Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Eremu guzietan egin behar diogu aurre eskuinari

Hitzordua dugu gaur Iruñean askatasunen alde eta eskuinaren ofentsibaren kontra. Deialdi anitza gorpuztu da, zorionez, erasoek halaxe eskatzen dutelako. Ederki dakigu Nafarroan zer den eskuin gogorrenen nagusitasuna, 1936ko uztailetik haien menpeko sistema politikoak nozitu ditugulako, kate horren azken bertsioa –«erregimena» deitu dugun mamu hori– oraindik desegin ez dugularik, bidean bagaude ere. Urteak daramatzagu eskuin horri aurre egiten, eta jendartetik instituzioetara iritsitako aldaketa horren isla da. Eta orain agerikoa da ahaleginak areagotu beharko ditugula, irabazi dizkiegun espazioak berreskura ez ditzaten.

Nafarroako aldaketak alde ilunak ditu, bere mugak, bere kontraesanak, gabeziak... baita bere akatsak ere, baina esperientzia berri eta berritzailea da, Europan nagusitzen ari den eskuineratze orokorraren kontrako norabidean doana. «Luxua» da, gauzak horrela, aukera hau irekirik izatea, izugarrizko beta, askapen aukerak nonahi ixten ari diren garaian. Asko kostatu zaigun «luxua», argi esan dezagun, borroka gogor eta luzeen uzta baita. Aldaketa zerumuga partekatu baten adierazpena da eta, bidenabar, zerumuga berrien eraikuntzarako bidea. Gehiengo aurrerakoiak, feministak, subiranistak, eraldatzaileak, solidarioak, berdintasun erradikalaren aldekoak… osatzeko aukera historikoa. Demokratizazio saioa dugu Nafarroako aldaketa, demokraziaren pribatizazioa aurrera doalarik han eta hemen.

Eraikitako konplizitateak zaindu behar ditugu. Norbaitek uste du taldetxo hiperideologizatuen osaketa dela ugaltzen diren erasoen aurreko erantzuna? «Sektagintzak» ez digu lehia hau irabazteko tresnarik eskainiko: nori bururatzen zaio indarrak zatikatzea bataila handi baten aitzin? «Gehiengogintzaren» tenorea da, ez «gutxiengogintzarena». Ez da txokoetara erreplegatzeko unea, borroka eremu guzietara zabaltzeko ordua baizik. Irabaztea da helburua; kalera, beraz, beharrezkoa da eta!