Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Denboraren filtro tranpatia

Nahita higatutako margoz apaindutako hormak ditu tabernak, argazki zaharrak irudikatu nahi lituzketen argazki zuri-beltzezkoak, toki exotikoak aipatzen dituzten aluminiozko plaka estanpatuak: Boston, New York, Paris. Mahaietan jarrita, 70eko hamarraldiko look-a daraman gazte jendea, bizar oparoak, Municheko joko olinpikoetan ospetsu egin ziren Adidas oinetakoak, hawaiiar alkandorak. Inoiz galdutako munduaren souvenirrez eta modaz eraiki dugu gaurkoa. Ez daukaguna irudietan ikusirik liluratzen bagara, zergatik aldendu ginen geneukan hartatik? Nonbait irakurri dudanez, halaxe hasi zen gizakia natura margoen bidez irudikatzen: zibilizazioa naturatik aldendu zenean. Telebistan Jordi Sanchez ikusten ari naiz. Zein ondo hitz egiten duen. Ikuskizun ederra ari da izaten Proces-aren epaiketa. Kataluniako herriaren kontrako epaiketa aurpegian lehertzen ari zaio Espainiari, hain ari dira zuzen, zorrotz, zehatz, dotore, epaitu guztiak. Ez da dialektika bakarrik: ikusi duzue zein ondo janzten diren? Ez da sinistekoa. Oso bestelakoa zen geu epaitzen gintuztenean: dena zen zatar, dena zen arbuiagarri, dena zen gogaikarri. Orain, hori guztia jada iragana den honetan, apasionagarri iruditzen zaizkigu epaituen irmotasuna, hunkituta estutzen diren ukabil altxatuak. Ez dakit zuei, baina niri zerbaitek krak egiten dit.