MADDI ARANA
GUTUNAK

Inpotentziaren indarra

Pasa den astean, Gipuzkoako Aldundiak antolatuta, “Feminismoa 4.0” nazioarteko kongresua izan zen Tolosan. Hasiera batean mesfidantza puntu batekin jaso nuen berria, baina etxe ondoan izanik ezin nuen aukera galdu. Programaturik zeuden hizlariak ezin hobeak ziren eta ilusioz beterik joan nintzen bertara.

Hasi eta zaplaztekoa. Jardunaldiei hasiera emateko Olatz Peonek eta Markel Olanok hitz egin zuten. Baina euren agendetako beste eginkizun batekin nahastu eta, jardunaldiei merezi zuten hasiera eman beharrean, «mitin» politiko bat izan zen entzun genuena: berdintasun politikekin egindakoa, lortutakoa... eta nik buruan neukan bakarra: «Nola da posible Irun eta Hondarribiko alardeetan edo Tolosako zenbait elkartetan emakumeen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez direla jakinda ezer ez egitea eta aldi berean horrelako jardunaldi batzuk antolatu eta euren eginkizunaz harro daudela entzun behar izatea?».

Beste horrenbeste, Miren Elgarrestak hitza hartu zuenean. Izan ere, Rosa Cobok argi utzi zigun feminismoa genetikoki inkonpatiblea dela kapitalismo eta neoliberalismoarekin, eta honen aurrean Mirenen aurpegiak nolabaiteko harridura eta ezadostasuna erakutsi zigun. Baina zer espero zenuten? Bertan geunden guztiok ikasteko antolaturiko jardunaldiak izan ziren? Edo botoak lortzeko era tamalgarri bat?

Hala ere, hasiera horretan sentitu nuen inpotentzia guztiz eraldatu zen hizlarien ideia sendo eta garbiekin, eta jardunaldietatik inoiz baino ilusionatuago eta indartsuago atera nintzen. Eskerrik asko hizlari guztiei, nire inpotentzia indar bihurtzeagatik.