Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Datorrena!

Sare sozialetan adituak ohartarazten ari zaizkigu tentuz ibiltzeko ultraeskuinaren mezuak daramatzaten bideo edo txioak zabaltzearekin. VOX, Ciudadanos eta Casadori entzuteak demokrazia eta giza eskubideak errespetatzen dituztela narda eragiten badigu ere, hobe ez sakatu ‘birbidali’, are gutxiago erantzun, gauza bakarra lortzen baitugu: birala bihurtzea, trending topic, edo, okerrago, haiei kanpaina egitea.

Orain, apirileko hauteskunde orokorrei begira, denetik entzungo dugu. PSOE harro agertuko da esparru “feministan” eta homofobiaren kontrakoan lorturikoez, baina kontu handiz gordeko du beretzat hondamendira eraman gaituen –emakumeok gehiago– lan-erreforma hasi zuela, edo 1993an, gehiengo absolutua zuenean, ez zuela abortuaren gaineko legerik behar bezala egin. Geuk, baina, ez dugu ahanzten; hortaz, ez diezagutela kontatu ipuin merkerik ultraeskuinak eragiten duen beldurrari etekina ateratzeko.

Bitxia, baina ez ustekabekoa, hainbestetan bezala, feminismoa bihurtu izana kanpainaren ardatz. Batzuek Genero Indarkeriaren Lege Integrala deuseztatu nahi dute; izan ere, patriarkatua eta indarkeria matxista, klima-aldaketa legez, irudikeriak omen. Xenofobiak, bere diskurtsoan, migratzaileen aurkako gorrotoa eta bortxa ere areagotzen ditu, guk geuk iraganean emigratu ez bagenu bezala, orain ariko ez bagina bezala. Bada, zer ari da egiten Alderdi Sozialista? Pertsona horiek Mediterraneoan hil daitezen utzi.

Zoritxarrez, nago datorren kanpainan gai horien gaineko informazio-moldea ez dela aldatuko, sistema kapitalista honetan beti emango diotelako lehentasuna share-ari, klikei eta diruari, eta ez herritarroi zor diguten erantzukizunari. Feminismoak lan eskerga du egiteko, berebiziko garrantzikoa, faxismoaren aurka. Munduan, oraintxe bertan, ez dago halako mobilizazioa eragiten duen mugimendurik, kaleak hainbeste betetzeko gauza denik matxismo, arrazismo eta klasismoari aurre egiteko, hauteskundeetan erabakiko diren kontuak guztiak.

Feministok ez dugu beldurrik, eta ez dugu atsedenik hartuko sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista hau garaitu arte, neofaxismo hau betiko lurperatu arte. Horregatik dituzte beren programetan emakumeoi buruzko hainbeste proposamen, denak gu zaintzapean izateko: geure gorputzez erabakitzeko eskubidea debekatu, generoa edozein ekuaziotik baztertu, matxismoa indarkeria-iturri gisa ukatu… horrela patriarkatua hazi eta hazi egin dadin.