. Azken bi urteetan hamabost bider batu da negoziazio-mahaia, baina langileentzat ez dira aski enpresak eginiko proposamenak. GARA BILBO Eskola-jantokietako enpresa pribatuetako langileek greba egingo dute otsailaren 26an. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek iragarri dute geldialdia, eta honekin merezi duten hitzarmena lortzeko borrokan segituko dutela jakinarazi nahi diete «euren lan baldintzen gainbehera eragin duten enpresa arduradunei eta okerrera egin duen zerbitzu publikoaren ardura duen Jaurlaritzari». Bi urteotan negoziazio-mahaia hamabost bider bildu dela esan zuten sindikatuek atzo Bilbon eginiko agerraldian, eta beraien hausnarketa nagusia da patronalek mahai gainean jarritako proposamenek ez dituztela aintzat hartzen langileen aldarrikapen nagusiak. Horietariko bat da, hain justu, Hezkuntza Saileko sukalde-langileekiko homologazioa lortzea. Enpresak eginiko planteamenduaren barnean, soldata igoera jaso dela adierazi zuten, baina homologazioarekin loturarik ez duena. «Igoera horiekin 2015eko homologazio maila berean geratuko ginateke». «Ez dugu aurrera egiten, pobrezian kateatuta jarraitzen dugu», kexatu ziren ordezkariak. Ratioak hobetzea, gutxieneko lanaldiak finkatzea «kontratu batzuk egunean 50 minutukoak direnean», aldizkako langile finkoak onartzea eta eginkizunak zehaztea dira patronalek ukatzen dizkieten zenbait eskaera. «Jantokiaren garapen egokirako beharrezkoa den edozein funtzio» bete behar dutela esan diete eta salatu zuten funtzionamendu hori 2000. urtetik mantentzen dela: «Honen bidez Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan egin izan dituen murrizketa guztiak jantokietako enpresa pribatuetako langileek osatu dituzte». Eta kexu dira enpresak ez dituelako bere gain hartu ardura jakin batzuk. «Zein da horien rola?», galdetu zuten.