FEB. 23 2019 HAUR LITERATURA Lagun zaharraren berria Lore AGIRREZABAL Tomi Ungerer ezagutzen dutenei aurten “lagun zahar” bat galdu dutela irudituko zaie agian, otsailaren 9an hil baitzen idazle eta ilustratzaile handia (Estrasburgo, 1931 - Cork, 2019). Haren berri ez dutenek, ordea, “lagun berri” bat ezagutzen hasteko aukera paregabea dute liburu honekin. Iaz argitaratu zuen Pamiela-Kalandrakak “Lagun berriak” album ilustratua. Egia esan, kostata, baina euskal irakurleok azkenean lortu dugu liburu zoragarri hori gurean irakurtzeko modua. Izan ere, joan den mendeko 90eko hamarkada amaieran argitaratu zen; hain justu, Ungererrek haur eta gazte literaturako saririk preziatuena, Hans Christian Andersen Saria (1998) eskuratu zuen garai bertsuan. Irakurleontzat, ordea, sari estimaturik bada, hori Ungererrek idatzi eta ilustratutako liburuak esku artean izatea da, kalitatezko haur-literatura baita berea; haurrak inozotzat hartzen ez zituen ume handi baten sorkuntza-lana. Helduentzat nahiz haurrentzat sortzerakoan bere-bereak zituen umoreaz eta satiraz baliatzen zen, eta, bere argitalpen askok liburu ilunen jantzia izan arren, haiek irakurriz eranzten den istorioa beti da gozoa eta umoretsua. Horien adibide dira euskaraz ditugunak ere: “Otto: Ilaunezko hartz baten autobiografia” (Ikas, 2006), “Hiru bidelapurrak” (Kalandraka, 2007), “Zeraldaren erraldoia” (Ikas, 2011) eta hizpide dugun “Lagun berriak” (Pamiela-Kalandraka, 2018). Azken honetan, adiskidetasunaz, arrazakeriaz eta tolerantziaz mintzo zaigu egilea hitzen eta irudien bidez. Artearen indarra eta balioa nabarmentzen ditu, gainera, berau baita istorio honetan pertsonen arteko harremanak harilkatzen dituena. Sorkuntza da gizakien arteko komunikazio tresna; hau da, mundu hobea eta batuagoa eraikitzeko bidea. Finean, arrazakeria baztertzeko eta aniztasunaren alde egiteko mezua irakur daiteke lerro artean. Protagonista Rafi da, Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorritako familia bateko haurra. Etxez aldatu dira eta etorri berria denez, oraindik ez du bere urtebetetze egunean festara gonbidatzeko lagunik. Baina gurasoek oparitutako erreminta berriei esker, bere lagun propioak egitea erabaki du; birziklatutako materialak erabiliz irudi bereziak sortzen hasi da. Rafiren panpina erraldoiek bere bizilagunaren arreta erakarriko dute. Ki da bera, Asiako bikote baten alaba. Liluratuta utziko du Rafiren lanak, baina bere ekarpena ere egin nahi du eta josteko duen aparteko trebeziarekin izaki bitxi haientzako arropak diseinatzen hasiko da. Horrela, sormenak eta sortzeko grinak batuta, lagun min bilakatuko dira Rafi eta Ki. Bistan da hitz-jolasak gustuko zituela Ungererrek, “rafiki” hitzak laguna esan nahi baitu swahiliz. Istorioaren hasiera baino ez da hori, izan ere, adiskidetasuna bezain emankorra da biek duten sortzeko beharra, eta berehala jo beharko dute beste leku batzuetara (zabortegira, besteak beste) material bila. Konturatzerako, sekulako dimentsioa hartuko dute bien artelanek eta ingurukoen arreta piztuko dute; haur asko gerturatuko zaizkie. Auzoko zenbaitengan, ordea, bikotearekiko mesfidantza eta inbidia areagotu baino ez du egingo jarduera horrek guztiak, etorkinak izateaz gain, zabor bila aritzen baitira. Zorionez, Rafi eta Ki beste horiek baino gizatasun handiagokoak dira eta bidean topatuko dituzten arrazakeria eta intolerantzia ukituko traba guztiei aurre egiteko gai izango dira gehien gustatzen zaien horri helduz: artea eta sorkuntza. Beste kultura batzuei lotutako topikoen atzean ezkutatzen den tolerantziarik eza eta arrazakeria kutsua salatzeko ironiaz baliatzen da Ungerer; ez da batere salatzaile zuzena, ez du kutsu moralizatzaile zurrun eta agerikorik, baina bere lan-ibilbide oparoan egin zuen moduan, istorio honetan ere indar handiz txalotzen ditu kultura aniztasuna eta besteekiko errespetua.