A. G.
DELTECO GIPUZKOA BASKET

Matic Rebec iritsi berriak «taldeari maila mantentzen» lagundu nahi dio

Mediku azterketak gainditu eta jendaurrean agertu zen atzo aurrenekoz Matic Rebec, Delteco Gipuzkoa Basketek denboraldia amaitu arterako fitxatu duen jokalari berriak. Oraindik taldekideak eta entrenatzailea ezagutzeke, esloveniarrak GBCri «maila mantentzen» lagundu nahi dio.

«Pozarren nago hona etorrita. Badakit zein den taldearen egoera, baina oraindik taldekide eta entrenatzailearekin egon behar dut nigandik zer nahi duten jakiteko. Egoera zaila izanagatik, nik uste oraindik salbatzerik badaukagula», esan zuen Rebecek.

ACB Ligan jarraitzea

Liga Adriatikoa amaitzeko hiru bat jardunaldi baino ez dira falta. Hala, Gipuzkoa Basketeko jokalari berri honen motibazioetako bat «jokatzen jarraitzea» da, ACB Ligan burua erakusteaz gain.

«Hemen 14 jardunaldi falta dira oraindik. Horrez gain, ACB Liga da Europako indartsuena eta Esloveniako jokalari askok probatu dute hemen aurretik. Sekulicekin hitz egin ahal izan dut eta aitortu dit taldea une zaila pasatzen ari dela, baina gustatuko litzaidake datorren urtean Donostian ACB Ligan jarraitzea», amaitu zuen joko antolatzaileak.