FEB. 23 2019 EUSKAL HERRIKO KOPA «Gure» futbolaren bilgune izan nahi du txapelketak Maiatzetik abuztura jokatuko da Euskal Herriko Koparen 9. edizioa. Amaia U. LASAGABASTER Maiatzean jarriko da martxan, baina Euskal Herria Kirola-k atzo aurreratu zituen Euskal Herriko Koparen 9. edizioaren xehetasunak. Antolatzaileekin batera, parte-hartzaileen hainbat ordezkari eta finala hartuko duen Lagun Onak taldeko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak ere izan ziren Bilboko Kafe Antzokian emandako prentsaurrekoan. Aurreko urteotan jorratutako ibilbideari jarraituz, txapelketak euskal futbolaren bilgune izan nahi du eta hortik abiatuta aukeratu dute aurtengo leloa, «Gurea!». Gure kirola, gure txapela, gure selekzioa... Ez da kasualitatea ere selekzioak orain dela urte eta erdi Ipuruan jokatutako partidaren argazkia aukeratu izana txapelketaren irudi gisa. Ekainetik aurrera Munduko Txapelketa jokatuko da selekzioaren presentzia barik. Koloreak, gutxienez, bertan egongo dira, harmailetan bada ere, antolatzaileek finalerako bi sarrera zozkatuko baitituzte Kopan parte hartuko duten taldeetako jokalarien artean. Hamabi izango dira guztira, zenbait multzotan banatuta. Lehen fasean Avironek eta Genetsek jokatuko dute, alde batetik; eta Añorga, Eibar eta Oiartzunen artean sailkapenean postu baxuenetan amaitzen dutenek, bestetik. Horietan onenak final-laurdenetan hasiko du ibilbidea, aurretik sailkatutako talde gipuzkoarraren aurka, Alavesekin (Genets-Aviron kanporaketako irabazlearen aurka), San Ignacio eta Bizkerre bizkaitarrekin eta Mulier eta Berriozar nafarrekin. Irabazleek finalerdiak jokatuko dituzte Athleticen eta Realaren kontra. Jokalariekin adostuta, kanporaketa guztiak partida bakarrera jokatuko dira eta ez da luzapenik egongo. Txapelketa maiatzean hasiko da, 2. mailako denboraldia amaitu ondoren. Finala: abuztuan, Azpeitiko Garmendipe zelaian, Lagun Onaken 75. urteurrenaren ospakizunekin bat eginez. Athletic Valentziara, hobetzeko asmoarekin Athleticek Paternan (11.30) emango dio hasiera 22. jardunaldiari. 18 eguneko etenaldiaren aurretik, eta azken bi partidak berdindu ondoren, Valentzia gainditzea dute zuri-gorriek erronka, laugarren postuko borrokan bizirik irauteko, batez ere Betisek bihar Bartzelonaren bisita hartuko duela kontuan hartuta. Sasoi ezin hobean dagoen Mari Pazen kontra jokatuko dutela gogoraraziz, defentsari eman zion garrantzia Joseba Agirrek bidaiatu aurretik. «Defentsan ondoen dabilen taldeak asko izango du irabazita», azpimarratu zuen. «Etenaldira hobeto heltzeko», hala ere, beharrezko hobekuntza ez da defentsa-lanetara mugatzen, aurreko partidetan (Real, Betis) «atzean bigunegiak izan eta aurrean eraginkortasun puntu baten falta izan» ondoren, aitortu zuen entrenatzaileak. Realak bihar hartuko du Madril Zubietan. A.U.L.